Itzuli orri osora
Euskal margogintza XX. mendean: Pablo Uranga
vie, 22 sep 2006 08:34:00 +0200

Ignacio Zuloagaren eta Francisco Durrioren adiskide mina izan zen Uranga. Haiekin batera ikasi zuen Parisen, eta, Zuloagak bezala, inpresionismoaren eragina jaso bazuen ere, Espainiako pintura tradizionalaren eragin handia zeukan estiloa landu zuen. Nazioartean ez zen haiek bezain ezaguna izan, baina lana ugari egin zuen Euskal Herrian.

Pablo Uranga Diaz de Arkaia Gasteizen jaio zen 1861eko ekainaren 26an. Haurra zela galdu zituen gurasoak, eta hainbat senitartekorekin bizi izan zenez, sarritan aldatu behar izan zituen herria eta etxebizitza. Hori dela eta, gaztetan ohitu zen bidaiatzera.

Gasteizko Arte Ederren Eskolan egin zituen arte munduko lehen ikasketak (1878-1880). Ondoren, Madrilgo San Fernando akademian aritu zen. Marrazkigintza, kolorea, konposizioa eta beste hainbat gai ikasi zituen han. Garai hartan ezagutu zituen Espainiako hainbat margolari klasikoren obrak eta miresmena piztu zitzaion Grecoren margotzeko erarekin.

Pariseko mugimenduen eragina

Urte batzuk geroago, Francisco Durrio Bilboko eskultoreak Parisera gonbidatu zuen. Han, Ignazio Zuloaga, Santiago Rusiñol, José María Jordá, Toulouse-Lautrec, Darío de Regoyos eta beste hainbat artista ezagutu zituen, baita garai hartan Europan pil-pilean zeuden arte-mugimenduak ere. Ordutik aurrera, inpresionismoaren eragina nabaritu zen bere obretan, baina ez zion inoiz estilo horri zehatz-mehatz jarraitu: bere lanen oinarrian, eskola klasiko espainiarra egon zen beti.

Lehenengo erakusketa ere Parisen jarri zuen, Le Barc de Boutevillen, 1897an. Akuaforteak, marrazkiak eta olioak erakutsi zituen eta, gaiei dagokionez, paisaiak, erretratuak eta zezenketak ziren nagusi.

Enkarguzko lanak

Handik gutxira, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Hemen ezkondu zen, seme-alabak izan zituen, eta hainbat herri eta hiritan bizi izan zen: Elgetan, Gasteizen, Donostian, Bilbon...

Bizitza osoan zehar, enkarguzko lan ugari egin zituen jauntxo, enpresari, eliza eta erakundeentzat, eta hainbat lehiaketa eta erakusketatan aurkeztu zituen: Zaragozako Hispano-Frantziar Erakusketan (1908), Bilboko Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketan (1919) eta abar. Euskal Artisten Elkartearen sorreran ere parte hartu zuen.

Ignazio Zuloaga margolari ezaguna lagun onenetariko bat izan zuen. Parisen ezagutu zuen eta bien arteko adiskidetasuna sendotuz joan zen urteak joan ahala. Denboraldi luzeak pasatu zituzten elkarrekin margotzen Zuloagak Segovian zuen gazteluan. 20ko hamarkadaren hasieran bidaia egin zuten Ameriketara, New Yorkera eta Habanara, bien lanak erakutsi eta saltzera.

Azken urteetan, Donostiako Loiola auzoan bizi izan zen Pablo Uranga, eta han hil zen 1934ko azaroaren 7an.

Irudien iturria

  • Soinuaren Hotsa
  • Euskal Pilotaren Arabako Elkartea
  • Lorenart arte galeria