Itzuli orri osora
'Forma, zeinua eta errealitatea', 1900-1935 bitarteko espainiar eskulturari errepasoa
vie, 27 ago 2010 16:32:00 +0200

Datorren irailaren 19ra arte, Oteiza Museoak "Forma, zeinua eta errealitatea" izeneko erakusketa ikusteko beta eskaintzen du, 1900 eta 1935 urte bitarteko espainiar eskulturari errepaso txiki bat egiten dion proiektua, hain zuzen. Sorkuntza klasikoenetatik hasi eta lan kubistetatik eta surrealistetatik igarota, Oteizaren lanetaraino bidaia egingo du bertara hurbiltzen den orok. Guztira 51 obra daude ikusgai, eta horietatik hiru ezezagunak, besteak beste sekula erakutsi gabeko Oteizaren Jesus Jordan lana.

Madrilgo Reina Sofia Museoaren eta Kutxaren laguntzarekin "Forma, zeinua eta errealitatea" erakusketan, eskulturak XX. mendearen lehen hamarkadetan zehar izan zuen eraldaketa iraultzailea eta hogeita hamarreko lehen urteetan Jorge Oteizaren eskulturak agertzen dira.

Eskulturak aldaketa handiak jasan zituen, eta aldaketa horiek artista ugariren egonezinak eraginda heldu ziren, besteak beste Jorge Oteizak eraginda. Honen lana, ahalegina, talentua bikaina zen, eta formak, tailuak eta erliebeak egiteko zuen sentikortasuna izugarria zen. Hori dela medio, Alzuzan dagoen Fundazio Museoak aldi horretan egindako erakusketa zabal eta aberatsa eskaintzen du, zeinetan hainbat artistek, batez ere Oteizak, bere lanen oinarriak jarri zituzten.

Forma, zeinua eta errealitatea

Erakusketari izena ematen dioten hiru kontzeptuek, eskultura modernoaren esparruak zehazten dituzte, eta horien inguruan egituratu dute erakusketa. Diseinua Javier Baldak egin du eta hiru zatitan dago banatua. Rodin eta Gauguinen sugestiotik lan egin zuten autoreekin hasten da erakusketa, hala nola Paco Durrio eta Nemesio Mogrobejorekin, eskultura klasizismo kataluniarraren abiarazlea izan zen Josep Claràrekin, eta Mateo Inurriarekin. Horiek guztiak Parisera bidaia egin zuten eta bertan topatu zituzten berrikuntza guztiak bereganatu zituzten.

Bestalde, errealismo berriak, Mateo Hernández, Francisco Pérez Mateo edo Ángel Ferranten piezetan gorpuzten dira, eta Joan Rebullen eskultura original eta finduan eta Pablo Gargalloren figurazio modernoan. Une horretan eskultura modernizatu egiten da, izan ere, hezkuntzarekin, kirolarekin... loturiko gai errealistagoak egiten hasten dira egileak.

Kubismoa, surrealismoa....

Picasso eta bere Masque de femme lanak erakusketaren bigarren zatira eramaten gaitu. Julio Gonzálezek egin zituen burdina soldatuzko eskulturak eta Joaquín Torres Garcíaren eraikuntza kontzeptuak edota Salvador Dalí, Oscar Domínguez, Antoni García Lamolla, Eudald Serra, Marinel.lo eta Cristòfolek landu zuten objektu surrealistaren asmakuntzak topatuko ditugu bertan.

Azkenik, erakusketa Alberto Sánchezen eskultura surrealistaren originaltasunera eta honek natura eta landa paisaiarekiko erakusten zuen lotura estura iristen da. Izan ere, horixe izan zen Madrilen hogeiko urteen amaieraz geroztik egindako abangoardiako eskulturaren gauzarik aurreratuena eta itxaropentsuena, eta funtsezko abiapuntua ere bai, halaber, erakusketa honen ibilbidea osatzen duten bi euskal artista gazterentzat, Nikolas Lekuona eta Jorge Oteizarentzat. Erakusketaren kronologia 1935ean amaitzen da, Oteiza Latinoamerikara abiatu zen urtean, alegia.

(Argakiak: Oteiza Museoa)