Itzuli orri osora

Klasikoak

Gaia: Klasikoak

Egilea: A. M. Boezio

Izenburua: Klasikoak

Itzultzailea: Boni Urkizu Arbelaitz

Editoriala: Klasikoak S.A.

Data: 1994-02-18

Gainera, bizileku extu horren barrutian bada hamaika herri bata bestearengandik hizkuntza, ohitura eta bizimoduz erabat bereiziak direnak; bideen zailak, hizkuntza desberdinek, harremanik ezak oztopatu egiten dute gizabanakoen ospea ez ezik hirien entzutea ere batetik bestera iristea. Marko Tulioren garaian, berak pasarteren batean dioenez, Kaukaso mendia trabeskatu gabea zuen artean Erromako errepublikaren izenak, eta ordurako handia zen gero, eta errespetuz begiratzen zioten Partoek eta inguru haietako herriek. Ikusten al duzu zeinen meharra eta mugatua den zabaldu nahi duzuen ospe hori? Erromaren sona iritsi ezin den lekuetara iritsiko ote da, bada, Erromako gizonen ospea? Bestalde, herrien ohitura eta legeak hain dira desberdinak, batzuek ohoregarritzat daukatena besteek zigortu beharreko jotzen dutela. Beraz, ospearen zabalkundea atsegin duenak ere ezin hedatu du bere izen ona herri askotara. Pozik egongo da bere fama beretarren artean barreiatzearekin eta, gehienez ere, herrialde bakar bateko mugen barruan geratuko da ospe hilezkorraren argi hori.