Itzuli orri osora
"Power Food", Miralda-FoodCulturaren erakusketa, Artium museoan
mar, 23 sep 2008 08:42:00 +0200

Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak "Power Food" janariaren, energiaren eta boterearen arteko lotura modu poetikoan aztertzen duen erakusketa eskaintzen du. Elikaduraren, politikaren, medikuntzaren, fikzioaren, zientziaren eta herri kulturaren arteko loturen gogoeta hori azaroaren 2ra arte izango da ikusgai Iparra aretoan.

Montse Guillen sukaldariarekin batera sortutako FoodCultura proiektuak, Miralda artista lagun, janariaren inguruko hausnarketa sakona egiten du Artium museoan. Janariak magia, sendabide eta mitologiarekin dituen lotura erritualak eta herri irudi eta kontsumoarekin loturiko ikonografiekin duen harremana aztertzen dute bertan, baita egungo marketinarekin, industriarekin eta kontsumoarekin dituen loturak ere.

Erakusketarekin batera katalogo bat argitaratu dute. Bertan, erakusketa horrekin eta proiektuak aztertzen dituen gaiekin zerikusia duten testuak jaso dituzte. Horrez gain, beste hainbat jarduera prestatu dituzte, zinema, hitzaldiak eta gastronomia ekitaldiak besteak beste.

"Power Food" Artiumek (Gasteiz) eta ES Baluardek (Palma Mallorcakoa) ekoitzi dute, Miralda-FoodCulturaren (Bartzelona) proiektu batean oinarriturik, eta Kalitate Fundazioaren eta Kultura Ministerioaren babesa eta Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza Sailaren laguntza izan dute.

Erakusketa

Miraldak eta FoodCulturak bideoak, irudiak eta munduan zehar jasotako produktu eta objektu asko bildu dituzte erakusketa honetan, elikatzeaz gain janariak beste ahalmen batzuk dituela erakusteko. Ideia hori lantzeko, artista katalanak hiru zatitan banatu du erakusketa.

Lehendabizikoak janariaren lotura erritualak erakusten ditu, eta sendatzeko, elikatzeko, energia emateko edo magia egiteko ahalmena izateagatik ezagunak diren errezeta eta produktuak daude bertan; antzinako edabeak eta sendabelarrak zein botika, belar denda eta supermerkatuetako kapsula liofilizatuak, besteak beste.

Bigarrenean, egungo loturak, marketin estrategiak, elikadura-industria berria eta horien ondorioz sortu diren kontsumo-ohiturak aztertzen dira.

Azkenik, Miraldak janariaren lotura ikonografikoak aztertu ditu, komikietan, jostailuetan, elementu grafikoetan, oroigarrietan, tresnetan eta abarretan.

Artista

Kolorea eta horren sinbolismoa abiapuntu harturik, Miralda (Bartzelona, 1942) janariaren zeremoniala sorkuntzazko elementu gisa erabiltzen hasi zen 1960ko hamarkadaren erdi aldera, Parisen Elle aldizkarirako moda-argazkilari bezala lanean ari zenean; han egin zituen bere lehendabiziko lanak. Gero, AEBetan jatekoarekin loturiko espazio publikoaren inguruan egin zuen lan. Ordukoa da, esaterako, Kansas Cityn egin zuen Wheat & Steak.

Honeymoon Project lana egin, Montse Guillen sukaldariarekin batera New Yorken (El Internacional) eta Miami Riverren (Big Fish Mayaimi) jatetxeak zabaldu eta Hannoverreko 2000ko munduko azokan Food Pavilion lanarekin protagonista izan ondoren, FoodCulturaMuseum izenekoa sortu zuen, nazioartean janariaren kultura aztertu, gorde eta zabaltzea helburu duen "hormarik gabeko museoa".

Gaur egun Bartzelona eta Miami artean bizi da, FoodCultura irabazi asmorik gabeko fundazio horren alde buru-belarri lanean. Bi egoitza ditu, bata Bartzelonan eta bestea Miamin, eta FoodCultura bildumak (objektuak, marrazkiak, ikus-entzunezkoak, liburuak, musika, herri-hizkera, dokumentuak eta abar) gordetzen eta aberasten dira bertan.

(Argazkiak: Artium)