Itzuli orri osora
Argazkien ikonografiaren azterketa, Guggenheimen
vie, 12 nov 2010 19:30:00 +0100

Argazkien ikonografia azken urteotako artean murgiltzeko modu ezberdinak azaltzen ditu azaroaren 6an Guggenheim Bilbao Museoak ireki zuen erakusketak. Hirurogeiren bat artistaren ehun lan baino gehiago daude ikusgai bilduman, besteak beste, Andy Warholen eta Robert Rauschenbergen artelanak. Juan Ignacio Vidarte Museo bilbotarraren zuzendariak eta Jennifer Blessing eta Nat Trotman komisarioek aurkeztu zuten "Haunted: egungo argazkigintza/bideoa/performancea" erakusketa. Datorren martxoaren 13ra arte egongo da zabalik.

Erakusketatik ibilbidetxo bat eginda, 60ko hamarkadatik aurrera, baina, batez ere azken hamar urteotan egindako argazkiak, margolanak, bideo lanak, zinema lanak eta instalazioak ikusiko ditu bisitariak.

Marina Abramovich, Sophie Calle, Richard Prince, Cindy Sherman eta Hiroshi Sugimoto dira, besteak beste, ikusgai dauden artelanetako egileetako batzuk.

Arduradunek azaldutakoaren arabera, "Haunted: egungo argazkigintza/bideoa/performancea" erakusketa joan den irailaren 6ra arte New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumen ikusgai izandakoaren bertsio zabalagoa da. New Yorken erakutsitako lanen hautaketa batez gain, Bilbokoak Christian Boltanski, Anna Gaskell, Pierre Huyghe, Philippe Parreno, Gerhard Richter, Lorna Simpson eta Jeff Wall, bezalako artisten hirurogeiren bat lan gehiago biltzen ditu.

Bost kategoria

Bilduma bost kategoria formal eta kontzeptualetan banatuta dago, artistek iragana ulertzeko eta azaltzeko darabiltzaten moduen arabera banatuta.

Erakusketaren lehen zatian Warholen eta Rauschenbergen hirurogeiko hamarkadako obrak daude ikusgai, beren lanei imajinagintza fotografikoa erantsi zieten lehen artistak izan baitziren. Azpimarragarria, Warholen Orange Disaster #5 obra; serigrafia bidez, aulki elektriko baten irudia azaltzen du fondo laranja baten gainean, 15 aldiz errepikatuta, heriotza-zigorrak sortzen duen trauma soziala adierazteko asmoz. Atal berean, Rauschenbergen 1963ko izenik gabeko obra batek, Merce Cunningham artistaren laguna azaltzen du laukizuzen zuri batean dantzan.

Bigarren atalak Rachel Harrison, Adam Helms, Nate Lowman edo Rosangela RennĂ³ bezalako artisten obrak hartzen ditu, eta Warhol aitzindari izan zuen irudien jabetze estiloaren estrategiak berraztertzen dituzte. Warholen azken urteetako autoerretratu bat erakusten duen sail honetako obra interesgarrienetako bat 2007an Adam McEwenek sinatutako izenik gabeko lan bat da, Richard Prince artistaren heriotza-ohar bat islatzen duena.

Hirugarren sailak Marina Abramovic, Spophie Calle, Tacita Dean, Joan Jonas, Christian Marclay, Annette Messager, Ana Mendieta eta Zhang Huan artisten lanak ditu ikusgai, besteak beste, eta argazkien errepikapen botereak iradoki zituen ikuspuntu estetikoak aztertzen ditu.

Gertakizun esanguratsuak (askotan traumatikoak) jazo diren tokiak erakusten dituzten lanak hartzen ditu laugarren atalak. Ikusgai dauden obren artean, Clemente Bernaden izen gabeko bat dago, "Francoren espetxe batean" (Carabancheleko kartzela) oihal zuri baten gainean presondegiko onarpen fitxetako argazkiak azaltzen dituena. Komisarioen hitzetan, obra honek "iraganeko preso politikoetan pentsarazten digu".

Azken sailak Gregory Crewdson, Anna Gaskell, Karl Haendel edo Jeff Wall bezalako artisten lanak ditu ikusgai, esperientzia traumatiko pertsonalekin lotutako fikziozko espazioak eratzen dituztenak.

(Argazkiak: Guggenheim Bilbao Museoa)