Itzuli orri osora
ARCO azokak 25. urteurrena du aurten
jue, 09 feb 2006 08:32:00 +0100

Arte garaikidearen Madrilgo azokak 35 herrialdetako 278 galeria hartuko ditu aurten, eta euskarri mota guztien gainean egindako lanak erakutsiko ditu. Euskadiko bost galeriak hartuko dute parte azokan, eta zuzendaritza ere euskaldun baten esku geldituko da laster, Lourdes Fernandez donostiarrak hartuko baitu ardura hori aurtengo azoka bukatu bezain pronto.

Gaur hasi eta datorren astelehena arte, arte garaikidearen hiriburua izango da Madril, mundu osoko artista, galerista eta bildumagileak hartuko baititu. ARCO arte garaikidearen azokak 25 urte betetzen dituen honetan, 35 herrialdetako 278 arte-galeriak hartuko dute parte bertan eta mota guztietako artea ikusi eta erosi ahal izango da: pintura, eskultura, argazkia, bideoa, arte digitala...

Austria izango da aurtengo herrialde gonbidatua. Herrialde horretako 22 galeria eta 200 artistaren obrak Madrilen izango dira egun hauetan, bai azokan bertan (IFEMAN), bai hiriko museo eta bestelako aretoek ARCO aitzakia hartuta antolatu dituzten erakusketetan ere.

Edizio honetako berrikuntzen artean, graffitiari eta hiri-arteari eskainitako atala da aipagarrienetako bat. Kalean legez kanpokoa bada ere, azokan gainerako arte-adierazpideei ematen zaien garrantzia bera emango zaio.

Euskaldunen ordezkaritza zabala

Euskal arteak presentzia zabala izango du azoka honetan. Eduardo Chillida, Andres Nagel, Iñaki Gracenea, Maider Lopez eta beste hainbat artisten lanak ikusi eta erosteko aukera izango da. Horrez gainera, bost galeriak jarri dituzte postuak IFEMAn: Vanguardia, Windsor Kulturgintza eta Colon XVI Bilboko etxeek, Galeria Dieciseis Donostiakoak eta Moises Perez de Albeniz Iruñakoak.

Zuzendaritzan ere euskaldun bat izango da; izan ere, aurtengo edizioa amaitzen denean, Lourdes Fernandez donostiarrak hartuko du orain arte Rosina Gomez Baezak betetzen zuen zuzendari postua. Fernandezek esperientzia handia du artearen munduan: 2004an Donostian egin zen Manifesta arte garaikidearen biurtekoaren zuzendaria izan zen eta DV galeriaren zuzendaritzan ere egon da.

Giro pozgarria eta itxaropena dira nagusi, gaur egun, artearen merkatuan. Inoiz baino gehiago saltzen ari dira eta etorkizuna oparoa izango omen da, Txinatik eta beste hainbat herrialdetatik egiten den eskaria gora baitoa.