Itzuli orri osora

Onddoak, beste erreinu bat

Urte askotan zehar onddoak landareen erreinuan sartu ziren. Zelula-paretak eta espora bidezko ugalketa bereziki landareenak diren ezaugarriak dira. Baina klorofilarik ez edukitzeak eta elikadura heterotrofoak argi eta garbi bereizten ditu landareen mundutik. Onddoak berezko erreinu bat dira, eta ehun eta hogei mila espezie baino gehiago biltzen dira.

Batzuk zelulabakarrak dira, legamiak adibidez, eta, beste batzuk, zelulanitzak. Onddo zelulanitzak mizelio izeneko masa baten inguruan erantsitako filamentu zatikatuez edo hifaz osatuak daude.

Onddoen jatorria zelula flagelatuen aitzindari komun bat izan zitekeela uste da. Izan ere, zelula flagelatu horiek sufre ez organikoa edo nitrogenoa erabiltzen dute energia-iturri gisa (kimiotrofoak). Onddoek, ondoren, saprofitismorantz eboluzionatu zuten (materia organiko hilaren bidez elikatzea). Ildo ebolutibo batzuk parasito bilakatu ziren; uretatik irten ziren eta lehortzea saihestu zuten ostalariaren barruan biziz.