Azkoitia

FITXA

Izena: Azkoitia

Herria: Azkoitia

Eskualde: Urola Kosta

Herrialde: Gipuzkoa

Tipologia Orokorra: Casco históriko medieval

hiribildua.Época: Erdi Aroa

Deskripzioa eta oharrak:

Hiribildua sortu aurretik, bazen han, Urola ibaiaren erdi aldean, Iraurgiko Harana izeneko lurralde entitate bat. Iruñeko Elizbarrutiaren esku zegoen, eta bi gune erlijioso zituen: Baldako Santa Maria (hori izango da gero Azkoitia) eta Soreasuko San Sebastian (Azpeitia izango da gero). Azkoitiko lehen hirigunea San Martin mendixkaren bizkar batean eraiki zuten.

Bandoen arteko borroka ugari izaten ziren inguru hartan, eta San Martingo biztanleek, eskabidea egin zuten, hiribildua Urola ibaiaren beste aldera eraman zezatela, Baldako etxearen lurren ondora, han babestuago biziko zirelakoan. 1334an, Anfontso XI.ak hiribildu titulua eman zion kokagune berriari, eta "San Martin de Ahezkoytia de Yraurgui" izena jarri zioten. Denborarekin, ordea, San Martin izena bazterrera utzi zuten -ofizialki, behintzat, 1456tik aurrera-, eta Azkoitia soilik geratu zitzaion.

Ahaide Nagusien arteko borroka etengabeen ondorioz, eta horien eta hiribilduen artean sortu zen etsaigoaren eraginez, Azkoitiari su eman zioten 1436an. Baina ez ziren hor bukatu gerra horren eraginak: 1509an, Baldako Santa Maria eliza hiribilduaren barrualdera eraman zuten, ez istilurik gabe, ordea. Kontatzen dutenez, apaizak aldareko Sakramentua zeramala, Baldako jaunak arkabuzez tiro egin eta hil egin zuen; ondoren, zaldi gainera igo eta ihes joan zen ziztu bizian. Ahaide Nagusi asko herrialdetik bidali zituztenean, eta haien gotorlekuen goialdeak eraitsi zituztenean, hiribilduko kontzejuak arazo gutxiago izan zituen bere interesen alde egiteko. Kale Nagusian zeukan egoitza kontzejuak, baina XVIII. mendean, Plaza Zaharreko eraikin barroko garrantzitsura joan ziren.

1763an, Euskal Herriko Adiskideen Elkartea sortu zen Azkoitian, Xabier Munibe Peñafloridako kondearen ekimenez. Insausti jauregian izan zuen egoitza elkarte horrek, hiribildutik hurbil, bazter batean.

Hiribilduaren historian garrantzitsu izan diren mugimendu gehiago ere izan dira. 1766ko matxinada izan zen horietako bat, eta guda karlistak ere bai. Burdindegien garrantzi ekonomikoa jaitsi zenean eta ekonomiaren oinarri izateari utzi ziotenean, horrek ere gogor astindu zuen Azkoitia. Orduan hasi zen industrializazioa -oihalgintza bihurtu zen jarduera nagusi- eta orduan handitu zen hirigunea; garai bateko eremua txiki geratu zen, eta lehen errebalak ere bai. 1926an, Urolako trena iritsi zen, eta biztanleria zertxobait handitu zuen horrek. Azkoitiak handitu beharra zuen, antzinako hirigunetik harago eraiki beharra zegoen, eta zabaltzen eta zabaltzen hasi zen, 1960ko hamarkadatik aurrera, batik bat; Urola ibaiaren ibar zabaletara jo zuten, baina, betiere, hiribildu zaharraren gune nagusia oinarri hartuta.

Hirigune historikoaren zati dira Santa Klara kalea, Kale Nagusia, Aizkibel kalea eta Martin Deuna eta Aingeru kaleak, eta horien inguruak. Horiez gain, hirigunetik gertu dauden etxe nagusien inguruak ere hala dira (Balda etxea, Floreaga eta Altuna Portu).

Hiribilduko gune nagusi hori ez ezik, nabarmentzeko modukoa dira Goikokale eta Klara Donearen errebalak ere. Goikokale errebala oso aspaldikoa da (olagizonen bizitokia zen), eta garrantzi historiko handia eduki du beti, bai jardueragatik beragatik eta bai hiriguneak osatzen zuen multzoan oso ongi txertatu zegoelako. Klara Donea errebala (lehen Beheko Errebala) XV. mendetik dator, gutxienez. Egun oso aldatua dago, baina eraikin adierazgarriak biltzen ditu: Irizar jauregia, San Jose ermita eta Klaratar mojen komentua.

Bi errebal horietan, Erdi Aroko egitura eta antolamenduaren arrasto gutxi daude egun, baina oso adierazgarriak dira.