Urzante
Kokapena eta Egitekoak
Murchanteko eta Cascanteko herrien artean zen Urzante, tontor apal batean. Tontor horren iparraldeko muturrean dago garai batean gazteluko dorre izandakoa; baselizatxo bat du ondoan. Gaur egun ez da inor bizi Urzanten, eta herririk ere ez da, baratzez edo nekazaritzarako lur emankorrez inguraturik dagoen arren, baina ikuspegi ederra dago lau aldeetara.
Ondoan pendiza du gazteluak, mendebaldera eta iparraldera; babesgarriago bihurtzen zuen horrek. Ekialdean ere bazen zerbait, baina parte hori oso eraldatua dago gaur egun.
Inguruko biztanleak babesteko asmoz egindako gaztelua izango zen lehenengo, horrelako gaztelu asko baitzen inguruan, berant Erdi Aroko hasieran, eta jaurgo baten egoitza bilakatu zen gero. Urzanten diren aztarnek antz handia dute, bestalde, Pedrizko gazteluarenekin, batetik bestera bi kilometro baino ez da-eta, izan ere.
Egungo multzoa, Urzanteko lautadaren iparraldeko muturrean. (2001)
Historia
Vcian, Ucran, Uçran, Utçran, Vcram, Vçran¿, Urzante izena era askotara idatzi izan zen XII. eta XIII. mendeetako latinezko agirietan.
Herria eta gaztelua oso elkarren eskutik ibili ziren Erdi Aroan, baina ez zuten handi izatera iristeko biderik aurkitu. Eta gero ere ez, izan zuen biztanle edo su (herrietako jendea horrela kontatzen baitzen garai batean) kopuruek adierazten dutenez: 1553an, 5 su; 1646an, 10 su; 1786an, 10 biztanle; 1800ean, 35 biztanle; 1858an, 23; 1950ean, 15 eta 1960an, 27. Inguruko etxaldeetako biztanleen kopuruak dira azkeneko bi horiek, herria bera hutsik baitago XIX. mendearen bukaeraz gero. XIV. mendearen erdialdean ere egon zen, bolada batez, beste hainbat herri txiki bezala, biztanlerik gabe. Batzuek diotenez 1348ko izurriteagatik geratu omen zen hala, baina San Joan Ospitaleko ordenak eta ordaindu behar zituzten zergek ere izan zuten zer ikusirik.
Asko idatzi da dorrearen oinarriei buruz, eta erromatarren garaikoak izango dira seguru asko, garai hartako aztarna asko baita inguruko herrietan, erromatarren Cascantum-en edo Cascantetik bertan, urrutirago gabe. Urzanteko sailetan ere aurkitu izan dituzte orduko zeramika puskak, eta lur azalean, beti, ez da-eta azterketarik egin. Erromatarrek egin bazuten, musulmanek ere erabiliko zuten gero, beste hainbat bezala, talaia gisa, edo biztanleak babesteko gutxienez, zeren, ezertarako balio ez izatera, ez baitzuen hainbeste mendez iraungo.
Dirudienez, 1119an hartu zituen Alfontso I.ak (1104-1134) Tutera eta inguruetako herriak, eta Sobrarbeko forua emanik eskualdea antolatzen hasi zen berehala. Eta ¿Foru bera izan dezatela, gainera, Acaret eta Basaongo herrixkek, Alfaget eta Alcabeteko herrixkek, Almarza, Azut, Fonteillas, Mosqueruela, Espedola, Estercuel, Calchetas, Urzant, Muchant, Ablitas, Pedriz, Lot, Cascant, Barillas, Monteagut, Corella, Cintruenigo, Castellon, Cadreita, Murillo, Pullera, Valtierra, Cabanillas, eta Fustiñanako herrixkek.¿
Adierazgarriak dira izen horiek, eta ez izenengatik berengatik bakarrik, baizik, baita eskualde horretan gaur egun desagertuak diren zenbat herri eta etxadi gehiago zen eta Alfontso I.ak musulmanei zer hartu zien jakiteko ere. 28 herri eta etxadi dira zerrenda horretan, eta horietatik 15 hutsik baitaude gaur egun.
Tutera aldeko ondasunen banaketa egiterakoan (1121ean edo 1124an), Jainkoarena Jainkoari esaera bete nahiz-edo, meskitak eta haien zergapeko herri eta herrixkak Tuterako Santa Maria elizako kabildoari uztea erabaki zuen Alfontso I.ak, Urzanteko herria, besteak beste; eta Urzante herrien artean agertzen da, hain zuzen, ez almunien edo herri txikien artean. Urzantek ere bere meskita bazuela eta jendea erlijioz musulmana zela, esan nahi du horrek, zeharbidez. Kabildoa jabe egin zenean hasiko ziren kristauen eta musulmanek arteko erlijio-lehia, alde horretan mende batzuez iraungo zuena; XIII. mendearen erdialdean ere, artean musulmanak baitziren Urzanteko nekazariak. Musulmanen hirigintza eredua ikusita badirudi, bestalde, ordurako gaztelua egina zela.
Dena dela, Urzanteko gazteluaren eta egin zituzten konponketen aipamen gutxi da agirietan, eta bada horrela izateko arrazoi bat, oso debora laburrean izan zela errege gaztelu, edo erregeen administraziopeko gaztelu.
Goiko herri eta almunia ber-berak agertzen dira Gartzia IV.a Ramirezek (1134-1150) Tuterako forua berrestu zueneko zerrendan ere. 1138an, Urzanteko herria eta lurrak Jordan Peña handikiari eman zizkion errege horrek, eta Urraca Jordan Jordan Peñaren bilobak eta Pedro Ferriz Urrakaren senarrak garai hartako Europako mailegu-emaile handienetako bati utzi zizkion herria eta gaztelua, mailegu baten bahitura gisa, Antso VII.a Azkarrari (1194-1234), hain zuzen. 1220.ko uztailaren 3a zen, eta 10.500 sosekoa, mailegua. Mailegua itzuli egin zioten erregeari, Jordanen ondorengoen ondasunen artean baitzeuden Urzanteko herria eta gaztelua.
Horrela bereganaturiko ondasun asko zuen Antso VII.ak. Urzanteren kasuan gabe geratu behar izan zuen, baina ez esku-hutsik halere, 2.100 sosetan 15 sail, 3 mahasti, 5 etxe eta ezkaratz bat erosi zituen 1232an, Urzanteko lurretan.
1250 inguruan (1254an Yanguas-ek dioenez), San Joan Ospitaleko ordenari saldu zioten Urzante, eta han bil zitezkeen zergak etab. berenganatzeko eskubidea. Etxe bakoitzeko 8¿5 sos eta urtean produzitzen zuten lihoaren eta kalamuaren heren bat eman behar zioten nekazariek aurreko jabeari.
Maltako ordenarena izan zen gero, harik eta turkiarrek Palestinatik eta Rodasetik bota ondoren, Espainian ere udal eta udalerriei buruzko legedi berria indarrean aplikatuz (1835etik 1845ra) jaurgo pribatuak desagertu ziren arte. Urzanteko alkatea Jerusalemgo San Joan Ordenako priore nagusiak izendatzen izan zuen ordura arte.
Urzanteko eta inguruetako ondasunak Calchetastik kudeatzen zituzten, han baitzuten San Joango ordenak gomendioetako bat. Urzantetik oso gertu zegoen Calchetas eta elkarren mugako ziren. Tuterako gaur egungo ospitaletik 500 bat metrora zen Calchetas.
XVI. mendean berritu zuten Urzanteko gazteluko kapera, eta XX. mendekoak ditu azkeneko aldaketak. Pilarko Andre Mariaren jaierak ordezkatu zuen San Joan Bataiatzailearena, Jerusalemgo ordenaren jaurgoetan hori baitzen ohiko. Urzanteko parrokia izan zen.
Jaurgoa desagertu zenean Cascanteko udalerriari loturik geratu zen Urzante. Dena dela, ubide eta ur-banaketari dagokionez, oraindik ere entitate administratibo bereizia da, eta berak du isunak jartzeko eskubidea. 1998an Urzante entitatearen jarduerari buruzko arautegi berri bat onartu zuen Nafarroako legebiltzarrak.
Gaur egun gazteluak, egoitzak, lantegi batek, iparraldeko baratzeen artean den etxe batek eta hilerriak osatzen dute Urzante. Pilarko Andre Mariaren egunean izaten dira festak: meza, baselizatik hilerrira prozesioa, baselizako irudiarekin eta hamaiketakoa. Murchantetik etortzen da apaiza, hangoa baita eliz barrutiz. Cascanteko, Murchanteko eta Tuterako jendea biltzen da batik bat.
Multzoaren ekialde eta hegoaldea. (1999)
Egitura eta aztarnak
Gaur egun Urzanteko administrazioaren egoitza eta biltoki gisa erabiltzen dute gaztelua, eta erantsia duen etxearekin osatzen duen multzoari jauregia esaten diote ingurukoek. Multzo horretan, dorrea edo dorrearen puska bat bakarrik da Erdi Arokoa. Bi solairu eta ganbera bat ditu barruan, eta isuri bakarreko teilatua. Iparraldeko horma zuen aldean adreiluzko eraikuntza bat du orain, erantsita, eta handik du sarrera.
Dorrearen oinplanoa angeluzuzena zen bere garaian. Landutako harri handiz eginak zituen hormak, eta kareorez hartuak harriak. 8 bat metro luze, 6¿50 metro zabal eta 8 bat metro altu da gazteluaren jatorrizko puska. Zutik iraun duten hiru hormetan ez da aterik, ezta inoiz izandako arrastorik ere; leihoei dagokienez, berriz, ez dakigu zenbat eta nolakoak izango zituen, orain mendebaleko eta hegoaldeko hormetan nabari direnak ¿bata estalia eta bestea murriztua¿ gerokoak baitira biak.
Gaztelutik 20 bat metrotara dago harresia; pendiza, gero, harresiaren atzean behera, eta terraza edo zabaltza, harresitik gaztelu aldera. Harresia eta pendiza baselizaren ondora biltzen dira iparraldean, eta zabaltza beheko baratzeetara doan bideraino hedatzen da hegoaldean. Harlanduz egindako beste harresi baten aztarnak daude mutur horretan.
Ez dakigu gaztelua gaur egun ikus daitezkeen aztarnetaraino bakarrik zen, edo harago hedatzen zen, ezta herria edo herriko etxeak non ziren ere.
Oin angeluzuzena zuen baselizak ere, gain gangaduna, hala du oraindik, eta irudiz apainduak, hormak. Kanpotik baino ikusgarriagoa da, beraz, barrutik. XVI. mendean berritu zuten, eta mendebaldean sakristia erantsi zioten gero. Kanpandorre moduko bat ere badu teilatuan, baina kanpairik ez.
Murruen egituraren xehetasuna, hego-mendebaldeko izkinan; beharbada, musulmanen garaiaren hasierakoa. (2001)
Iristeko
N-121-C Tuteratik Tarazonarako errepidearen eskuinean dira gazteluaren aztarnak, Cascante baino lehen, 7 eta 8 kilometro zedarrien artean. Errepidetik ikusten da etxe-multzoa, ehun bat metrora baitago. Autoz ere joan daiteke, nahi izanez gero.