Itzuli orri osora
ABBA, 70eko hamarkadan disko gehien saldu dituen taldea
vie, 31 mar 2006 18:25:00 +0200

70eko hamarkadan Anni-Fridek, Agnethak, Bjornek eta Bennyk, Europako iparraldeko lau gaztek, ABBA taldea sortu zuten. Eurovision Jaialdian ezagun egin zen bandak, milioika disko saldu zituen mundu osoan zehar.

60ko hamarkadan Suediako bi musikari garrantzitsuk ABBA taldea sortu zuten: Bjorn Ulvaeus (1945eko apirilaren 25ean jaioa) Hootenanny Singerseko abeslaria eta gitarrista, eta, Benny Andersson (1946ko abenduaren 16an jaioa) Hep Stars bandako teklatu-jotzailea.

Bi musikariek Agnetha Faltskog eta Anni-Frid Lyngstad abeslariak ezagutu zituzten. Agneta Faltskog suediarrak (1950eko apirilaren 5ean jaioa) "I Was So In Love" abestiarekin lehen postua lortu zuen Suediako disko salduenen zerrendan, eta, Maria Magdalena izan zen Jesucristo Superstar Europako iparraldeko antzezlanean.

Anni-Frid Lyngstad norvegiarra (1945eko azaroaren 15ean jaioa) eta Frida ezizenekoa, berriz, jazz abeslari ezaguna zen bere herrian. 70eko hamarkadan Bjorn Agnetharekin ezkondu zen (1971an), eta, Benny Fridarekin (1978an).

Suediako ordezkariak Eurovision Jaialdian

1973. urtean laukotea Suediako ordezkaria izan zen Eurovision Jaialdian "Ring Ring" abestiarekin. Taldeak hirugarren postua eskuratu zuen, eta, abestia oso ezaguna egin zen Europa mailan. Hilabete batzu beranduago, ABBA izena jarri zioten taldeari, laukotearen inizialak batuta (Ring Ring (1973) diskoa Bjorn, Benny, Agnetha & Frida izenarekin grabatu zuten).

Izen berriarekin taldea Eurovision jaialdian aurkeztu zen, bigarren aldiz, "Waterloo " abestiarekin, eta lehenengo postua eskuratu zuen. Kantak gainera, lehenengo postura iritsi zen disko salduenen zerrendan Europako herrialde gehienetan, eta, AEBetan ere, singlerik salduenetakoa izan zen.

"S.O.S" singleak izar bihurtu zuen taldea

1975ean "S.O.S" abestia publikatu zuten (ABBA diskoan jasota dago) eta kanta hark izar bihurtu zuen banda. Era berean, "Mamma Mia", "Dancing Queen" eta "Fernando" abestiek lehenengo postua lortu zuten AEBetan.

Hurrengo urteetan, milioika diskoren salmentarekin jarraitu zuten, besteak beste, Arrival (1977) eta The Album (1978) lanei esker. "The Name Of The Game", "Take a Chance on Me" eta "Knowing me, Knowing you" abesti arrakastatsuak Lp horietan daude.

1982. urtean desagertu zen banda

1978. urtean Ulvaeus eta Agnetha banandu egin ziren, eta, bi urte beranduago, Andersson eta Frida. Dena den, taldekideen arazo pertsonalek ez zuten eraginik izan arrakasta komertzialean eta lehenengo postua eskuratu zuten Europako zerrendetan Voulez Vous eta Souper Trouper diskoei esker. Voulez Vousek "Chiquitita" abesti ezaguna jasotzen du eta Souper Trouper lanak, berriz, "The Winner Takes It All" kanta.

1982. urtean desagertu zen banda, The Visitors (1981) diskoa kaleratu eta gero.