Itzuli orri osora
Cai Guo-Qiang artista txinatarraren multimedia arteak Guggenheim museoa konkistatu du
vie, 17 abr 2009 08:45:00 +0200

Guggenheim Bilbao Museoak 2009ko martxoaren 17tik irailaren 6ra bitartean, "Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut" aurkeztuko du. BBVAk babestutako erakusketa honek nazioartean ospe handikoa den artista honen multimedia artearen konplexutasun kontzeptuala izanen du aztergai.

Erakusketa hau New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-ean aurkeztu zen eta bisitari gehien erakarri zuen arte bisualeko ikuskizuna izan zen. Txinako Arte Museo Nazionalean ere ikusi ahal izan zen, Beijingen, 2008ko Olinpiar Jokoetako kultura programazioaren barruan. Hala, bi erakusketa haietan izandako arrakasta handiaren ondoren iritsi da Bilbora. Cai Guo-Qiang artista, komisarioa eta eskala handiko leherketa-proiektuen sortzailea da, eta nazioartean izena du hogei urte daramatzalako erakusketetan, bienaletan eta ospakizun publikoetan aktiboki esku hartzen.

Atzera begirako osatu hau Guggenheim Museoek artista txinatar bati eskaintzen dioten lehenengo bakarkako erakusketa da. Thomas Krens, Nazioarteko Proiektuen Kontseilari Nagusia, eta Alexandra Munroe, Solomon R. Guggenheim Museum-eko Asiako Artearen Kontserbatzaile Burua, dira erakusketaren komisarioak. "Cai Guo-Qiang: Sinetsi nahi dut" erakusketa artistarekin lankidetza estuan gauzatu da eta kokapen jakineko instalazio ikusgarri bat da Frank Gehryk Bilborako diseinatutako eta ikono bihurtutako eraikinaren arkitekturaren barruan.

Museoko bigarren solairuan eta Atrioan, artistaren sortze-lana ikertzen du erakusketak; haren ikusizko eta kontzeptuzko lexiko bereizgarria, lan hauen bidez jorratu izan duena: bolbora-marrazkiak, leherketa-proiektua, instalazioak eta proiektu sozialak. AEB, Europa eta Asiako izen handiko bilduma publiko eta pribatuetatik lortutako 50 obra baino gehiago bilduz ¿1980ko urteetatik gaurdaino sortutakoak¿, nazioarteko arte garaikideari Cai Guo-Qiangek egindako ekarpen formal eta kontzeptual handiak aztertzen ditu erakusketak, eta aldi berean agerian uzten du ikuspegi sozialetik begiratuta probokatzaileak diren eta ikusle mota ugariarentzat sortuak diren artelanen ekoizle kultural gisa duen eragina.

Gainera, Tokiz kanpokoa: lehenengo etapa (2004) instalazio ikusgarriari esker, Museoko Atrioak protagonismo berezia hartu du erakusketan. Pieza honek auto baten leherketaren simulazio zinetiko bat irudikatzen du; argizko tutuek zeharkatutako zortzi autok osatzen dute eta horiek ibilbide zirkular bati jarraituz kokatu dira: zoruan ipinita dagoen eta mugitzen ez den auto batetik hasi eta dinamikoki egiten du aurrera segidak. Obra hau Museoaren kanpoaldetik ikus daiteke, eta elkartruke zuzena sorrarazten du eraikinaren inguruekin eta Frank Gehryren arkitekturarekin.

Katalogoa eta erakusketaren aldian eginen diren jarduerak

Erakusketa dela eta, katalogo ilustratu bat argitaratu da. Erakusketaren komisario Alexandra Munroe arduratu da katalogoaren edizioaz, eta bertan Munroeren beraren saiakeraz gainera nazioartean ospea duten kritikari hauenak ere bildu dira: David Joselit, Yale Unibertsitateko Artearen Historia saileko burua; Miwon Kwon, Kaliforniako Unibertsitateko Artearen Historiako irakaslea Los Angelesen, eta Wang Hui, Tsinghua Unibertsitateko Txinako Historia Intelektual Modernoaren ikerlari irakaslea, Beijingen. Saiakera horiek Caik landutako hizkuntza bisual eta kontzeptual berezia aztertzen dute eta horiekin batera artista honen sortze-lan berritzaileen 230 irudi baino gehiagok osatzen dute katalogoa.

Erakusketaren aldian, Guggenheim Bilbao Museoak hezkuntza-jardueren programa zabala eskainiko die bai haurrei bai helduei, Txinako kultura eta ohiturak ezagutzera emateko tailer batzuk barne hartzen dituena: feng shui , txinatar kaligrafia, txotxongiloak, herensugeak eta txinatar lanparak. Ostiralero, 18.00etan, Museoak bisitaldi sozialak eta kulturalak eskainiko ditu, Museoaren sarreraren prezioan sartzen direnak eta txinatar komunitateko kideek eskainiak.

(Argazkiak: www.guggenheim-bilbao.es)