Itzuli orri osora
Springsteenen sortze-prozesua, 'The Promise: The Darkness on the Edge of Town Story' lanean bilduta
vie, 12 nov 2010 19:30:00 +0100

Datorren azaroaren 16an The Promise: The Darkness on the Edge of Town Story kaleratuko dute mundu guztian. Aipatutako lanean, inoiz azaldu gabeko materiala aurkeztuko dute, eta Springsteenek bere ibilbideko une garrantzitsu batean izandako sormen prozesua azalduko da ikuspuntu berezi batetik.

Datorren asteartean, azaroak 16, The Promise: The Darkness on the Edge of Town Story lana kaleratuko dute, Bruce Springsteen & The E Street Banden kutxa berezi bat. 6 ordu baino gehiagoko bideoa eta 2 ordu baino gehiagoko audioa biltzen ditu 3 CDtan eta beste 3 DVDtan banatuta.

New Jerseyko rockerraren idazkiak biltzen dituzten koadernoen faksimileak hartzen dituen 80 orrialdeko liburu bat ere biltzen du The Promise: The Darkness on the Edge of Town Story lanak. Idazkietan, grabazio saioetako testuak, hitz alternatiboak, abestien inguruko ideiak, grabazioetako xehetasunak eta nota pertsonalak biltzen dira, baita artistaren testu berri bat eta inoiz argitaratu gabeko argazkiak ere.

Eragin handiko disko baten sortze-prozesua

Erromako Zinemaldian aurkeztu zuten dokumentala, eta zenbait Grammy eta Emmy sari dituen Thom Zimnik zuzendu du. 90 minutuko iraupenarekin, 1976 eta 1978 bitartean filmatutako eta inoiz ikusi gabeko Bruce Springsteenen eta E Street Banden irudiak biltzen ditu filmak. Etxeko eta estudioko entseguak eta Springsteeni eta bere musikariei egindako elkarrizketa berriak ere biltzen ditu lanak.

Darkness on the Edge of Town musikariaren bilduma garrantzitsuenetako baten sormen prozesua biltzen du dokumentalak, 1976tik 1978ra arteko irudiak. Born to run lanaren ostean, rockaren historiako disko eraginkorrenetako bat bilakatu zen Darkness on the Edge of Town.

Garaiko musikaren munduko beste pertsonaia batzuk ere azaltzen dira The Promise lanean, hala nola Patty Smith, Jon Landau ekoizlea, Patty Scialfa Springsteenen emaztea, eta E Street Bandeko beste kide batzuk ere bai.

26 urteko Bruce Springsteen ikus daiteke zuri beltzezko irudietan eta, 90 minututan, musikaren historiarako "Badlands" edo "Something in the night" bezalako abestiak utzi zituen eta musikariaren ibilbidea markatu zuen disko mitiko baten muina erakusten du The Promisek.

Datorren azaroaren 16an mundu guztian publikatuko duten lanaren luxuzko edizioaren baitan dago dokumental hau. Inoiz publikatu gabeko materialarekin, Springsteenek bere ibilbideko funtsezko une batean izandako sormen prozesuaren ikuspuntu berezi bat biltzen du filmak.

Luxuzko edizio hau 3 CD+3 Bly Ray formatuan ere kaleratuko dute. Era berean, The Promise lana ere publikatuko dute, orain arte inoiz argitaratu gabeko kantuak, abestien hitzak eta Springsteenen testu berriak biltzen dituen edizioa, 2 CDtan edo 3 LPtan.

(Argazkiak: brucespringsteen.net)