Zarautz

FITXA

Izena: Zarautz

Herria: Zarautz

Eskualde: Urola Kosta

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Santa Barbara mendiaren oinean dago Zarautz, zabaldi batean, itsasoari begira. Fernando III.ak sortu zuen, 1237an, kostaldean hiribilduak eraikitzen hasi ziren garaian, itsas portuak hobeto kontrolatu ahal izateko.

Auzi asko izan ditu Zarautzek auzo herriekin. Getariarekin hainbat eta hainbat, bien arteko mugak direla eta. Urtetako eta Elkanoko bizilagunekin ere gorabehera bat baino gehiago izan ditu. XVII. mendearen erditsua arte, ontziola garrantzitsuak eduki zituen Zarautzek (1620. urtean itsasoratu zuten ontziola haietan eraikitako azken ontzia).

Hirigune kale banaketa egiteko, kalerik zaharrena hartu zuten ardatz moduan (egun Kale Nagusia den hori). Gainerako kaleak paralelo eraiki zituzten: Trinidade kalea, iparraldean, eta Orape eta Zigordia, hegoaldean. Eta kale horiek zeharkatuz, beste lau kale, iparretik hegora: Ipar kalea, Azara kalea, Kiriki kalea eta San Frantzisko kalea.

Garai bateko harresia desagertu zenetik, hainbat aldaketa egin dituzte, eta, ondorioz, hirigunearen kale egitura eta banaketa asko irregularra da egun. Kale Nagusian badira zenbait ezaugarri Erdi Arokoak, Orape kalearen zati batean ere bai, eta Zigordia kalearen ekialdeko zatian, baina horietan ere izan dira aldaketak: lehen eraikin estu eta luzangak zeuden tokian, eraikin monumentalak ageri dira egun, eremu handiagoa hartzen duten eraikinak. Torre Luzea, Makazaga etxea, Portu etxea (udaletxea da egun) eta Dotorekoa etxea dira horren erakusgarri.

Hirigunea bukatzen zen lekuan, bi eraikin monumental daude: bata XVI. mendekoa da, Santa Maria la Realeko eliz parrokia, eliza eta gotorlekua izana garai batean, eta, bestea, XVII. mendekoa, fraide frantziskotarren eliz komentua.

Kostako bidea ireki zutenean (Nafarroa kalea izena du egun), aldaketa handiak gertatu ziren hirigunean. Errepide horren iparraldean, garai bateko hiribilduaren arrasto bakarra dago, Narros jauregia, hain zuzen. Hiriguneko monumentu nagusia da eraikin hori, eta Zarautz leinuak hor eduki zuen oinetxearen gainean eraiki zuten. Zarautz leinukoak Ahaide Nagusiak ziren, eta, dirudienez, hiribildua sortu aurretik ere han bizi ziren. Leinuaren dorreari 1457an moztu zioten goiko aldea, Enrike IV.aren aginduz, eta 1536an, dorre haren hondakinen gainean jauregia eraiki zezatela agindu zuen Juan Ortiz Ganboakoak.