Itzuli orri osora
Akira Kurosawaren erakusketa AlhóndigaBilbaora heldu da
lun, 15 nov 2010 19:30:00 +0100
Akira Kurosawa zinearen maisu japoniarrari ziklo berezia eskainiko dio gaurtik aurrera AlhóndigaBilbaok, eta datorren urtarrilaren 30a arte luzatuko da. Izan ere, Kurosawaren lanaren gizatasunak eta irudien edertasunak bizirik dirau oraindik orain.

"Samuraiaren begirada" izenburupean, besteak beste Kagemusha, gerlariaren itzala, Akira Kurosawaren ametsak eta Rapsodia abuztuan filmeetarako Kurosawak egindako marrazkiak izango ditugu ikusgai. Storyboardekin batera, ekoizpen hauen zatiak izango ditugu bertan ikusgai, baita Ran pelikulan erabilitako arropa ikusgarria ere. Era berean, filmen 25 kartel original ikusi ahal izango dira.

Ekitaldiz beteriko egitaraua

Azaroaren 17an izango den mahai-inguru batean aztergai izango dute Kurosawa pertsonaia. Bertan, zine japoniarraren aditu batzuk bere zinemaren gaurkotasunari buruz eztabaidatuko dute. Abenduaren 2an, Isabel Coixet zuzendaria maisu handi honen filmografiari buruz arituko da.

Umeei bereziki zuzendutako kultura japoniarrari buruzko ikastaroa prestatu du egitarauak. Asuka Kabota musikariaren eskutik, besteak beste, Japoniako abestiak ikasiko dituzte umeek. Gainera, manga eta egungo animearen zaleek Laura Montero Platak eskainitako tailer batean parte hartu ahal izango dute. Bertan Asiako zinea aztertuko dute.

Abenduaren 18tik urtarrilaren 30era bitartean, Akira Kurosawaren filmografia birpasatuko duen zine ziklo bat hartuko dute AlhóndigaBilbaoko Golem Zinema-Aretoek. Bertan, Eskandalua, Kagemusha, gerlariaren itzala eta Akira Kurosawaren ametsak lanak izango dira ikusgai. Asiako zinemarekin erlazionatutako beste filme batzuk ere proiektatuko dituzte, hala nola, Hayao Miyazakiren Porco Rosso eta Jim Jarmuschek zuzendutako Ghost dog, samuraiaren bidea.

Hurbileko pertsonaiak

Jatorri samuraia zuen familia batean jaio zen Kurosawa 1910. urtean. Gaztetxoa zenetik bere hiru pasioak uztartu zituen: literatura, zinema eta pintura. Zinemagintza unibertsalaren historian ezinbestekoak bihurtu diren filmak grabatu zituen maisuak. Zalantzaz eta pasioz beteriko pertsonaiek itxaropen eta kontraesan ugariko mundu bat islatzen dute. Horrela, Martin Scorsese, Steven Spielberg, George Lucas eta Takeshi Kitano bezalako zinemagile ospetsuak bere pelikuletan oinarritu dira.

Japoniako zinemaren "Enperadorearen" jaiotzaren mendeurrena ospatzen dugu aurten eta honen harira heldu dira ekitaldi hauek. Erakusketarako eta filmeen emanaldietarako sarrerak 2 eta 4 euro bitartean jarrito dituzte salgai (merkeago hó txartelarekin); manga eta egungo animearen tailerrak 30 euroko kostua izango du (25 euro hó txartelarekin).

(Argazkiak: Alhondigabilbao)