Itzuli orri osora

Zangozako gaztelua

FITXA

Udalerria: Zangoza

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Kastellongo gaztelua izena ere ematen zaio. Zangoza herriaren gainean zegoen gaztelua, baina Aragoi ibaiaren beste aldean, eskuinaldean, Arangoitz izeneko mendi multzoan. Hegoaldeko tontor nagusitik, bereziki Zangozako zubia zaintzen zuen, baina Oibarrerako bidea ere bai, gainean baitzegoen. Bestalde, Aragoiko lurrak behatzeko talaia ere izango zen.

Gaztelu honen egiteko nagusiaren inguruan ez dago zalantza izpirik: Zangoza babesteko eraiki zuten, Aragoiko mugan. Nafarroako Erresumaren Aragoi aldeko muga ixteko sortu eta garatu nahi izan zuten Zangoza. Gaztelua, berriz, herri gotortua defendatzen laguntzeko eta arerioek mendia ez erabiltzeko eraiki zuten. XIX. mendean ere erabili dute Arangoitz mendia Zangoza defendatzeko (bertan bi gotorleku eraiki zituzten liberalek).

Merinaldeko hiriburua zenez, gaztelua ibar-jaunaren egoitza zen, eta horrekin lotutako egitekoak ere bazituen.

Zangozako gaztelua

Kastellon, gaztelua eta herria, eta ingurukoak, ipar-ekialdetik begiraturik, ur biltegia eraiki baino lehen. Kastellon herri zena osorik ikusten da, baina gaztelua pinuen atzean geratzen da. Ezkerretan, Jesusen Bihotzaren irudia eta Zangoza herria. 1997)

Historia

Hasteko, bereizi egin behar dira Zangoza Zahar eta Zangoza. Hasierako Zangoza egungo Rokaforte herria zen, dagoeneko 924an aipatua Abd ar-Rahman III.aren erasoan. Kronikari musulmanak Baskwnsa esaten zion herriari, eta Antso I.a Gartzes (905-925) errege nafarra bertakoa zela esaten zuen. Hirigune horren gainbehera 1122tik aurrera hasi zen, Alfontso I.a Borrokalariak (1104-1134) herri berriari forua eman zionetik; errege-erreginek ahaleginak egin zituzten biztanlerik ez galtzeko, herri berrira bizitzera joatea ere galarazi zieten, baina alferrik izan zen.

Baina egungo Zangozan ere bereizi behar dira errege-erreginen jauregi gotortua, hiri-harresiaren parte zena, eta gaztelua, Kastellon izenez ezagutua, zeina herritik at baitzegoen. Jauregiaren inguruan eta zubiaren ondoan eraiki zuten Zangoza, eta 1122ko foru agirian, erregeak ¿gure jauregia¿ esaten dio eraikinari. Kastellon edo kastillon, bestalde, toponimo arrunta da beti, gotorleku batetik eratorria.

Zangoza berri herria eta Kastellon gaztelua garai bertsuan sortu zirela uste da. Herriari 1122an eman zioten forua, 1132ko agiri batek gazteluaren berri ematen du (Alfontso I.a Borrokalariak Zangozara bizitzera zihoazen frankoei eman zizkien onuren gaineko agirian aipatzen da gaztelua).

Antso VI.a Jakitunak (1150-1194), Zangoza babesteko, eta horrekin batera erresuma, are gotorrago egin nahi izan zuen Arangoizko gainalde hori. Horretarako, bertan herri bat sortu zuen 1171n, eta Jacako foru eredua eman zion: ¿Zangoza gainean, Kastillonen, herri hau eraiki dut nire erreinua zaintzeko....¿ Zegozkion lur mugak ere zehaztu zituen, eta zangozarren eskubide berdintsuak eman zizkien herritarrei, baina Zangozako gazteluzain eta almirantearen menpe zeudela jakinarazi ziren. Azpimarratzekoa da XII. mendean Castillon hitza erabiltzea. Izen hori erabiltzeak, inguru horretan erromatarren garaiko zeramika zatiak aurkitu izanak eta tokia den bezalakoa izateak zer pentsatu ematen du, eta ez da burugabea pentsatzea, beste leku askotan bezala, gainalde horretan lehenagotik ere bazegoela zerbait, Zangoza bera sortu baino lehen ere bai.

Alfontso I.a Borrokalariaren testamentua ez zen gauzatu, eta Iruñeko errege berriak, jasotako laguntzak ordaindu behar zituenez, Guillermo Aznarez Oteiza aberatsari eman zion Zangozako tenentzia, eta postu horren etekinak jaso zituen 1135etik 1157ra. 1164an, Sancio Remirez zen gazteluzaina, baita Lizarran ere.

1190ean, Antso Jakitunak Gaztelaren aurkako ituna egin zuen Aragoiko Alfontso II.arekin; itun horretan, Nafarroako erregeak Zangozako gaztelau eta beste lau gehiago jarri zituen berme gisa, eta ituna bete ezean, guztiak galduko zituen.

Martin Periz Caseda notarioak 1329an eginiko agirien inbentarioan, 567. zenbakikoa horrela laburbiltzen zuen: ¿Pergamino batean idatzitako gutunean, Pero Guillen Kastieillongoak eta bere emazte Toda Perezek, Pere Guillen Kastieillongoaren eta Grazia andrearen alabak, Kasteillon izeneko gaztelua saldu zioten Nafarroako errege Antsori, 10 santxeteren truke [diru baten balioa zuten zilarrezko txanponak]. Horren lekuko izan ziren Pedro Xpoual, Migel Baldouin, Domino Pomplonakoa, Guillen Escribano eta Guillem Baldouin. Urtarrileko hilean. In Era m.cc.lx.ij.[1224].¿

Idatzi horren arabera, Arangoitz mendiko herria eta gazteluaren jabetza, edo gutxienez euren etekinak, esku pribatuetara igaroak ziren, eta Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) bereganatu egin zituen, beste hainbeste gazteluren artean, erresumaren mugak gotortzeko politikari jarraiki.

1259 eta 1266. urteen artean, Johan Martiniz d¿Uritç izan zen gazteluzaina, Semen Martinez Uriz ordezkatu ondoren. Kastellongo gazteluzainaren soldata arrunta, 1265ean, 8 libera eta 40 kaizakoa zen. 1266an konponketa txiki batzuk egin zituzten gazteluan (Zangozako ibarrak 11 sos ordaindu zituela diote agiriek). 1276an, Artzibarko leinuko beste bat ageri da gazteluzain, Martin Ibañez Uriz. Honek hurrengo urtean leialtasunaren zina egin zion Joana I.ari (erregina: 1274-1305). Dorre nagusian konponketa handiak egin izango zituzten 1280an 42 libera eta 20 diru ordaindu baitzuten.

Zangozako, Lizarrako eta Tuterako ibar-jaunak hiriburu gisa hartzen ziren herrietako gazteluetako jaunak ere baziren. Gazteluzainaren soldata osoa dirutan jasotzen zuten, eta hori ez zen ohikoa, gaztelu gehienetan dirutan eta garitan ordaintzen baitzituzten soldata arruntak. 1305ean, Zangozako gazteluzainak 160 liberako soldata zuen, Lizarrakoak bezala (bi horiek zuten soldata handiena). 1310ean, soldatak murriztu zituzten, eta merinaldeen hiriburuetako gazteluzainek 100 libera jaso zituzten handik aurrera (orduan ere, lehen aipatu ditugun hiru herrietakoek irabazten zuten gehien). Hiru gaztelu horietako gazteluzainek, 1345ean, ibar-jaun ere izateagatik, 100 kaiza gari eta 200 kaiza garagar jasotzen zituzten.

Zangozako gazteluak ziega zuen eta badakigu zenbaitetan presoak hara eraman zituztela. Presoak tokiz aldatzean gasturik sortzen bazen, horiek agirietan jasotzen zituzten, eta horri eskerrak dakigu, adibidez, Zangozako ziegak segurutzat jotzen zituztela garai hartan.

1333an, labearen etxola berregin behar izan zuten, erre egin baitzen. 1365ean, inguruko gizon eta andreek dorre nagusiaren konponketa lanetan lagundu behar izan zuten. 1371n, berriro konponketak egin behar izan zituzten dorre nagusian, eta zaindarientzako etxolak jarri zituzten goialdearen inguruan, egurrez eginak. 1389an, etxola horiek berritu eta zabaldu zituzten.

1394an, orduko gazteluzaina hil egin zen, Fernando Aiantz, eta berria etorri arte, 5 gerrari eta txakur bat geratu ziren gaztelua zaintzen; 20 egun geroago etorri zen gazteluzain berria. 1409an, orduko gazteluzain eta ibar-jauna hil zenean, Joan Ruiz Aibar, bere alargunak jarraitu zuen gazteluzain eta ibar-jaun postuan ia bi urtez, Catalina Badostainek.

Vianako Printzeak 1444an sinatutako agindu baten arabera, badakigu almadiak gazteluaren diru iturri bat zirela; nonbait, horiek kentzen zieten zerga banatu egiten zuten: erdia Zangoza herrirako eta beste erdia gaztelua konpontzeko.

1461. urte inguruan, Ezpeletako Joan gazteluzain eta ibar-jaun zela, gerra zibiletan, kendu egin zioten gaztelua eraso batean.

XV. mendearen azken laurdenean, 1479tik aurrera, koroak eta Leringo kondeak hainbat itun izenpetu zituzten gerra geratzeko asmoz. 1493ko hitzarmenean, Vianako eta Zangozako gazteluetako ardurak berreskuratu zituen beaumondarrak. Dena dela, gerra berriro piztu zen hurrengo urtean, eta erregearen aldekoek hartu behar izan zituzten Tiebasko eta Zangozako gazteluak.

1512an, Iruñeak gaztelarren aurrean amore eman ondoren, gainerako herri eta hiriek gauza bera egin zuten banan-banan. Zangoza Aguilera kapitainak hartu zuen, eta Pedro Villegas jarri zuten gobernadore; gazteluzain, berriz, Alfontso Villegas. Gaztelarrek ere garrantzitsutzat jotzen zuten Zangozako gaztelua, eta ez zuten nahi izan nafar baten eskuetan utzi, ezta baumondar baten eskuetan ere. 1513an, Pedro Castro zen gazteluzaina, eta herriko kapitaina ere bai. Bi postuengatik 100.000 marabediko soldata jasotzen zuen urtean. Geroago, 1515ean edo, ordezko bat jarri zuen, Joan Arcediano.

1513an, 20 oinezko zeuden gazteluan (2 dukat jasotzen zuten hilean) eta 6 zaldun (hilean 1.500 marabediko soldatarekin). 1515eko txosten batek, berriz, zera esaten du: gazteluak 15 gerrari behar zituela bake garaian, eta 30 gerra garaian, orduko gazteluzainaren iritziz. Urte horietako inbentario batzuk baditugu armen inguruan (kanoiak barne) eta altzari eta jakien inguruan.

Nafarroako errege-erreginek, Katalina I.a eta Joan III.a Albretekoak, lau urte lehenago galdutako eskuratzeko ahalegina egin zuten 1516an; ekinaldi horretan, zangozarrek errege jauregia hartu eta gazteluzaina harrapatu zuten Sos herrira laguntza bila zihoanean. Baina gazteluzainaren emazteak gaztelua Xabierko jaunaren eskuetan utzi baino lehen, Diego Martinez Araba iritsi zen Arabatik, 800 gerrarirekin. Erresuma berriz eskuratzeko hirugarren saioa egin zutenerako, 1521ean, gaztelua jada suntsituta zegoen, 1519an bota baitzuen, Burgikoarekin batera, Antonio Manrique Naiarako dukeak, erregorde zela (1516-1521).

XIX. mendean, azken Karlistaldian (1873-1876), Zangoza hobeto defendatzeko, liberalek 1875eko uztailaren eta irailaren artean lau gotorleku eraiki zituzten inguruetan, horietako bi Arangoitz mendian. Zarco del Valle deitutakoa gaztelua zegoen toki berean egin zuten.

Antso VI.a Jakitunak sortutako herriari dagokionez, hasierako hazkundearen ondoren, XIV. mendean bizilagun bakan batzuk geratzen ziren, eta Zangozari atxiki zizkioten lurrak. Teobaldo I.ak (1234-1253) 1234an herritarrei baimena eman zien herrixka harresiz ixteko.

Zangozako gaztelua

Aurrean, Kastellon herri harresidunaren aztarnak, eta, atzerago, gaztelua, iparraldetik begiraturik. (2001)

Egitura eta aztarnak

Agirien arabera, dorre nagusiaz gain, beste 3 dorre laguntzaile zituen, hiru izkinetan, horietako bat ataritik gertu. Azken honek bi gela zituen barruan, eta hiru dorrek egurrezko estalkia zuten. Barrutiko harresiak sendoak ziren; 1358ko konponketa baten berri jasotzen duen agiri batek esaten du sarrera ondoko horman 14 beserdiko garaiera zuela (7 metro). Dorre nagusiaren goialdean egurrezko egitura bat zuen, oraindik dorretxe batzuetan ikusten den bezalakoa. Inguruan zuen bigarren harresiari harresi apal deitzen diote 1390eko konponketa handiei buruzko agirietan. Ate nagusiaren gainean, zaindariaren etxola zegoen, eta zulo edo erretenaren gainean egurrezko zubi bat.

Agirien bidez ez dago jakiterik barrutiaren oina nolakoa zen; edo triangularra (dorre laguntzaileak izkina banatan eta dorre nagusia erdian), edo lau aldekoa (dorre nagusia eta hiru laguntzaileak izkinetan). Baina aztarnen arabera, badirudi lau aldekoa zela. Barrutiko eraikin bati jauregia esaten zioten; dorre nagusiaren ondoan zegoen (¿dorre nagusitik gertu...¿), eta estalkia harlauzazkoa zuen. Barrutiko etxe batzuek komunak zituzten, eta eraikin laguntzaileen artean ardandegia, labe gela, zalditegia eta aletegia zituen. Bi sukalde zituen, ¿handia¿ eta ¿kanpokoa.¿

Gazteluaren barrutian ura biltzeko egurrezko ubide sarea zuten, eta kanpoan, berriz, urmael bat zuten, animalientzat eta gazteluaren beraren beharretarako. 1389an sakondu eta garbitu egin zuten.

Egun, aztarnak ikus daitezke Arangoitz mendiko hegoaldeko tontorrean, Kastellon herriko aztarnen mutur batean. Aztarna nagusiak kasko batean daude, 18 metro luze (E-M) eta 14 metro (I-H) zabal den kasko batean. Gainalde horren ekialdeko erdian eraiki zuten, 1875ean, gotorlekua. Gotorleku hori angeluzuzen bat zen, harlangaitzez egina, eta hormaren lodiera 1¿20 metrokoa zen. Baina aztarna horien azpian, gazteluarenak daude, kaskoaren gainalde osoan hedaturik. Horma zati batzuk 1¿90 metro dira lodi, eta harlanduz eginak daude.

Hegoaldeko maldan inguruko harresiaren aztarnak ikusten dira, garaiera handikoak oraindik ere hego-ekialdeko izkinan. Gazteluaren barrutiak, egungo aztarnen arabera, honako neurriak ditu: 26 m x 27 m.

Kastellon herriari zegokion barrutia ere nabari da, 80 x 35 metrokoa; lur sail baten hiru aldeetan ezpondak daude, eta horrek agerian uzten du herriaren eremua zein zen. Laugarren aldean, ekialdekoan, zulo edo erreten bat dago, herria eta gaztelua bereizteko. Zuloaren muturretan harresiak daude, eta herria eta gaztelua lotzen dituzte.

Hegoaldeko maldan, Oibarrerako errepidearen aldean, gaztelutik eta herritik eroritako zeramika puska asko jaso eta aztertu dituzte. Aurkitutakoa bat dator agiriekin (XII. eta XIV. mendeen artekoak dira). Dena dela, zeramika puska batzuk erromatarren garaikoak dira.

Iparraldeko tontor batetik gertu, Pedro Navarro deitzen zuten gotorlekuaren aztarnak daude, Iruñerako bidearen gainean.

Zangozako gaztelua

Gazteluaren aztarnak eta ingurukoak, goitik begiraturik. (2002)

Iristeko

Zangozako zubitik, Oibarrerako errepidean, kilometro batera, eskuinean errepidetxo bat hasten da. Handik, eta eskualdeko zabortegia inguratu ondoren, ur-biltegi erraldoiraino eta Jesusen Bihotzaren irudiraino joan daiteke. Ondoan, Kastellon herriko harresiak eta gaztelua daude.

Zangozako gaztelua