Markina-Xemein

FITXA

Izena: Markina-Xemein

Herria: Markina-Xemein

Eskualde: Lea-Artibai

Herrialde: Bizkaia

Tipologia Orokorra: Erdi Aroko gune historikoa

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Markina-Xemeingo hiribildua ibar batean dago, Urko eta Artibai ibaien artean. On Tello infanteak sortu zuen, Bizkaiko jaunak, 1355ean. Bilboko Forua eman zion, eta Villa de Villaviciosa de Marquina izena jarri zion, Gipuzkoarekin muga egiten zuelako (gaztelaniazko marca terminoak horixe esan nahi du, mugaldea, eta hortik dator Markina). Merindadeko biztanleen eskariz sortu zuten, Gipuzkoako familia boteretsuen erasoei aurre egin ahal izateko. Landa eremuko handiki asko bildu ziren hara, banderizoen erasoen beldur.

Markina-Xemeingo udalerriak bi biztanle-entitate biltzen ditu: Markinako hiribildua eta Xemeingo elizatea. 1969tik aurrera, Ziortzako elizatea ere udalerriari atxiki zitzaion, Bolibarko herria barne zuela (2005. urtean utzi zion Markina-Xemeingo zati izateari, eta udalerri bihurtu zen).

Aspilzako Zelaia izeneko lekuan eraiki zuten hiribildua, eta harresi bat eduki zuen inguru guztian (egun, ez da haren aztarnarik). Markina-Xemeingo gune historikoak honako hauek biltzen ditu: harresiz inguratua zegoen eremua eta harresiz kanpoko hiru errebalak (geroztik eginak hirurak ere). Hiru auzo horiek hiru errepideri lotuta zeuden, hiribildura sartzeko balio zuten hiru errepideei, hain zuzen: Goscoko edo Karmengo bidea, Beheko bidea edo Artibai, eta Abesua

Hiribilduak antolamendu erregularra du, eta, Erdi Aroan ohi zen bezala, hiru kale paralelo ditu: Okerra, Erdikokalea eta Guenkale. Hiru horiek zeharkatzen dituen kalea ere badu, Zeharkale. Kaleen ibilbidea orduko bera da, eta etxe sailak eta horien egitura ere Erdi Arokoak dira: aurrealdea estu eta barrualdea sakon. Gunearen erdian, ilara biko etxe multzoak daude, eta ilara bakarrekoak izkinetan.

Etxerik gehienak berritu egin zituzten XVII, XVIII eta XIX. mendeetan. Eraikin deigarrienak honako hauek dira: Antxia eta Ansonegi dorreak, XV. mendekoak, eta Ansotegi eta Solartekua jauregi barrokoak. Udaletxea XVIII. mendeko eraikina da, eta arkupea dauka, zortzi zutabe barrokoren gainean; hegaletan, berriz, harburu zizelkatuak ditu.

Harresiz kanpoko errebalen egitura eta banaketa orduko bera da egun ere, salbuespenen bat izan arren. Artibai edo Beheko errebalean, ukitu neoklasiko dute etxeek, eta horien artean dago San Jose komentua, Artibai dorretxearen gainean sortua. Abesuan, barrokoak eta neoklasikoak dira etxeak, eta Prado pasealekuaren inguruan eraikiak daude (pasealeku hori hariztia zen garai batean). Auzo horretan, honako eraikin hauek nabarmentzen dira: eliza eta Merced komentu barrokoak, Ubilla jauregia eta Murga-Bidarte dorre-jauregia. Karmengo errebalaren ezkerreko aldean, etxe neoklasikoak nabarmentzen dira, eta Karmeliten komentuko eraikin barrokoak.