Itzuli orri osora

Elhuyar Lubize, Joan Jose

 

J.J. Elhuyar

Joan Jose Elhuyar

Mineralogo eta kimikari euskal herritarra, jaiotzaz errioxarra (Logroño, 1754 - Santa Fé de Bogotá, 1796), jatorri lapurtarreko familia batean sortua. Errioxa eta Parisen ikasi eta Karlos III.a Espainiako erregeak ordainduriko beka bati esker, Saxonia, Bohemia, Hungaria eta Suedian metalurgiako ikasketak sakondu zituen. Bergman eta Scheele zientzialari ospetsuak izan zituen irakasle Suedian, eta, horien bitartez, wolframioaren existentziaren susmoa izan zuen. Bergarako Errege-Mintegiko laborategian, eta Fausto anaiaren laguntzari esker, wolframioa isolatzea lortu eta Análisis químico del wolfram y examen de un nuevo metal que entra en su composición idazkian ezagutzera eman zuten (1783). Erregeak bidalita Kolonbiara joan zen, meatzaritzako arduradun nagusi izendatuta. Bertan ezkondu eta hil zen.