Itzuli orri osora

Elhuyar Lubize, Fausto Fermin

 

 

Fausto Elhuyar

(Logroño, 1755 - Madril, 1833), aurrekoaren anaia. Parisen kimika eta mineralogia ikasi eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen dirulaguntzari esker, Alemania, Austria eta Hungariara jo zuen ikasketak sakontzera. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak deiturik, Bergarako Errege Mintegira itzuli zen mineralogia eta metalurgia irakastera (1781). Erakundearen aldirik distiratsuenean aritu zen bertan, baina bere ikerketek ikasleengan erantzun onik ez zutela eta, aspertu eta dimisioa aurkeztu zuen (1785). Europara jo zuen berriro ere ikasketak aberasteko asmoz, eta, handik, Ameriketara anaiaren urratsen atzetik. Mexikon, Mineralogiako irakaslea eta Meatzaritzako zuzendari orokorra zelarik, meategiak ustiatzeko Born metodoa ezarri zuen eta Meatzaritzako Errege-Mintegia sortu zuen. Mexikoko independentzi mugimendua indartu zenean, Madrilera aldatu zen, beti ere erantzukizun handiko karguen arduradun: Madrilgo Meatze-Eskolaren sortzailea eta Espainiako geologoen lehen belaunaldiaren irakaslea eta gidaria, besteak beste.