Itzuli orri osora
Aphrodite's Child, 2.500 urte beranduago
vie, 01 dic 2006 18:26:00 +0100

Zezen zuriak Europa berriz bahitu zuen 60ko hamarkadan: Aphrodite's Childeko greziarrek kontinentea konkistatu zuten pop psikodelikoaren eta rock progresiboaren bidez.

Eneas Afroditaren semeetako bat izan zen, edertasunaren eta maitasunaren Jainkosaren semea. Umea artzain batzuek hezi zuten bost urteak bete arte, aitak hirira eraman zuenean. Denborarekin, Troiako heroi kementsuena izatera heldu zen Eneas.

Bi milurteko eta erdi beranduago, Eneas greziar Olinpoan berpiztuko zen berriz ere heroia izateko. Baina oraingoan, Olinpo musikala izan zen. Hirurogeiko hamarkadako Grezian, orduko greziar talde garrantzitsuena osatu zuten hiru gaztek: Aphrodite's Child. Eta greziar klasikoaren ordez, gerlarien hizkuntza berria: pop psikodelikoa eta rock progresiboa.

Bi heroi heleniarren parte hartzeak zeresan handia izan zuen fundazioan, garaiko heroiena noski: Demis Roussos abeslari eta gitarrista (Alexandrian jaioa, 1946an) eta Vangelis Papathanassiou konpositore eta teklista (Volosen, 1943an jaioa), gerora Carros de Fuegoren soinu bandagatik Oscar baten irabazlea.

Vangelis ere, Zeus zen, taldeko Zeus. Laukoteko izarra eta instrumentista jaioa, aurretik The Forminx pop taldeko partaide izandakoa. Proiektu hori 1967an utzi zuen Afroditaren familiara pasatzeko. Aphrodite's Child urte horretan sortu zen, Vangelis Roussosekin elkartzean. Demis Roussos We Five taldetik zetorren abeslaria zen. Laukotea beste bik osatu zuten: Anargyros Koulouris gitarristak eta Atenaseko Lucas Sideras bateriak. Azken honek ez zuen zorterik izan: taldea utzi behar izan zuen Phillips etxeak lehen singlea grabatzeko Parisera deitu zituenean. Zerbitzu militarra egiten zegoenez, Anargyros ezin izan zen Greziatik atera.

Eta bigarrengoz, Europa bahitu zuten. Oraingoan, ez zezen zuri bihurtutako Zeusek, baizik eta "Rain and tears" Johann Pachelbelen kanona erreferentziatzat zuen konposizioaren bitartez. Gainerakoa, Demis Roussosen ahotsak egin zuen. Arrakasta, kontinente osoan zehar.

Lehen LPa aldiz,1968an atera zuten, End of the world. Pop psikodeliko disko bikaina, "Rain and tears" barnean izateaz gain, "Don't try to catch the river" moduko gaiak zituena.

Urtebete beranduago, bilduma berria argitaratu zuten: It's five o'clock. Vangelisen konposizio ahalmenak agindu zuen berriz ere, "Such a funny night" moduko mirariak sortuz, baita "It's five o'clock" bera ere. Siderasen lana zen "Let me love, let me live" singlea barne zihoan.

Jainkoen Olinpora heltzeko zenbat urte behar diren ez du inoiz inork jakin. Baina hirurogeiko Afroditaren semeek, Aphrodite's Childekoek, hiru urte baino ez zuten behar izan. Lapsuseko hiru urte, eta Anargyros Koulouris gitarristaren itzulera 666 maisulana ateratzeko. Tontorrera jauzia. Sutik sortutako sumendira? Ezen Donibaneren Apokalipsian oinarritu baitziren rock progresiboko disko kontzeptual bikoitza konposatzeko. "Break" singlea barnean zihoan, taldea dagoeneko separaturik egon arren arrakasta nabarmena jaso zuena. Edo Inkisizio sua ote? Izan ere, piezak izandako zentsurak, Irene Papas antzezle greziarraren soinu pornografikoak zituena, difusiorako publizitate gehigarria izan baitzen.

Edozelan ere, arrakasta sugarraren ostean, izan zena izateari utzi zion taldeak. Vangelis eszenatik aldendu zen entzute handiko soinu-bandak konposatzeko, eta Demis Roussosek ere arrakasta lortu zuen bakarlari moduan, Vangelisen kolaborazioarekin askotan. Musika estiloa baina, ez zen berriz ere bera izan.