Itzuli orri osora
"Herria" diskoak eman dio amaiera Kepa Junkeraren trilogiari
vie, 19 nov 2010 19:30:00 +0100
Hiru urtetan mundu erdia baino gehiago zeharkatu du Kepa Junkerak bere proiektuarekin, eta aste honetan Herria diskoak proiektuari amaiera eman dio. Disko eklektikoagoa da, eta Parisen, New Yorken edo San Frantziskon, besteak beste, grabatutako 23 kantu biltzen ditu lanak. Mundu osoko musikariek desfilatu dute trilogia honetatik eta euskal kantuei kolore eta doinu berriak eman dizkiote.

Dagoeneko kalean da Kepa Junkerak euskal musika tradizionalari zuzenduriko trilogiaren azken kapitulua. 2008an hasi zuen proiektu hau Etxea diskoarekin, eta Iberiar Penintsulako eta Karibeko musikariez inguratu zen euskaraz abesteko. Horietan aipatzekoak dira Miguel Bosé, Ana Belén, Loquillo, Jaime Urrutia, Santiago Auseron, Maria del Mar Bonet, Estrella Morente, Michel Camilo eta Dulce Pontes, besteak beste.

Kalea proiektuaren bigarren diskoko euskal kantutegia osatzeko, berriz, abeslari eta musikari latinoamerikarrek hartu zuten parte, Juanesek, Kito Vitalek, Viticusek, Pablo Milanesek eta Julieta Venegasek, esaterako. Proiektua Herria diskoarekin itxiko da eta oraingoan herrialde ezberdinetako folk musikariak izan ditu protagonista diskoak.

Folk doinuak nagusi diskoan

23 kantu biltzen ditu Herria diskoak, Parisen, Istanbulen, Casablancan, eta Ameriketako Estatu Batuetako zenbait herrialdetan, hala nola, New Yorken, San Frantziskon, San Antonion, Oaklanden, Boisen eta Hawaien grabaturiko kantuak. Lan berri honek, beraz, hiri horietako musikak islatzen ditu, eta, horrela, doinu ezberdinak erabiliz egindako moldaketak aurkituko ditugu bertan: Indiar tribuetako erritmoak, Flaco Jimenezen musikarien tex-mez doinuak, New Yorkeko jazza, (Dave Doglas laukotearen eskutik), gospela, eta hainbat musika instrumenturekin sortutako doinuak: lirarekin, oukalelearekin eta Armenia eta Turkiako haize instrumentuekin.

Junkeraren esanetan, azken disko honek "doinu arraro samarrak eta instrumentu berriak" biltzen ditu. Gaineratu du diskoan "talentu handiko musikariak" parte hartu dutela, nahiz eta horietako askoren izenak ez izan lehendabiziko bi diskoetan parte hartu duten musikariak bezain ezagunak, hemen anglosaxoiko mundua nahiko ezezaguna baita.

Balantze oso positiboa

Trikitilari bilbotarrak azpimarratu du hiru diskoetan musikariek euskal kantu tradizionalak "bereak" egiteko aukera izan dutela askatasun osoz eta "inongo mugarik gabe", hori bai, euskal kantuen indarra eta euskara kontuan hartuz. Halaber, proiektuaren egileak onartu du zailena lehendabiziko diskoa egitea izan zela, batez ere, ordura arte beste instrumentista batzuekin elkarlanean aritzea ohituta baitzegoen, eta ez musikariekin, baina esan du behin Etxea grabatuta proiektu guztirako filosofia eta dinamika zehaztuta gelditu zela.

"Lortu dudan guztiarekin eta lagundu didan jende guztiarekin oso arro nago, eta proiektu guztiaren balantzea oso positiboa izan da", azaldu du Junkerak. Gaineratu du José Saramagori, pasa den ekainean zendua, eta Bernardo Atxagari eta Xabier Amurizari esker ona adierazi nahi diela disko hauetarako egin dituzten testuengatik.

Kepa Junkera, urte amaierara arte Herria diskoaren promozioan zentratuko da eta 2011n proiektu berriak jarriko ditu abian. Honen aburuz polita izango litzateke "jai amaiera" kontzertua egitea hiru diskoetan parte hartu duten musikari eta abeslariekin, baina hori antolatzea oso zaila dela esan du Junkerak.