Itzuli orri osora
Menchu Gal margolariari Manuel Lekuona saria eman diote
vie, 03 nov 2006 08:34:00 +0100

Bere margolanen bidez, euskal kulturaren alde egindako lanagatik saritu du Eusko Ikaskuntzak. Sari hori jasotzen duen bigarren emakumea da.

Menchu Gal margolari irundarrak jaso du aurten Eusko Ikaskuntzak banatzen duen Manuel Lekuona Saria, euskal kulturaren alde egin duen lan eskergagatik.

Gal Irunen jaio zen 1918an. Gaspar Montes Iturrioz izan zen bere lehen irakaslea, eta 1932an, jada, Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketako saria jaso zuen. 15 urte bete gabe zituela Parisera joan zen; bertan, Amedee Ozenfant kubismoaren maisuaren eskolak jaso zituen, eta Matisseren obra eta fauvismoa ezagutu zituen. Ondorengo ikasketak, Aurelio Artetaren eskolan eta Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Eskolan egin zituen.

Adituen arabera, gerra ondorengo urteetan margolaritzari berrikuntza nabarmenak ekarri zizkion irundarrak. Hala, 1959an Pintura Sari Nazionala lortu zuen lehen emakumea izan zen.

Bidasoa eta Mantxako paisaiak

Bere lanean Bidasoa eta Mantxako paisaiak nabarmentzen dira, baita erretratuak ere. Espainiako Estatuko pintura-erakusketa garrantzitsuenetan eta nazioarteko antologikoetan erakutsi ditu bere artelanak.

Egin dituen erakusketen artean hauek aipatu daitezke: "Pintore espainiarrak New Yorkeko azokan" (1964), Lisboako Gulbenkian Fundazioan egindako "Paisaia Espainiako pintura garaikidean" (1971) erakusketa, Conde Duque kulturgunean "Emakumeak Espainiako artean" erakusketa eta Madrilen egindako "Vallecaseko eskola eta paisaiaren ikuspegi berria" (1990). Bilboko Arte Ederretako museoan edo Madrilgo Reina Sofian ere daitezke bere obrak.

1983. urtean sortu zuen Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria, euskal kulturaren alde egindako pertsonen lan osoa nabarmentzeko. Saria emakume bati ematen dioten bigarren aldia da. Micaela Portilla historialari arabarra izan zen saria jasotzen lehena.