Gaur, urriak 8, Euskal diskogintzan ezinbestekoak diren sei lan binilozko luxuzko edizioan argitaratu ditu Elkar diskoetxeak. Gure diskogintzaren hastapenetik ekoitzi eta argitaratu diren milaka diskoen artetik, banaka batzuk funtsezkoak dira, euskal musikaren eta musika industriaren garapenerako ezinbesteko erreferentzia baitira. Dagoeneko eskuragarri duzu, beraz, belaunaldi oso baten soinu-banda osatu zuten sei talde edo kantariren lehen lanak, besteak beste, Barricada, La Polla Record, Mikel Laboa edo Ruper Ordorikarenak.
Uda atzean utzi dugu, eta berarekin, urteko musika jaialdi handienak. Artista askok, ordea, ez dute atsedenik hartu, eta azken hilabeteotan buru-belarri aritu dira euren disko berriak prestatzen. Bide Ertzeanek, Rulok eta KT Tunstall euren lan berriak estreinatu dituzte asteon, baita Metallicak, Neil Young, Tricky eta Eric Claptonek ere. Gainera, Dabid Bowieren omenezko diskoa eta Lobo Electrico talde tolosarraren azken lana ere kaleratu dira dagoeneko.
Duela urtebete pasatxo esan zigun agur Antonio Vegak. Pop espainiarraren abeslari handienetakoa, Nacha Pop taldeko liderra izan zen. Gaur egungo musikan presentzia izaten jarraitzen duten "La chica de ayer" edo "Lucha de gigantes" bezalako altxorrak utzi zizkigun. Honen gabezia handia bada ere, pop espainiarreko hainbat artistak eta taldek, Amaral, Marlango edo Los Planetasek, besteak beste, omenaldi xume bat egin diote El Alpinista de los Sueños: Homenaje a Antonio Vega diskoan.
Musikaren munduko izar handiak Madrilen izango dira udazken honetan. Datorren irailaren 7an MTV kateak urtero ematen dituzten European Music Awards (EMA) sarien hamazazpigarren edizioa ospatuko da Madrilen. Katy Perryk, Lady Gagak eta Rihannak bost izendapen dituzte eta, hori dela eta, aurtengoan ere begi-bistakoa da emakumezkoen presentzia.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ez du atsedenik hartzen, eta egunotan Euskal Konpositoreen Bildumako hamalaugarren bolumena izango denaren grabaketan murgildurik dago. Oraingoan Pedro Sanjuán orkestra konpositore eta zuzendari donostiarrari eskainiko zaio diskoa. Gainera, larunbatean hari-laukote batek Michael Nyman eta Philip Glassen musikarekin emango dio hasiera Miramongo Matinéeak zikloaren denboraldiari.
Zazpi urteko isiltasunaren ondotik, Limp Bizkit taldea bere errautsetatik berpiztu da, eta Gold Cobra diskoa prestatzen ari da, datorren azaroaren 30ean kaleratu dena. Dena dela, nu-metalaren zaletuak zorioneko dira, izan ere, larunbatean Floridako taldeak kontzertua eskainiko du Bilboko Santana 27 aretoan Gaztea irratiaren 20. urteurrenean.
Getxok ez du atsedenik hartzen, eta jaialdiek aurrera jarraitzen dute. Oraingo honetan Getxo Folk Getxo BBK jaialdiaren txanda iritsi da, irailaren 9tik 12ra arte, eta udalerriko kultur panoramaren protagonista nagusia izango da. Hogeitasei garren edizio honetan, Oyesterband, Mala Rai Band edo Ladysmith Black Mambazo bezalako talde handien emanaldiak izango dira entzungai. Lau egun horietan, Munduko Musiken eskutik, beste herrialdeak, kulturak eta jendea ezagutu ahal izango dugu.
Bilbo dotore-dotore jarri dute Aste Nagusirako, eta Marijaia txupinazorako prestatzen ari da. Bihar hasiko da Bilboko Aste Nagusia, eta, hori dela eta, Bizkaiko hiriburura gerturatzen direnek ikusteko eta entzuteko aukera izango duten emankizunen berri emango dizuegu. Udaletxeak antolatutako kontzertuekin hasiko gara, Kafe Antzokikoekin jarraituko dugu, eta Bilborockeko emanaldien berri emanez amaituko dugu. Gainera, Bilboko Konpartsek antolatutako kontzertuetara joateko asmoa dutenek, beren webgunean izango dute ekitaldi guztien zerrenda ikusteko aukera.
Donostiako aurtengo Aste Nagusiko jaiak musikaz gainezka datoz urtero bezala. Los Planetas, Delorean, The Wailers, Kiko Veneno, Maldita Nerea, Loquillo eta Betagarri dira aste osoan zehar kontzertuak eskainiko dituzten taldeak.