Itzuli orri osora
Takashi Murakami, mendebaldeko joerak lantzen dituen artista japoniarra Bilbon
jue, 12 mar 2009 08:45:00 +0100
Irribarre egiten duten lore koloreanitzak, era askotariko begiak dituen esfera moduko bat, panpinak eta kamiseta zehatz batzuetarako egokiak diren zorroak aurkituko ditugu Guggenheim Bilbo Museora gerturatuz ezgero. Ironia da Takashi Murakami artistaren espezialitatea, eta egun hauetan ikusgai da "manga" marrazkien hizkuntzarekin honen atzera begirako erakusketa garrantzitsuena, bere herrialdeko kultura garaikidearen "hutsunea eta anarkia" erakusten duena. Era berean, japoniarren balore tradizionalen galera kritikatu nahi du erakusketa honekin.

Eskultura, pintura, moda, animazioa eta merchandising objektuak tartekatzen dira Museoko hirugarren solairuko 2.000 metro karratuetan, kronologikoki antolatuta dagoen ibilbidean. Gheryren eraikuntzan aurki daitekeen espazio ilun eta argitsuen bateratzearekin, artistaren lanek dimentsio berriak hartzen dituzte.

90 obra 90eko hamarkadan hasita

Erakusketak 90 lan baino gehiago biltzen ditu, 90eko hamarkadan egindako lehendabiziko lanekin hasi eta tamaina handiko eskultura eta animazioetaraino. Artistak, "Warhol japoniar berria" bezala ere ezaguna, japoniar arte tradizionala, animazioa eta manga, amerikar poparekin eta europar surrealismoarekin nahasten ditu.

Aurkako kontrasteak eta irakurketa bikoitzak, ongia eta gaizkia, gozotasuna eta galbideratzea edo umorea eta giza salaketak, besteak beste, etengabeak dira artista japoniarraren lanetan. Sorkuntzen artean dago Miss Ko2, Barbie zerbitzari baten antza duen eskultura, gerturatzen den orori ongietorria ematen diona, edo Mr DOB, Sega bideojokoko trikuan edo Doraemon pertsonaian inspiratutako autoerretratua.

Halaber, Murakamiren sorkuntzaren munduan Hiropon eta Mi vaquero solitariok sortutako bilduma bat ikusi ahal izango du bertaratutakoak, edo Segunda MisiĆ³n Project Ko2. Bestalde, Mr Pointy y los cuatro guardianes, 2003 eta 2004 urteen baitan sortutako lana da, budisten lau jainkoen zaindarien erakusle, zazpi metrotako altuera duen eskultura bat. Azkenik, Buda oval platak obrak ibilbideari ateak itxiko dizkio, egilearen lanik maitatuenarekin, hain zuzen ere.

Obra hauez gain, erakusketak Murakamiren pintura abstraktuak ere agerian jartzen ditu, baita animazioaren munduan eginiko Kaikai & Kiki filma, "Goog Morning" bideokliparen kanta, merchandisingerako bostehunen bat objektu edo Louis Vuitton firma paristar ezagunerako sortutako piezak.

Artistaren ibilbidea

Tokion 1962an jaiotakoa, Takashi Murakami japoniar estilo piktoriko tradizionalean sortu zen eta giza hierarkia eztitsuko gizarte batean hezi zen. Japongo jatorria duen azken hamarkadako artista ezagunena da. 1983. urtean Tokion Arte Ederretan eta Musikan doktoratu, eta "nihongan" espezializatu zen, tradizio japoniarrean zentratutako teknikak eta gaiak jorratzen dituen estilo piktorikoan.

1990ean, oraindik ikasle zela, japoniar estilo tradizionala alde batera utzi eta bestelako esparruetan esperimentatzen hasi zen, japoniar pinturaren oinarriak ahaztu gabe. "Superflat edo superplano" da bere poetikaren funtsa. "Superflat edo superplano" da bere poetikaren funtsa. Artistak behin baino gehiagotan azaldu du kontzeptu honek ez duela inolako oinarri zientifikorik eta bere buruan dagoen kontzeptu abstraktu bat dela argitu du.

2001ean Kaikai Kiki konpainia sortu zuen, egoitza Hiroon, Tokion eta New Yorken duena. Batez ere artista gazteei zuzenduriko sustapenerako eta ekoizpenerako gunea da, eta baita merchandisingaren sustapen eta ekoizpenerako tokia ere.

Azken urteetan Murakamik esparru ezberdinetan egin du lan, Issey Miyake estilistarekin, Nissan automobil etxearekin eta Louis Vuitton markarekin, besteak beste. Gainera bere lanak arte galeria anitzetan eta japoniar museo askotan jarri ditu ikusgai, San Frantziskoko Museum of Modern edo Pariseko Palais de Tokion, esaterako.

Bilbo kolorez jantzi da

Erakustaldia Los Angelesen, New Yorken eta Frankfurten aurkeztu ondoren, Bilbora heldu da eta bertan dago ikusgai maiatzaren azken egunera arte. Hilabete hauetan zehar Bilboko Alde Zaharrean 100 erakusleiho baino gehiagotan ikus daitezke Takashi Murakamiren lore ezagunaren irudiak. Horrela, hiriko gune historiko honetako saltokiek japoniar kulturarekin bat egiten dute, Euskal Herriko herritarrei eta baita egun hauetan Bilbora inguratzen diren turistei erakusketa berezi honetara apur bat gerturatuz.

(Argazkiak: EFE)