Segura

FITXA

Izena: Segura

Herria: Segura

Eskualde: Goierri

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Casco histórico medieval

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Segurako hiribildua Alfontso X.a Jakintsuak sortu zuen, 1256an. Oria bailararen buruan dago, muino baten gainean, Oria ibaiaren eskuinaldean. Lekua oso egokia da gune gotortu bat sortzeko. Estrategikoki, oso leku onean zegoen hiribildu berria: Nafarroako erresumaren mugan, eta Gaztelatik Gipuzkoara zetorren bide nagusienetakoa (San Adriango errege bidea) pasatzen zen lekuan. Horren ondorioz, Segurak bilakaera handia izan zuen Erdi Aroan, eta hirigunea asko handitu zen. Gipuzkoako hiribildu garrantzitsuenetakoa izan zen bere garaian, eta horren adierazgarri dira Seguran dauden arma etxe eta jauregi guztiak. Erdi Aroan jo zuen goia Segurak, eta Aro Modernoan ere eutsi zion garrantzi horri.

XVI. mendetik aurrera, ordea, San Adriango errege bidea ahaztuxe geratu zen, eta Segura garrantzia galtzen hasi zen. Horrez gain, Leintz Gatzagako pasabidea hautatu zuten autoen errege bidea egiteko, eta gero Etxegarateko mendatean ireki zutenean, Segura errepide nagusien bazterrean geratu zen, eta merkataritza jarduera urritu egin zitzaion. Horri eskerrak, ordea, Segura ez zen neurrigabe handitu, eta Erdi Aroko eraikinek han jarraitzen dute (asko daude, gainera), ia jatorrizko itxura berarekin.

Hiribilduak harresia eduki zuen inguruan, eta bost sarbide edo ate zituen: Behekoa, iparrean, eta Goikoa edo Gaztelakoa hegoan. Bi horien artean igarotzen zen errege bidea, egun Kale Nagusia deitzen duten horretan barrena. Beste hiru ateak honako hauek ziren: Zeraingo biak eta Osinakoa. Eliz parrokia ere hiribildua gotortzen zuen harresiaren zati zen.

Gune historikoak balio handia du. Antolamendu erregularra du, Kale Nagusiaren inguruan. Kale hori iparretik sartzen da hirigunera, eta beste kale baten sorburu da, Unzurrunzaga kalearena, hain zuzen. Unzurrunzaga kalea gero beste bi kaletan banatzen da: Lardizabal eta Zurbano. Bi zeharkale ere badira, Zerain eta Oxina.

Hirigunearen barrualdean, etxe multzoak bi ilaratan jarriak daude, eta izkinetan, berriz, ilara bakarrean. Etxebizitza gehienek Erdi Aroko egitura bera dute (aurrealde estua eta hondo sakona), nahiz eta zenbait aldaketa gertatu diren, suteen ondorioz, batetik, eta geroztik egin izan dituzten eraikitze lanengatik, bestetik. Halaxe sortu zen San Joan Plaza, Osinako zeharkalearen inguruan: 1645ean sute handia izan zen Seguran, eta etxe multzo bateko eraikin guztiak kiskali zituen suak. Udaletxeak guztiak erosi, eta han plaza egitea erabaki zuen.

Hiriguneko etxe asko eta asko garai batean eginak dira. Ardixarra izenekoa nabarmendu behar da, Seguran dagoen zaharrena izango baita mota horretakoetan. Eraikin barroko klasizistak ere bat baino gehiago dira. Itxuraz soilak dira, harlanduz eginak eta sarbideetan arkua dutela; etxeen eta jauregien erdibideko eraikinak dira. Balantzegi, Ondarra eta Latinetxe dira adibide batzuk. Jauregi jauregia ere barrokoa da, baina apaindura gehiagokoa. Eta, horiez gain, beste eraikin batzuk ere nabarmentzen dira: Zurbano jauregia (Kultur Etxea da egun), Gebara jauregia (Gipuzkoan ez dago halako besterik), Lardizabal jauregia (udaletxea da egun; patioa du, eta ezohikoa da Iparraldeko isurialdean patiodun jauregiak topatzea), Santa Isabel komentua eta Ama Jasokundearen eliz parrokia.