Itzuli orri osora

Tuterako gaztelua

FITXA

Udalerria: Tutera

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Hiri eta ibaiaren gainean, Santa Barbara mendian hedatzen zen gaztelua, eta herriaren hiri-harresiak inguratzen zuen mendia behealdetik. Gazteluari herria babestea zegokion, baina historian sartzen denean, IX. mendean, eskualdea ere babestu beharra zeukan, Iruñeko errege-erreginei Zaragozarako eta Tarazonarako bideak ixteko betebeharra zuen.

Geroago, babes bera eskaini behar izan zioten gazteluak eta herriak eskualdeari, baina orduan Aragoiko eta Gaztelako Erresumen aurka. Ibar-jauna gazteluan bizi zen, eta bere egoitza zenez, gazteluak egiteko berezi batzuk bazituen. Nahiz eta betidanik errege-erreginak egoteko atondua zegoen, errege agiritegi gisa ere erabili zuten gaztelua; XIV. mendean, gazteluaren zati handi bat Nafarroako jauregi dotoreenetako bat bihurtu zuen Karlos III.a erregeak.

Tuterako gaztelua

Egungo parkeko behatoki baten oinarria, dorre biribil baten gainean egina, eta hainbat murru. (2000)

Historia

Al-Udri (1003-1085) geografoaren arabera, 798an Kordobako emirrak Amrus ibn Yusuf bidali zuen Zaragozara Bahlul-en gidatutako matxinada amaitzera. 800ean, Bahlul bereganatu eta gero, eskualdea antolatzen ibili zen Amrus, eta Iruñeko Erresuma aldera jo zuen, bertakoak zigortzera. 801. urtearen inguruan, euskaldunek garaitu egin zuten, eta atzetik joan zitzaizkion Tuteraraino. Amrus bertako gazteluan babestu zen; beraz, urte hartarako bazegoen gaztelu bat Tuteran.

Bestalde, arkeologia lanek erakutsi dute mendia aspalditik izan zela bizitoki, eta etenik gabeko erabili zutela K.a.-eko IX. mendetik K.o.-go XVI. mendera.

Tutera 803an Banu Kasi sendikoek eta kristauek hartu zuten, baina musulman horien esku geratu zen. IX. eta X. mendean zehar, batzuetan Kordobaren mende egon zen eskualdea, eta beste batzuetan Zaragozaren mende, baina 872-924. urteen artean burujabea izan zen Tutera, Banu Kasi sendiaren eskutik.

Baina iparraldean, Iruñeko Erresuma gero eta sendoago zegoen, Errioxako eta Ebroko haranak bereganatu zituen jada, eta Antso I.a Gartzesek garaitu egin zituen (905-925) Banu Kasi sendikoak: Lope ibn Muhammad buruzagia hil egin zuen 907an, eta haren oinordekoa, Abd Allah, preso hartu zuen, 915ean, eta honen seme eta oinordekoa ere atxilotu zuen, 923an.

Egoera horri aurre egiteko, Abd ar-Rahman III.a etorri zen 924an. Banu Kasitarrak kendu zituen Tuterako buruzagitzatik, eta Zaragozako Tuchibi sendia jarri zuen. Ondoren Iruñeko Erasoaldia deiturikoari ekin zion, eta 24 egunez jardun zuen horretan. Urte hartarako, zubi bat bazegoen Tuteran.

Alfontso I.a Borrokalariak, Iruñeko, Aragoiko eta Sobrarbeko erregeak (1104-1134), Zaragoza hartu zuen, eta ondoren Tutera eskuratu zuen, 1119ko otsailaren 19an, Lakarraren ustez. Dena den, musulmanak gazteluan gotortu ziren, eta itun bat izenpetu ondoren, amore eman zuten (1119-3-15). Garai hartako gotorlekua alkazaba motakoa zen, gaztelu eta barruti gotortu bat, ez gaztelu trinko bat soilik.

Urte horietatik aurrera ezagutzen ditugu zein izan ziren gazteluzainak, arduradunak edo Tuterako jaunak, nahiz eta ez dagoen argi bakoitza zein urtetan ibili zen. Aznar Aznarez, 1119-1121; Fortun Gartzes Cajal, 1122ko ekainetik 1124ra; Rotrou Perche Alfontso I.aren lehengusua, 1124-1234 urteetan, baina kanpoan ere ibili zen, eta honako hauek jarri zituzten haren ordezko: kanpoan zegoen bitartean: erregearen iloba Beltran, 1132ko ekainean (gero Fragan hil zuen 1134an); 1134an; Gartzia Ramirez 1133-1136an; Gartzia III.a Sanchez Naiarakoa erregearen biloba; eta 1134tik aurrera, Iruñeko Gartzia IV.a Ramirez Berrezarlea (1134-1150).

Tuterak Iruñeko Erresumaren hiriburu izan zen, eta Gartzia Ramirez, Antso VI.a Jakituna (1150-1194) eta Antso VII.a Azkarra (1194-1234) Tuterako gazteluan bizi izan ziren gehienbat. Azken honek denbora asko ematen zuen gazteluan, eta El Encerrado ere esaten zioten (Etxezuloa). Ziurrenik, gaztelu horretan egongo zen errege agiritegia, eta erresuman bakarra izango zen.

1170etik aurrera, judutarrek bere auzoa utzi zuten, eta gazteluaren kanpoko barruti batera joan ziren bizitzera; judu auzo berri bat sortu zuten, eta han bizi izan ziren 1498. urte arte, Nafarroatik kanporatu zituzten arte.

XII. mendean izaniko arduradun batzuen izenak ere badakizkigu: Pedro Oso, Tuterako herrizain eta hango gazteluko jaun, 1146an (gutxienez, 1143-1150); Pedro Arazuri Logroñokoa ere urte batzuetan izan zen (gutxienez, 1160-1166), eta Pedro Ruiz Azagra Albarracingo jauna ere bai (gutxienez 1171-1178).

Champagne etxeko hiru erregeak (1234-1274), Euskal Herrira etortzen zirenean, gorago ibiltzen ziren, erresumaren erdialdean, baina Tuterako gazteluak ere hartu zituen horien bisitak. Teobaldo II.arekin (1253-1270) merinaldeak agertzen dira, eta Tutera jarri zuen Erriberako buru.

1259an, Aznar Lopez Caparrosok zuen gazteluaren ardura; 1276ko azaroaren 4an, Joan Sanchez Montagutek, leialtasunaren zina egin zion Joana I.ari (erregina: 1274-1305) Tuterako eta Lizarrako gazteluengatik.

Tuterako gazteluak utzia zion errege-erreginen ohiko bizileku izateari, baina 1280an gaztelua erosoago egiteko lan batzuk egin zituzten. Sukalde nagusia ¿jauregietan¿ ezarri zuten, eta gela nagusiko lurrezko murrua bota zuten, eta harrizkoa altxatu. Dirudienez, 1284an, Aragoiko Pedro infantea gaztelua hartzen saiatu zen, baina ezin izan zuen 1284an. 1308an gazteluko agintariak aldatu zituzten, eta orduan eginiko inbentario bat iritsi zaigu: armak, altzariak, kateak eta mota guztietako tresnak ageri dira, baita bi presoren izenak ere. Gazteluak bi kapera zituen, San Nikolasi eta Andra Mariari eskainiak.

1305ean, gazteluaren inguruko harresia konpondu behar izan zuten, erori egin baitzen, eta gotorleku osoa arriskuan utzi zuen. Geroago, 1309, 1334 eta 1338an, defentsarako tramankuluak gordetzen zituzten eraikinen estalkiak eta inguruko hormak konpondu zituzten. Gutxienez 1280tik bazeuden tramankuluak, urte horretan bat konpondu baitzuten; halaxe dio gastuen inguruko agiri batek: ¿Tramankulua konpontzegatik... XXIII sos eta VIII diru.¿ 1378. urtean kanoiak bazituela ere badakigu, hirian bertan Perrin Bordel edo Burdeosek eginak.

1371n, dorre nagusiari, la filla ere deitua, garaiera gehiago eman zioten, eta ertzak, erlaitzak eta goialdeko egurrezko egitura berregin zituzten. Angeluzuzena zen, eta bere barnean zegoen gazteluko ur putzu nagusia. Hurrengo urtean, Comptosko maisuek Iza Madraz arotz maisu musulmanari 4 sos eguneko ordain ziezazkiotela agindu zuten, kristauei bezala ¿eta Iza delako hori besteak bezain maisu ona zen, eta hobea ere bai.¿

XIV. mendearen hasieran, hamarren bat gaztelukako gazteluzainek soldata osoa dirutan jasotzen zuten, horien artean Tuterakoak. 1306an, 140 liberakoa zen soldata, baina gehiago jasotzen zuten Lizarrako eta Zangozako gazteluzainek, 160 libera. 1351tik aurrera gaztelu guztietako gazteluzainei dirutan eta garitan ordaintzen zieten, ibar-jaunen egoitza ziren gazteluetakoek izan ezik; Tuterakoa hala zen, eta Donibane Garazikoa ere bai. 1351n, soldata arrunta 100 liberakoa zen Tuteran, baina soldata horretaz eta bestelako dohaintzez gain, ibar-jaunaren soldata zegoen. 1345ean, ibar-jaun izateagatik 100 kaiza gari eta 200 kaiza garagar zituzten Zangozako, Lizarrako eta Tuterako gazteluzainek.

Oso gutxi dakigu castillaje izeneko zergari buruz (Nafarroan XIV. mendetik zetorren); izan ere, zuzenean jasotzen zuten ordaina, eta gazteluzaina eta gaztelua finantzatzeko erabiltzen zen. Zeharkakoak eta berantiarrak dira berri gehienak: gertu igarotzen ziren artaldeetatik ez zutela abererik hartu behar gogorarazten zien 1515ean Fernando Katolikoak Zangozako, Lizarrako eta Tuterako gazteluzainei; 1535ean, epai batek arautu zuen gai batzuen gaineko zerga, arrain freskoaren gainekoa barne; Erriberako ibar-jaunak, bestalde, almadia bakoitzeko enbor bat hartzen zuen, XVI. mendeko hainbat agiriren arabera.

1365ean gazteluko lanetarako finantzaketa berezi bila ibili ziren, eta Tuterako defentsen arduradunei eskatu zieten hiri-harresiak konpontzeagatik jasoko zuten dirutik 100 libera bidera zitzatela gazteluaren beharretarako. Gauza bera eskatzen zioten Ablitasko Ezmeli, judu auzorako bildutakotik 100 libera gazteluaren konponketak ordaintzeko eman zitzala ditzan. Judu auzoko harresia konpondu zuten urte hartan, eta 1373an, berriz, zubi altxagarria.

Brionesko itunaren ondoren, Tuterako gaztelua Gaztelako erregearen esku geratu zen 1379tik 1387ra. Urte horietan, nafarrek izendatutako bi gazteluzainei ordaindu egiten zieten, nahiz eta gazteluan ez bizi.

Karlos III.ak (1387-1425) gazteluaren zati handi bat jauregi bihurtu zuen, gehienbat 1388 eta 1394. urteen artean. Urte horietako gastua 25.000 liberakoa izan zen, gutxi gorabehera. Agirietan geratu dira zein lan egin zuten, zein material erabili zuten, zein izan ziren maisuak, zein lanen arduradunak, apainduren hainbat xehetasun, gastuak, beirateetan zein pertsonaia irudikatu zituzten¿ XV. mendeko errege-erreginek ere zaindu zuten jauregia, eta hainbat lan egiteko agindu zuten. Dena den, Karlos III.ak Erriberriko eta Tafallako jauregiak eraiki zituen XV. mendearen hasieran, eta Tuterakoa bigarren mailan geratu zen. Erresumako gobernadoreek ere Tuterako gazteluan egiten zituzten egonaldiak. Agirietan geratu dira haiek etortzen zirenean zein konponketa eta erosketa egiten zituzten.

Gazteluzaina ibar-jaun ere bazenez, gaztelua espetxe gisa askotan erabili izan zuten, eta heriotza zigorra bertan betearaztea ere ohikoa zen XIII-XV. mendeetan. Ziega bat baino gehiago omen zeuden, eta toki batean baino gehiagotan, bati 1330ean ¿carcer iusana¿ esaten baitiote. Horietako bat zalditegiaren ondoan zegoen, (horma batek bereizten zituen). Agiriek erakusten dute zenbat kate, soka, bilur, zepo eta abar erosi izan zituzten, eta XIII. mendetik aurrera eginiko inbentarioen berri ere badugu. Mota guztietako gaizkileak eta hiltzaileak izaten zituzten gazteluan, baina bitxikeri gisa esan daiteke tenplario batzuk ere izan zituztela preso, erregeak ordena ezabatu ondoren (1307an). 1375ean, gaztelar batek alde egin zuen, zulo bat eginez sinagogaraino. Heriotza zigorrera kondenatu zituzten gehienak urkamendian hiltzen zituzten Tuteran.

1406an, Nafarroako mariskal Martin Enriquez Lakarra zen gazteluzaina. Hura hil ondoren, haren semea izan zen Tuterako hurrengo gazteluzaina, Martin izenekoa bera ere.

1412an, Ebro ibaiaren aldeko maldako harresiak konpondu zituzten; behealdea harriz egin zioten XV. mendeko gerra zibiletan Tutera Agramondarren esku egon zen, eta gazteluan egonaldiak egin zituzten errege-erreginek; Iruñea Beamondarren esku zegoen, baina gerrek ez zuten utzi ondorio larririk Tuterako gazteluan. 1512an ere Agramondarrak nagusi izan ziren. Gaztelarrak eta beaumondarrak Sakanatik sartu ziren, baina Aragoitik ere beste gerrari talde bat sartu zen, Zaragozako artzapezpikuaren agindupean (Fernando Katolikoaren seme sasikoa zen). Tutera hesiturik, irailaren 9an amore eman behar izan zuen.

1516an, Cisnerosek Antonio Manrique Naiarako dukea izendatu zuen Iruñeko erregeorde, agindu garbi batekin: hiruzpalau gaztelu eta hiri-harresi izan ezik, Nafarroako gainerako guztiak birrindu behar zituen. Tuterak suntsiketa saihestea lortu zuen (Espainiako Karlos I.a enperadoreari idatzi zioten, eta idatzian behin eta berriz adierazi zioten leial zitzaizkiola).

Urte horietan beaumondar bat zegoen gazteluzain, Garci Perez Veraiz, 20 gerrarirekin. Dena den, 1515eko txosten batean, 50 edo 60 gerrari eta gerra garaian 100 behar zituela esaten zuen gazteluzainak. Gerrarien soldata bi dukat zen hileko.

Erresuma berreskuratzeko hirugarren saialdian, 1521ean, nafar erregearen alde jarri zen Tutera, eta Antonio Enriquez Lakarra, Ablitasko jauna, Tuterako gazteluzain bihurtu zen, Asparrosek izendatua. Tuterarren leialtasun falta ikusita, egoera kontrolatu zuenean, Karlos I.ak hiri-harresia eta gaztelua suntsitzeko agindu eman zuen Alemaniatik, errotik gainera.

Desegin zutenean, hondakinen zati bat eskuratzeko baimena eskatu zion hiriak Karlos I.ari, eta honek baimena eman zien, 1522ko apirilaren 10ean. Mirandako kondeak (V. erregeordea) idatzi batean jakinarazi zuen harria, egurra eta burdineria hiriari ematen zizkiola ¿errege jaunak hala aginduta, aurreko egunetan suntsitutako gaztelukoak...¿ Orduko gazteluzainari, Fausto Perez Veraizi, urrezko 50 dukat eta gazteluaren marmolak, harzuriak eta gainerako material bikainak eman zizkion.

1540an, Ebro gaineko zubiaren iparraldeko muturrean santutxo edo kalbario bat egin nahi izan zuten tuterarrek, eta erregeak harria gaztelutik hartzeko baimena eman zien, eta 1549an hainbat horma eta soto eman zizkien bizilagun batzuei, diru kopuru baten truke. 1610ean, Barbara Corellak Santa Barbara baseliza eraiki zuen gazteluko dorre nagusian, eta bertan ermitaua gisa bizi izan zen, orduko erregeordearen baimenarekin. Lehenengo meza 1611ko abenduan egin zuten. 1618. urtean hil zen, eta testamentuan kapelautza bat sortu zuen, eta patronatua udalen esku utzi.

1706an, herria gotortu egin behar izan zuten, Ondorengotza Gerra zela eta, artxidukearen gerrariak sartzekotan egon baitziren Aragoitik etorrita. Ziurrenik, gazteluan ere arituko ziren hiritarrak, bestela hiria defendaezina zen eta.

Napoleonen garaian, frantsesek mendiaren gainaldeko baseliza eta inguruko eraikinak gotorleku bilakatu zituzten, eta 1808-1813 urteen artean erabili. Frantsesek behin betiko alde egin zutenean, Mina gerrillariak gotorlekua suntsitu zuen. Guerra Errealista deitutakoan (1821-1823) -Karlistaldien atarikoa-, berriro gotortu zuten gainaldea. Lehenengo Karlistaldian liberalek eginiko gotorlekuarekin behin betikoz desagertu zen baseliza. Bi kanoi jarri zituzten. II. Karlistaldian dorre nagusia zenaren inguruan liberalek lan handiak egin zituzten, gotorleku berri bat atontzeko.

Tuterako gaztelua

Errepidea zabaltzerakoan 1985. urtean aurkitutako aztarnak eta Jesusen Bihotzaren irudia, dorre nagusiaren aztarnen gainean ipinita. (2002)

Egitura eta aztarnak

Florencio Idoatek 1520ko aurkikuntza bat aipatzen zuen, 730 txanponekoa, 2 edo 2¿5 kilo urre izango zena. Teilak hartzera joanak ziren, eta teilatuko egurrak puskatzean aurkitu zuten altxorra. Dirudienez, dagoeneko 1520an herritarrak hasiak ziren gaztelua desegiten. 1842an, lan batzuk egiterakoan galeria gangadunak eta sotoak aurkitu zituzten, eta Udalak hainbat neurri hartu behar izan zuen aztarnak babesteko.

Alejandro Retz ingeniariak 1800ean plano interesgarri bat marraztu zuen; orduko aztarnei esker, gazteluaren egitura orokorra nolakoa zen jakin daiteke, XIX. mendeko gotorlekuak egin baino lehen. Garai hartan, hiri-harresiak mendia inguratzen zuen behealdeko bi herenetan oraindik; 15 bat dorre zituen eta atari bat. Ibaiaren aldean, herritik gertuen zeuden dorrerik zilindrikoak ziren, eta gainerako guztiak prismatikoak. Gorago, beste harresi batek goialdea inguratzen zuen, eta barruti irregular samar bat eratzen zuen; oin biribila zuen eta dorre angeluzuzenak. Horren barruan, beste barruti bat zegoen, trapezoide itxurakoa, eta lau izkinetan dorre biribilak. Erdian, Santa Barbara deitzen zioten dorrea zegoen, dorre nagusia. Herria behealdean zegoen, eta gaztelua inguratzen zuen harresiaren alde oso batean mugakideak ziren.

Agirien arabera, gazteluak zuloak edo erretenak ere bazituen inguruan, eta zubi altxagarriak. Herriaren eta gazteluaren arteko atari nagusiak Ferraña zuen izena, eta Guillem Baron zen ate horren zaintzaile berezia 1365. urte inguruan.

Musulmanen garaian, gotorlekuaren eraikin nagusia txikiagoa zen, baina orduan ere harresiek inguratzen zuten multzoa. Garai hartan, IX eta X. mendeetan, harria asko erabili zuten, baina XI. mendearen geroztik adreilu gordina eta kare-mortairua nagusitu ziren eraikinetan.

1942an, Jesusen Bihotzaren irudi erraldoi bat jarri zuten gainaldean, Buzzi eskultore italiarrarena. Gazteluaren aztarnarik ikusgarriena, egun ere, oinaren azpiko eraikina da, nahiz eta zati txiki bat bakarrik dagokion gazteluari. Egun, harrizko oin angeluzuzeneko eraikin bat da, eta barruan gela batzuk ditu adreiluzko gangekin.

Mendia zeharo eraldatu dute parkea, ur-biltegia eta tontorrerako sarbideak egiterakoan. Dena den, gero eta aztarna gehiago ikusten dira 1983tik aurrera eginiko zundaketa, indusketa eta garbiketei esker. Burdin Aroko harresiren bat ere agerian utzi dute.

Ebro ibaiaren aldeko maldan, mendiko iparraldean, harresi sendoen aztarnak daude (gazteluarenak eta hiri-harresiarenak izango ziren). Euren artean, 15 metroko luzera eta 7¿5 metroko garaiera duen horma zati bat dago, behealdean harlanduzko azala gorde duen horma zati bat. Alde horretan, halaber, ekialdeko muturrean, horma zati baten eta dorre baten aztarnak daude, 9 metroko garaierakoa, (1997an utzi zituzten agerian). Egia esan, nonahi agertzen dira aztarnak, baina batzuetan oso zailak da zehaztea gazteluaren zein zatiari dagozkion.

Gainaldeko ipar-mendebaldean behatokia dago, eta dorre zirkular baten oinarriak erabili zituzten hori egiteko (lehenago, izkinako dorre bat izango zen). Handik gertu, beste horma zati baten aztarnak ageri dira. Dorre biribil gehiagoren aztarnak badaude, eta horma zatiak ere bai, baina batzuk XIX. mendean egin zuten gotorlekuari g bati dagozkio.

1985ean, errepidea zabaltzeko lanak egin zituzten, eta udaleko langileek harrizko ur putzu bat aurkitu zuten. Putzuaren inguruak garbitzerakoan, aurkikuntza ederra egin zuten: gela bat topatu zuten bi zutaberekin, ur biltegi angeluzuzen bat eta horma bat ate batekin. Arkeologoek, jarraian, zorua eta beste putzu bat aurkitu zituzten. Multzo hori ikus daiteke, eta dirudienez, XIII. mendean hori guztia lurrez estali zuten gazteluaren barruti nagusia zabaltzeko.

Egun, aztarna gutxi ikusten dira, baina aberatsak izan daitezke lur azpian geratzen direnak. Tuterako Udalak, Vianako Printzea erakundearen eskutik, urte batzuetarako indusketa plan orokor bat egin du. Horren arabera, epeka, mendi osoa aztertuko dute. Bestalde, gazteluaren lur azpiko galeria bat katedralera joango zela esaten dute Tuteran.

Tuterako gaztelua

Goialdeko eremuaren horma zatia, iparraldeko maldan (1998an egin zuten indusketa). Zati gehienetan harrizko estaldura galdu du. (2002)

Iristeko

Gazteluaren eta hiriaren arteko kalea igotzeko, Gazteluaren Pasealekutik abia gaitezke, mendiaren hegoaldetik. Tuterako alde zaharretik oinez, 10 minutu nahikoak dira igotzeko, bide eta eskailerak baitaude. Autoz ere joan daiteke goraino.

Tuterako gaztelua