Portugalete

FITXA

Izena: Portugalete

Herria: Portugalete

Eskualde: Bilbo ezkerraldea

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Nerbioi ibaiaren ezker aldean dago Portugaleteko hiribildua, bokalean bertan. Bizkaiko andreak eman zion Herri-Agiria 1322an, Maria Onak. Hainbat pribilegio ere eman zizkion, eta, horri esker, Bizkaiko merkataritza gunerik garrantzitsuenetakoa izan zen, eta Ezkerraldeko garrantzitsuena. Bilbo saiatu zen oztopoak jartzen Portugaletek ez zezan eduki bilakaera handi-handirik -ez, behintzat, espero izatekoa zen bestekorik-, baina hiribilduak lortu zuen garapenean aurrera egitea, eta antzina nekazaritzatik eta arrantzatik bizi zen gune hura, poliki-poliki, merkataritza jardueretan oinarritutako hiribildu bihurtu zen.

Merkataritza harremanak ugaritu ahala, hiribilduaren gune nagusiak behin betiko itxura eta egitura hartu zuen; itxura bitxia oso, eta guztiz ezohikoa kostaldeko eta Bizkaiko hiribilduetan. Portuaren eraginez, itsasoaren eta lehorreko lurren arteko pasabidea da hiribildua. Kai Zaharra deitzen duten inguruan, egungo eraikinen artean, ageri dira zenbait arrasto garai batean han izan zen kokagunearenak. Arrantzaleen bizitokia zen hura, eta hantxe zegoen portu txikia, itsasoaren eta lurraren artean berez sortua. XIX. mendean desagerrarazi zuten, tren geltokia egiteko.

Andra Mari, Biktor Txabarri (Erdiko Kalea zen lehen) eta Coscojales dira kale nagusiak; zeharkako kaleekin lotuak daude, eta portuaren eta lehorreko lurren arteko lotura egiten dute. Egitura horrek garbi erakusten du merkataritzari emana zegoela Portugalete. Hiribilduko gune txikia harresiz inguratua zegoen, eta bestelako defentsa-egitura batzuk ere bazituen, dorreak-eta. XV. mendetik aurrera, ordea, harresia traba eta muga bihurtu zen etxe gehiago eraikitzeko orduan, eta egun, arrasto bakanen bat baino ez da geratzen: Salazartarren dorrea izan zenaren atea (zeharkalearen mutur batean dago).

Hiriguneko eraikin gehienek bi edo hiru solairu dituzte. Behekoan dute bizilekua, eta beste solairu bat edo bi gainean. Batzuek armarria dute, eta arkua sarbidean, lerro zuzenez eginak. Eraikin multzo horiek ilara batean jarriak daude izkinetako kaleetan, eta bi ilaratan, berriz, erdikoetan.

Industrializazioak hazkunde ekonomiko handia ekarri zion Bizkaiari, eta hazkunde horrek, are aldaketa handiagoak. Portugalete ere goitik behera aldatu zen: Erdi Aroko hirigunearen ingurua, antzinako portua, lurrez bete zuten, eta Solar plaza egin zuten haren gainean. Moila ere orduan handitu zuten lehenengoz.

Garrantzi historikoa duten eraikinak bereizten hasita, honako hauek nabarmendu litezke: Andra Mariaren basilika, Salazartarren dorrea (badakigu banderizoen garaian lau dorre bazirela, eta honek bakarrik iraun du. Hiribilduak duen arkitektura elementurik zaharrena da, eta egun berreraiki egin dute), udaletxea, tren geltoki zaharra, Biktor Txabarriren monumentua, Musika Kioskoa, eta abar.