Itzuli orri osora
"Materializaciones", Chillidak erabilitako materialak, aztergai
vie, 29 feb 2008 08:39:00 +0100

Erakusketa Chillida-Leku museoan izango da ikusgai maiatzera arte. Eskultoreak bere ibilbide artistikoan erabilitako materialen inguruan aurten antolatuko dituzten hiru erakusketetako lehena da honakoa.

Papera, ormigoia, igeltsua, burdina, egurra, harria, alabastroa eta granitoa. Denak maisuki erabili zituen Eduardo Chillida eskultore gipuzkoarrak. Materialok, hain justu, Chillida-Leku museoan (Hernani) zabaldu duten erakusketa baten protagonista dira.

Chillidak erabilitako materialak eta haiekin izandako harremana adierazteko argazkiak eta panel informatiboak erabili dituzte, baita materialak eta artelanak ere. Erakusketa maiatzaren 26ra arte egongo da museoko laugarren aretoan.

Artistak erabilitako materialen inguruan aurten antolatutako hiru erakusketatik lehena da zabaldu dutena. Luis Chillida museoko zuzendariak azaldu duenez, hiru erakusketok bakarra osatzen dute, baina bakar batean dena biltzeak denbora eta lan handia zekarrenez, hirutan banatu dute erakusteko guztia.

Materialek "hitz egin behar dute"

Luis Chillidaren esanetan, materialek "hitz egin behar" zutela uste zuen aitak eta hori lortzeko eginahalak egiten zituen. Marrazketaren bidez hurbildu zen Chillida artera eta hurreratze horretan papera izan zuen aurreneko lagun. 40ko hamarkadan, berriz, eskulturan murgildu zen eta igeltsua erabili zuen horretarako.

Burdina da, ordea, Chillidak gehien erabilitako materiala. 1951ean hasi zen hura lantzen, Parisetik Hernanira bueltatu zenean. Tailerra burdindegi baten aurrean zuen artistak eta han ikusitakoak izan ziren bere inspirazio iturri: "Nire herrira itzultzeko erabakia hartu nuen. Gure etxe parean errementari bat bizi zen. Ferrak egiten ari zen, oso giro ilunean. Horrela ikusten ditut nik euskal mundua eta euskaldunak. Argi beltzeko herria da gurea", idatzi zuen bere garaian eskultoreak.

Egurra ere erabili zuen Chillidak, "dentsitatea" lortzeko. Alabastroarekin ere jardun zuen, honek argia erakartzeko zuen moduarekin liluratuta.

Ormigoiz egindako eskultura handien argazkiak daude, azkenik, erakusketan. Material horren inguruko ikerketa egin eta hainbat artelan egiteko erabili zuen eskultoreak. Eduardo Chillidaren esanetan, ormigoia "ez da maitatua izan".