Mutriku

FITXA

Izena: Mutriku

Herria: Mutriku

Eskualde: Debabarrena

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Casco histórico medieval

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Mutrikuko herria oso aspaldikoa da. Hain aspaldiko ere, ez dakigu noiz sortu zen. Dokumentuek esaten dutenez, 1209an berreraiki egin zuten, Alfontso VIII.a Gaztelakoak hala aginduta, eta Villanueva de Motrico izena eman zioten. Harresiz inguratua egon zen sortu zenetik, eta XVII. mendean, behintzat, bost ate zituen, eta zenbait defentsa dorre (eraikin horien elementu gotiko batzuek gaur arte iraun dute).

Mutrikuk behin baino gehiagotan hartu zuen su, eta behin baino gehiagotan suntsitu zuten, eta, ondorioz, hiri egitura eta antolamendua asko aldatu dira. 1543ko suteak ia dena kiskali zuen, eta ezer gutxi atera zen onik: Debako atearen ondoan zegoen errebala, bi dorre eta eliza besterik ez. Hamar urte geroago, 1553an, berriz ere suak hartu zuen Mutriku, eta kiskali egin zituen eraikin gehienak eta udal artxiboa.

Arrantzari lotua egon izan da Mutriku, sortu zenetik bertatik, gainera; portuak garrantzi handia zuen, eta baldintzak ere oso onak, nahiz eta, behin baino gehiagotan, Debako hiribilduarekin auzitan ibili zen, arrain salmentaren inguruko kontuengatik, besteak beste.

Urte luzeetan arrantzak izan duen garrantzia argi eta garbi islatzen da Mutrikun; izan ere, hirigunea moilaren arabera antolatua dago: kaleek harantz jotzen dute, eta portuan bukatzen dira. Portua babestu nahian, gotortu egin zuten garai batean, baina egun ez dago horren arrastorik. Portu inguruan, Mutrikuko eraikin berezienetako batzuk ikus daitezke.

Hiri antolamendua kostaldeko beste herri batzuek dutenaren antzeko da, Oriok eta Zumaiak dutenaren antzekoa, adibidez. Hiribildua eraikitzeko hautatu zuten eremuak erabat baldintzatzen du hiri egitura. Aldapa handiak ditu Mutrikuk, goitik behera itsasorantz, eta, horrexegatik, ugari dira eskailerak eta arranpak.

Mutrikuko hiriguneak ohiko antolamendua du: ardatz nagusi bat dauka, Erdiko Kalea, eta alderdik alde zeharkatzen du hiribildua, hasi Beheko Plazatik eta Txurruka plazaraino. Gainerako kaleak, berriz, Erdiko Kalearen ekialdean eta mendebaldean daude. Mendi mazeletan eraikitzen zituzten hiribildu gehienek egitura hori edukitzen zuten.

Gune historikoan, XVI., XVII. eta XVIII. mendeko etxe eta jauregiak ditu Mutrikuk, guztiak ere aski interesgarriak historia eta arkitektura ikuspegitik. Jasokunde Ama Birjinaren eliz parrokia ere nabarmentzeko modukoa da; Silvestre Perezen arkitektoaren lana da, neoklasikoa, eta Txurruka plazan dago. Pizkunde garaiko eraikin ederrak ere badira, eta barrokoak eta neoklasikoak ere bai, besteren artean. Portuan ere ageri da estilo ugaritasun hori, XVI. mendetik egun arte hainbat lan egin baitituzte portua berritu eta handitzeko.