Luz Casalek datozen asteetan La Pasión izeneko bira bukatzeko eskaini behar zituen kontzertuak atzeratu ditu. Izan ere, bularretako minbizia aurkitu diote eta ebakuntza egin beharko diote. 2007an gaixotasun bera izan zuen abeslariak baina dagoeneko guztiz sendatzea lortu zuela zirudien.
Krisia musikaren mundura heldu da eta zailtasun ekonomikoek musika jaialdien egoera kili-kolo jarri dute. Horrela, zurrumurruak zurrumurru, Summercase jaialdia antolatzeaz arduratzen direnek zalantza argitu digute. Iazko urtean jaialdiaren laugarren edizioa 2010ean egingo zela aditzera eman bazuten ere, beste behin, krisia dela medio, Madrilen eta Bartzelonan egiten den jaialdia ez da ospatuko, hori esan dute bederen Sinnamon enpresako arduradunek.
Hondarribiko hondartzako aparkalekuak berriz hartuko du Olearso Jaialdia bere bigarren edizioan. Bihar, larunbata (maiatzak 1), Senser, Berri Txarrak, Loquillo, Sexty Sexers, Surfin Kaos eta Estricalla taldeen kontzertuez gozatzeko asmoz gerturatutako jendez beteta egongo dira Hondarribiko hareatzaren inguruak.
Carlos Jean musikariak hogeita hamar bat artista eta zenbait futbolari famatu bildu ditu eta Mezclando por Haití kanpaina eta "Ay Haití!" abestia sortu ditu. Horiekin lortutako diru guztia zuzenean Intermon Oxfami emango dio Haiti berreraikitzeko lanetarako. Inork ez du euro bat ere kobratuko, ezta SGAEk ere ez.
Gitarra elektrikoa flauta eta biolinarekin nahasten dute, eta iraupen luzeko kantak gauzatzen dituzte. 16 abestiz osatuta dagoen Atlantia diskoarekin, Mago de Oz taldeak lurrari zuzenduriko trilogia amaitutzat jotzen du. Aldaketa klimatikoaren eta duela milaka urtetatik planetari min ematen dioten hainbat egoeren inguruan mintzo da asteartetik salgai dagoen disko hau.
Asteon nobedade ugari izango ditugu musika dendetan; besteak beste, Lauroba eta Governors euskal taldeen Egunarekin eta Frenatikdrome lanak. Julieta Venegas disko berria (Otra cosa) kaleratu duen beste artistetako bat da, baita Jorge Drexler (Amar la trama), The White Stripes (Under Great White Northern Lights), eta Sugababes (Sweet 7) ere. Musika asko, beraz, datorkigun asteburu luze honetan entzuteko.