Enbatak
Euskal Herriko kostaldeko berezitasun bat dira enbatak edo galernak. Zikloi antzeko batzuk dira. Ez dira fronte bat igarotzeari lotutakoak izaten. Udaberriaren bukaeratik udazkenera bitartean izaten dira, bereziki udan. Haizea bat-batean mendebalde/ipar-mendebaldetik gogor jotzen hasten da eta itsasoa zakartzen da, tenperatura agudo jaisten da eta hezetasun erlatiboa eta presioa handitu egiten dira kolpean. Tenperatura jaits daiteke 12ºC 20 minutuan eta hezetasuna ia %100eraino igo. Haizea aldatu eta laster lainoa sartu ohi da. Arriskutsua izaten da itsasontzi txikientzat eta lurreratzen edo hegaldatzen ari diren hegazkinentzat. Normalean galerna izaten den egunetan goizetik bero izaten da, 23 eta 30ºC-ko tenperatura, baina ez hego-haize harroak jotzen duelako. Ostera, haizerik ez da izaten ia egun horietan. Presioa ez da ez handia ez txikia izaten, tartekoa baizik. Zerua oskarbi izaten da edo laino gutxirekin. Oraindik ez da ondo ezagutzen zergatik gertatzen den aldaketa bortitz hori. Badirudi lehorretik itsasorantz datorren aire-masa bero batek itsasoko aire freskoarekin topo egitean gerta litekeela. Halako batean, itsasoko aire astunak bi aire-masen arteko muga ezegonkorra hautsiko luke eta lehorreko airearen azpitik sartuko litzateke.