Zarragoitxi
Kokapena eta Egitekoak
Izan ere, Zarragoiti (Zarragoitxi bertako hizkeran) mendian daude gazteluaren aztarnak. Tontorra malda aldapatsuz inguratutik dago. Hegoaldean malda amildegi bihurtzen da eta beraz, alde horretan alferrikakoa zen harresiak eraikitzen hastea, amildegia bera bazen nahikoa babes. Tontorretik begirada iparraldera luzatuz gero Bermeo ikusten da, XIV. mendean harresiz inguratutako herria zena. Gazteluaren eta herri zaharraren artean Sollube eta Almikatik datorren eta Artza badiara doan erreka dago.
Gaur egun, mendiaren magala etxeaz josita dago eta iparraldeko maldan, gazteluaren barrutian, baratzeak eta zelaiak daude. Gainontzeko malda guztiak eta tontorra baso eta sasiak hartuta dauzka.
Gazteluaz oso informazio gutxi dugu eta zaila da bere egiteko guztiak zehaztea. Bizkaiko jaunen egoitzetako bat izateaz gain, barrutiaren hedadura handia ikusirik, posible da gazteluak itsas ertzeko biztanleen defentsa segurtatzea. Batik bat Bermeo bera harresiz inguratu zuten arte. Kontuak kontu seguru dagoena da XIV. mendean egitekorik gabe geratu zela.
Zarragoitxi mendia, Bermeoko etxeez inguratua, Sollube mendiko maldatik begiraturik. (1999)
Historia
Gazteluaren jatorria argitu gabe dago. Busturialdea eskualde garrantzitsua izan da betidanik, eta horren lekuko erromatar garaiko aztarnak aurki litezke inguruetan. Bai Gernika ibaiaren bokalean, bai Foruan eta baita Santimamiñe leizean.
Goiz Erdi Aroari dagokionez ez dugu iturri zuzeneko berririk eta Bermeori buruzko lehenengo aipamenak XI. mendekoak dira. Lehenago, eskualdean, Mundaka-Gernika ibaiaren ezkerreko ertzean, bikingoak egon zirela uste da. Bikingoen hipotesi horri indarra ematen diote zenbait xehetasunek. Horietako bat da Jaun Zuriaren kondaira. Bera izan zen Bizkaiko lehendabiziko jaun mitikoa, baina Jaun Zuriaz gainera badira beste zenbait elementu ere bikingoengana hurbiltzen gaituztenak. Hala nola untzigintzako teknikak eta hitzak, Bizkaiko foru zuzenbidearen zenbait ezaugarri, arte-ondarearen kutsu erromanikoa, edo Bermeo toponimoa. Bermeo beste hizkuntzetatik mailegatutako hitza da eta itsas bazterra adierazten du. Aurrekariak ditu Frantzian, Holandan eta Ipar Europan.
Bizkaiko antolakuntza politikoari zegokionez, Bermeok lehentasuna zuen Batzar Nagusietan. Horrek guztiak ordurako Bermeok izango zuen garrantzia erakusten du, eta hori hala izanik, ordurako, gotorleku bat egongo zen.
Bermeo aipatzen duten lehendabiziko agiriak XI. mendekoak dira, baina horietan ez dugu aurkitzen Bermeori eta are gutxiago Zarragoiti Bermeoko gazteluari buruzko aipamen zuzenik. Lehen agiria 1051koa da, Iñigo Lopez Ezkerra-k, Bizkaiko lehen jaun dokumentatuak, eta bere andre Todak, Arabako gotzainari dohaintza bat egin ziotenekoa. 1053ko eta 1082ko beste bi dohaintzetan ere aipatzen da Bermeo herria.
Nahiz eta agiriak datarik ez izan, ziurrenik, 1239an jaso zuen Bermeok forua. Lope Diaz Haro II.a Buruberoak, Bizkaiko VI. jaunak (1214-1236), eman zion. Idatziak ez zuen Bermeoko gaztelua aipatzen, baina hiriko biztanleak anubda zerbitzutik salbuesten zituen. Horrek esan nahi du bertako nekazariek eta arrantzaleek gaztelua zaintzeko betebeharrik ez zutela.
Labairuren hitzetan, mende bat geroago, 1334an, Alfontso XI.a Gaztelako erregea Bermeon sartu zenean, honakoak ziren Bermeoren defentsak: ¿Bizkaiko jaun-andreen alkazar zaharra, eta pareta estu batzuk eta horma zilindriko bat itsasaldean eta talaian.¿
Zarragoitiko gaztelua Bizkaiko jaunen antzinako alkazarra zela pentsatzen da, tokia estrategikoki aproposa zelako. Bertatik, hiri osoa eta Sollube eta Mundakatik zetozen bideak kontrola zitezkeen. 1334an, Gaztelako erregeak ez zuen erresistentzia handirik aurkitu Bermeon. Babes faltagatik izango zen beharbada, edo bestela, herritar asko gaztelarraren aldekoak zirelako. Hiriek eta herritarrek laster onartu zuten erregearen agintea, eta horren aurkako erresistentziarik egon bazen, gaztelu eta gotorlekuetan egon zen. Baina horietan ere gutxi. Azkenean, Gernikan izendatu zuten Alfontso XI. Bizkaiko jaun. Baina izendapena jaso bezain pronto Bermeora joan behar izan zuen, Gaztelugatxera hain zuzen, han zenbait noble bizkaitar bere aurka altxa zirelako. Altxamendua Gaztelugatxen jazo bazen, ordurako Zarragoitxi mendiko gotorlekua defentsa gisa erabiltzen ez zelako izango zen.
Hilabete oso batez eduki zuten erregeak eta bere aldekoek Gaztelugatxe setiatuta. Armamentu astuna eta orduko aurreratuena erabili zuten, baina ahalegin guztiak alferrik izan ziren. Azkenean, Gaztelako erregeak lekuan gudari talde bat utzi eta Burgos aldera alde egitea erabaki zuen.
Halere, joan baino lehenago, 1334ko uztailaren 5ean, harrizko harresi bat eraikitzeko agindu zuen Alfontso XI.ak. Harresiak hiri osoa inguratuko zuen eta hurrengo bost urtetan udalak urtero bi mila marabedi lortu behar zituen zeregin horretara bideratzeko.
Hogei urte geroago, On Tellok, orduko Bizkaiko jaunak, bermeotarrei gotorlekuaren harria erabiltzeko baimena eman zien harresiaren eraikuntza bukatzeko. Hiri inguratzen zuen harresiak, bukatu zutenean, zazpi ate zeuzkan. Gaur egun San Joan ataria baino ez da geratzen. Atari hori harlan handiz egina dago, eta gaztelu zaharreko harria erabiliz eraiki zela esaten da herrian.
Zarragoitiko aztarnak eta kokalekua ikusirik, Bizkaiko jaunen jauregia edo alkazarra bera zela ondoriozta daiteke, baina bere kokaleku zehatza zein zen oraindik ez dago argi. Batzuen ustez, gotorleku hori egungo udaletxeko plazan zegoen, Baños kondearen jauregia altxatu zen orubean hain zuzen ere. Bestalde, harresiz kanpora ere, Eupeme Donea elizatik hurbil, Gaztelu toponimoak iraun egiten du. Beharbada toki gotortua izango zen hura eta herriak gaztelutzat zeukan. Gainera, eliza horren ondoan kanoiak zeuden XIX. mendean.
Iparraldeko harresiaren lerroa eta dorre baten aztarnak. (2000)
Egitura eta aztarnak
Zarragoiti mendian bi lekutan aurkitu dira aztarnak:
- Tontorrean oso laua ez den angeluzuzen xume bat dago, 10 metro inguruko luzerakoa. Zenbait aipamenetan harrizko murru txikiak ere agertzen dira.
- Harresiei buruzko aipamenak berriz, honakook dira: ¿Lurrari eustekoak bezalako harresiak daude¿, Javier Ibarra Bergek idatzia 1958an. Edo ¿Bermeon ageri diren hondakinak, lurrari eusteko harresiak, adibidez, akaso, orduko aztarna zaharrak izango dira (...).¿ Anjel Zabala Otzamiz-Tremoiaren 1928ko idatzietatik hartua.
Tontorrean ez da hormarik nabari. Gainaldea basoz eta sasiz estalirik dago eta horrek zaildu egiten du ezer ikustea. Hala ere toki batzuetan bertako harria antzematen da. Iparraldera eta mendebaldera perimetroa izan daitekeen pendizak eta sakonuneak ere nabari dira.
Muinoaren iparraldean, Zarragoiti kaleko azken etxeen atzeko aldean, mendi maldari eusten dion ia ehun metro luzeko murru bat dago. Hori gazteluari zegokion harresia da eta behealdeko itxitura izango zen, ipar-mendebaldekoa alegia. Zati batean baino gehiagotan zaharra ordezkatuz porlanezko murru berri bat egin dute. Luzera osoan harresiari jositako dorre trinkoak daude, batzuk prismatikoak eta besteak zilindrikoak, txandan-txandan. Gutxienez sei dira dorreak, baina huntza gailendu den baratzeetan bakarren bat gehiago egon daiteke. Mendebaldeko ertzean ere, azken dorretik haratago, sasiak ikusten dira eta baliteke horiek zerbait ezkutatzea.
Mendiaren hego-ekialdean, Kurtzio baseliza dago. Auzo horren gainean, harresi gehiago ikusten dira, baina ez dirudi gazteluari zegozkionak direnik. Azterketa arkeologikoak beharko lirateke hori baieztatzeko.
Iparraldeko harresia. Egungo bigarren dorrea, mendebaldetik hasita. (1999)
Iristeko
Santamañe kaleko (Mundakarako errepidea) Lankide Kutxaren ondoan hasten den karrikan gora igo behar da. Handik Zarragoitxi kalera iritsi baino lehen, ezkerrera hartu behar da. Malda horretan hasten dira aztarnak. Zarragoitxi kaletik ere igo daiteke, baina kasu horretan 1, 2 eta 3 zenbakidun etxe multzoaren ezkerraldetik sartu behar da Artzatik datorren bidera. Zarragoitxi kalean bertan ageri dira lehen zantzuak, etxeen atzealdeetan baitaude harresiaren aztarnak.