Itzuli orri osora
Bilboko Guggenheim Museoak gerrikoa estutuko du 2011n
vie, 10 dic 2010 19:30:00 +0100

Bilboko Guggenheim museoak erakusketa bat gutxiago izango du 2011n. Izan ere, aurrekontua murriztu egin du egungo krisi ekonomikoa dela medio. Datorren urteko egitaraua behin-behineko hiru erakusketek eta behin-betiko bildumaren bi aurkezpenek osatuko dute. Horrela, museoak garrantzia handiagoa emango die Guggenheim bildumen funtsei.

"Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918¿1936" izango da denboraldiari hasiera emango dion erakusketa. Otsailean abiatuko da bi mundu gerren arteko garaian herrialdeotan gailendu ziren arte adierazpideak (pintura, eskultura, argazkigintza, arkitektura, zinema, moda eta dekorazio arteak) bilduko dituen erakusketa hau. Fernand Léger, Pablo Picasso, Giorgio de Chirico, Mario Sironi, Oskar Schlemmer eta Otto Dix moduko artisten lanek agerian utziko dute garai hartako artistek aurreko urteetako nolanahiko berriztapena baztertu eta, ordena eta klasizismoa berreskuratu zituztela.

Apirilean irekiko da "Bitarte argitsua". Dimitris Daskalopoulos Collection bildumako lanak publikoari lehen aldiz ezagutarazten zaizkio erakusketa honen bidez. Arte garaikideko bilduma pribaturik osoenetakoa da mundu mailan. Azken hiru hamarkadetan 30 artistak egindako 60 pieza inguruk osatzen dute. Egileen artean, Matthew Barney, Louise Bourgeois, Martin Kippenberger, Robert Gober, Mike Kelley eta Annette Messager, bezalako artista ezagunak daude, baita Paul Chan, Guyton/Walker, Nate Lowman eta Wangechi Mutu bezalako talentu gazteak, besteak beste.

Guggeneheim Bilbao bildumaren urteko lehen aurkezpena 2011ko ekainean egingo da. "AEBetako eta Europako abstrakzioa 1950eko eta 1960ko hamarkadetan" izenburua izango du eta urte horietan AEBn zein Europan izan ziren arte mugimendu ezberdinak aztertuko ditu. Jackson Pollock, Willem de Kooning, Ellsworth Kelly, Robert Rauschenberg, Karel Appel, Alberto Burri, Antoni Tàpies, Yves Klein, Jean Tinguely eta Piero Manzoni bezalako artisten obrak izango dira, bestek beste, museoan ikusgai.

"Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II" izenburupean egingo da Bilboko bildumaren funtsak erakusteko 2009an abiatu zen zikloaren bigarren aurkezpena. Oraingoan, 80 eta 90eko hamarkadetan izandako eztabaida artistikoari eta adierazpen eta baliabideen aniztasunari helduko dio. Jean Michel Basquiat, Anselm Kiefer, Miquel Barceló, Julian Schnabel, Juan Muñoz, Cristina Iglesias, Miquel Navarro, Juan Luis Moraza edo Francesc Torres bezalako artisten obrak erabiliko dira horren adibide gisa.

Urteko egitaraua bukatutzat emango duen erakusketa "Brancusi-Serra" izenekoa da. Urrian jarriko da martxan, behin-behinekoa izango da eta joan den mendeko bi eskultore aipagarrienetarikoen arteko ezberdintasunak landuko ditu, materialei eta lanekiko ikuspuntuari dagokionean, batik bat.

(Argazkiak: Bilboko Guggenheim Museoa)