Itzuli orri osora
Björk, pop esperimentalaren ordezkari nagusia
vie, 02 jun 2006 18:25:00 +0200

Björk azken urteotako abeslaririk onenetarikoa da. Artistak duen konposatzeko, abesteko, izateko eta adierazteko erak bakarra egiten du musika munduan.

1965eko azaroaren 21ean jaio zen Björk Gudmundsdottir Reikiaviken, Islandian. Haurra zela Bjorkek musika klasikoa eta, pianoa eta flauta instrumentuen ikasketak egin zituen. Hamaika urte zituela, bestalde, Björk (1977) kaleratu zuen Islandiako artista gazteak, salmenta bikainak lortu zituen lana.

Nerabezaroan abeslaria punk mugimenduan sartu zen bete-betean eta, 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran Exodus, Spit and Snot eta Jam taldeetan hartu zuen parte. 1993an Miranda diskoa argitaratu zuen Tappy Tikarras punk taldearekin.

Lan horren ondoren, Björkek KUKL taldea sortu zuen eta pop, rock, jazz eta gotiko estiloak nahasi zituen. KUKLeko hainbat kidek The Sugarcubes osatu zuten 1986an, Islandiako abeslaria nazioarte mailan ezagun egin zuen banda. Thor Eldon gitarristarekin ezkondu zen Bjork 1986an eta, urte berean, semea izan zuen. Life too good (1988), Here today, tomorrow next week (1989) eta Stick around for joy (1992) lanei esker, bestalde, oso ezaguna egin zen taldea.

Garai horretan, abeslariak house eta dance-pop estiloak nahasi zituen Nellee Hooper (Soul II Soul taldeko kidea) ekoizlea ezagutu eta gero. 1993an Debut kaleratu zuen, besteak beste, hurrengo abestiak jasotzen dituen bakarkako lana: "Human behaviour", "Venus as a boy", "Come to me", "Violently happ" eta "Big time sensuality". Diskoak kritika bikainak lortu zituen Erresuma Batuan eta, Björk musika pop esperimentalaren ordezkari izendatu zuten.

Post (1995) abeslariaren bakarkako bigarren lana izan zen. 1996an bonba-eskutitza bidali zion Björki Ricardo Lopez izeneko fanatiko batek. Lopezek ez zuen bere helburua lortu eta, bere buruaz beste egin zuen Islandiako artistaren argazkiez inguratuta.

1997an bi disko argitaratu zituen: Telegram eta Homogenic. Bi lan horiek ilunagoak ziren, abeslariak aurreko urtean bizitakoa islatzen zuten.

2000. urtean aktore lanak egin zituen artistak, Dancing in the Dark, Lars Von Trierrek zuzendutako lanean. Björkek kritika bikainak jaso zituen filmean egindako antzezlanagatik. Urte bete beranduago Vespertine argitaratu zuen, besteak beste, "Hidden Place" eta "Pagan Poetry" abestiek osatzen duten lana. Artistaren azken diskoak Greatse Hits (2003), Medulla (2004) eta Drawing Restraint 9 dira.