Itzuli orri osora
Alice Cooper, Glam Rockaren eta Glam Metalaren aintzindari
vie, 09 jun 2006 18:26:00 +0200

Predikari baten seme hau izan da rocka eta antzezpena eszenatokien gainean batzen lehena. Bere kontzertuetan makillatu egiten da, bere buruari itxura maltzurra emateko, eta ezinegona eragiten duten hitzak eta antzezpen zirikatzaileak dira nagusi; hilketak irudikatzen ditu, gillotina eta aulki elektrikoa erabilita, eta suge handiren bat ere erabili du behin baino gehiagotan, giro ilun hori sortzen laguntzeko.

Vincent Damon Furnier (1948ko otsailak 4, Detroit) The Earwigs izeneko taldea sortu zuen umetan Phoenixen, Arizonako hiri horretara joan baitzen familiarekin bizitzera. Nerabezaroan The Spiders izena jarri zion taldeari, eta The Nazz bihurtu zuen geroago.

Vicent Furnierrek (abeslaria), Dennis Dunawayek (baxu-jotzailea), Neal Smithek (bateria-jotzailea), Mike Brucek (gitarrista) eta Glen Buxtonek (gitarrista) osatutako taldea oso ezagun egin zen Phoenix inguruan.

Behin, Furnier ouijarekin ari zela XIX. mendeko sorgin baten espirituarekin harremanetan jarri zen. Alice Cooper izeneko sorgin horrek bere berraragiztapena zela esan zion. Gertatutakoaz harrituta, Detroiteko abeslariak taldeari The Alice Cooper Band izena jartzea proposatu zion. Era berean, Alice Cooper hartu zuen izen artistikotzat Furnierrek.

Garai horretan, bestalde, boskotea Kaliforniara joan zen bira bat egitera. Frank Zappa ekoizlea harrituta geratu zen taldeak ekainitako emanaldiekin eta Straight Records diskoetxearekin sinatzea proposatu zien. Diskoetxe horrekin bi lan kaleratu zituzten: Pretties for you (1969) eta Easy Action (1970). Diskoek ez zuten arrakasta handirik lortu eta, Detroitera bueltatu zen taldea.

Hiri horretan, Bob Ezrin ekoizlearekin Love it to death (1971) grabatu zuten Warner diskoetxearentzat. Garai hori oso arrakastatsua izan zen bandarentzat eta, disko hauek kaleratu zituzten, besteak beste: Killer (1971), School's out (1972) (Britainia Handian diskorik salduena) eta Billion Dollar Babies (1973)(munduko disko salduenen zerrendetan lehen postua eskuratu zuen).

Muscle of love Alice Cooper Band taldearen azken lana izan zen. Vincent Furnier bakarkako bideari ekin zion eta 1975. urtean eta, Alice Cooper izen artistikoarekin, Welcome to my nightmare merkaturatu zuen.

70eko hamarkadaren bukaeran alkoholarekin arazoak izan zituen eta Cooperren ibilbide musikalak geldiune bat izan zuen. 1978an, behin sendatuta, From the inside merkaturatu zuen. 80ko hamarkadan Constrictor (1986) eta Trash (1989) lanek lehen postua lortu zuten AEBetako zerrendetan. Ondoren kaleratutako diskoak, Hey Stoopid (1991), The last temptation (1994), Brutal planet (2000), Dragontown (2001), Alice Cooper Liver (2001), The Eyes of Alice Cooper (2003) eta Dirty Diamonds (2005) Alice Cooperrek musika egiteko duen gaitasunaren erakusle dira.