Itzuli orri osora
Ojos de Brujo taldea "Corriente vital" diskoarekin agurtu da
vie, 22 oct 2010 16:30:00 +0200
Laurogeita hamarreko Bartzelona moderno eta urratzailearen ikurra izan zen Ojos de Brujo, eta orain, 10 urteren ostean, bere ibilbideari amaiera ematea erabaki du "neke energetikoa" eta autogestio arazoak medio, hala adierazi du Marina Abad taldeko abeslariak. Gaineratu du "haustura hori jai batean amaitu" nahi duela. Ondorioz, eta ibilbide diskografikoaren hamargarren urteurrena ospatzeko, astearte honetan Corriente vital. 10 años kaleratu dute, artista ugariren parte hartzearekin.

Hamar urteko ibilbidearen ostean, Ojos de Brujo Espainiako mestizajearen eta fusioaren ikurrak agur esango digu Corriente Vital bertsioz osaturiko lanarekin. Diskoan musikari ugarik parte hartu dute, besteak beste, Amaralek, Najwa Nimrik, El Bichok edo Manolo Garcia, Marinaren musikari kuttunenetako batek. Taldearen bertsioak jo dituzte, baina "beste ikuspegi batetik, beste paisaia batzuekin". "Hamar urte jendez inguratuta ospatzen dira. Bai geure generoa, baita beste genero ezberdinak jorratzen dituzten musikariekin", dio la canillas bezala ezagunagoa den Marina Abadek.

Ondorioak izaten ari den erabakia

"Besteen ideien zerbitzura jarri gara. Eta euren esku utzi dugu. Agian ez da ideia oso originala izango bertsioekin disko bat egitea, baina jaia egitea eta gozatzea da helburua", dio abeslariak. Hala eta guztiz ere, zenbait komunikabidek kritikatu egin dute erabaki hau, baita taldeko kide batzuek ere. Kritika horiek diote Ojos de Brujoren banaketaren arrazoia taldeko kideen gaizki ulertuak eta gestioren hondamendia izan direla.

"Niretzat denboraldi miresgarria izan da, baina ez nago erritmo horretan jarraitzeko prest, dinamika horri aurre egiteko prest. Ondo bukatuko dela pentsatu nahi dut, bizi dugunaren ospakizun gisa". Zintzotasun osoz abeslariak onartu du taldekideen artean "desberdintasunak" daudela, baina banaketa "ebolutiboa eta konstruktiboa" nahi duela "neke energetikoaren" ondorioz heldu den amaiera horretarako. Izan ere, hamar urte eta gero, "bidaia ugari izan dira bai nazioartean baita naziotik kanpo ere, eta beti bide zailetik, Ojos de brujosen bidetik".

Gorabehera askoko taldea

Ojos de Brujo 1996an Bartzelonan sortu zen bertako uneko hainbat musikariren jam session ezberdinen topaketa batean. 1999an Vengue lana kaleratu zuten, eta ahoz ahokoak paper garrantzitsua izan zuen diskoaren hedapenean, berrogei mila kopia saltzera heldu baitziren. Ramon Jimenezekin, Marina la canillas-ekin, Xabi Turullekin, Pankorekin, Sergio Ramosekin eta Maxwellekin, taldea egonkortu zen, baina beti bestelako kolaborazioak izaten zituzten. 2001ean Edel euren diskoetxearekin kontratua apurtu, eta autogestioranzko joera hartu zuten, Espainia osotik zehar "Abriendo puertas" izeneko bira hasiz.

2002an, berriz, Barí argitaratu zuten La Fabrica de Coloresen eskutik, hau da, autogestiorako eurak sorturiko diskoetxearen eskutik. "Sistema oso bati aurre egin genion eta ez ginen irabazten atera. Bizirik egon gara eta gura izan dugun guztia egin dugu", -dio abeslariak-, "baina lehertuta utzi gaitu, eta ondorioz, nahikoa dela esatera heldu gara".

Aipatu diskoak arrakastaren bidea irekiko zion taldeari nazioarte mailan, eta diskoaren sustapen-biraren ondorioz AEBeko, Mexikoko, Kanadako, Japoniako edo Kolonbiako jaialdietara joan zen taldea. 2006an euren hirugarren lana kaleratu zuten Techarí izenburupean Diquela Recordsen eskutik, eta 2007an Techarí Live euren lehendabiziko zuzenekoa kaleratu zuten, zeinetan azken diskoko kantak ageri ziren, baita Bob Marleyren "Get Up, Stand Up" abestiaren bertsioa.

Disko honen ondotik taldeak atsedena hartzea erabaki zuen, eta geldialdi horrek taldearen egoeraren hausnarketa ekarri zuen, izan ere, autogestioak lan handia ematen zien, eta benetan garrantzitsua zenari, alegia musikari, ez zioten behar adina denbora eskaintzen. Hori dela eta, eztabaida baten ostean, Warner multinazionalarekin sinatzea erabaki zuten, nahiz eta askok begi onez ez ikusi. Hala, 2009an Aocaná, orain arteko azken diskoa kaleratu zuten.

Orain, flamenko-rock taldeak hamargarren urteurrena ospatzeko bertsioen disko bat kaleratu du, eta 2011n nazioarteko bira bat hasiko du mundu osoko agertokietatik zehar.

(Argazkiak: Ojos de Brujo)