Itzuli orri osora

Tiebasko gaztelua

FITXA

Udalerria: Tiebas-Muru Artederreta

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Gaztelua kasko baten gainean da, 561 metroko garaieran, eta herriarekin batera, Alaitz mendilerroaren ipar-mendebaldeko magalean dago.

Iruñerriko hegoaldeko sarrera zaintzea izango zen gazteluaren egiteko militarra, Alaitz eta Erreniega mendilerroen artean. Hegoaldeko hori ez zen sarbideetako bat soilik, erresumaren ardatz nagusietako bat baizik, gaztelua zegoen mendiaren azpitik igarotzen baitzen Iruñea¿Erriberri¿Tutera bidea. Handik gertu zegoen, halaber, Iruñea¿Elo¿Zangoza ardatza, eta Aragoitik zetorren Donejakue bidea ere handik igarotzen zen, zeina, Tiebas zeharkatu ondoren, Gares aldera baitzihoan.

Baina interes estrategikoaz gain, gazteluak izan zituen beste egiteko garrantzitsu batzuk ere: erresumako espetxea izan zen, gobernadorearen bizileku eta lantokia, diruzaintzaren egoitza, errege agiritegia¿ Tiebas Nafarroaren erdian zegoenez, egokia eta erosoa zen erresuma gobernatzeko. Indusketek gero eta gehiago azpimarratzen dute eraikinak, lehen garaietan, jauregi itxura zuela.

Tiebasko gaztelua

Gaztelua eta ingurukoak, hegoaldetik begiraturik. Atzerago, Iruñea. (2002)

Historia

Indusketek frogatu dute inguru horietan jendea ibili zela gaztelua eraiki aurretik ere; Burdin Aroko I eta II. mendeetan, erromatarren garaian eta Goiz Erdi Aroan osoan. Vianako printzeak eta Jose Moret historialari iruindarrak (1617-1687) adierazten dute Teobaldo I.ak (1234-1253) eginarazi zuela gaztelua; egungo historialariek eta arkeologoek, berriz, XIII. mendeko bigarren erdialdean egin zutela esaten dute, beharbada Teobaldo II.aren (1253-1270) hasierako urteetan.

Bi errege horietako batek eginaraziko zuen, noski, 1259. urterako erabilgarri baitzen eraikina. 1259 eta 1266 urteen artean, gutxienez, Creste diruzain nagusia bizi zen gazteluan, eta gaztelua zaintzeagatik soldata jasotzen zuen. Teobaldo II.ak egonaldi luzeetarako jauregi gisa baliatzen zuen Tiebasko gaztelua, Nafarroan zebilenean; ingurua sustatzen eta bilakabidean jartzen ere saiatu zen, herriari forua emanez (1264) eta lurrak eskuratuz, erosiz edo truke eginez. Eliza eraikitzeko garaian ere zerikusia izan zuen errege horrek.

Geroago, 1283an, orduko gobernadoreak astelehenetan merkatu egiteko baimena eman zion herriari, eta XIV. mendearen hasieran, herritarrek Gorteetara sartzeko eskubidea izan zezaten, errege herri izendatu zuten. Baina ahalegin guztiak alferrik izan ziren; herriak ez zuen indarrik hartu, eta hala, argi zegoen Iruñea izango zela erresumako hiriburua, 1319tik erregeen esku baitzegoen eta auzo banaketa desagertzear.

Jauregi gisa, Teobaldo II.aren egonaldiaz gain, erregeen senitartekoak ere hartu zituen gazteluak, 1259tik gutxienez. Enrike I.a ere (1270-1274) Tiebasen izan zen Nafarroan egin zituen hiru egonalditan. Baina geroztik, erregeen egonaldiak edo bisitak murriztu egin ziren, Nafarroan zehar beste gaztelu erosoago batzuk baitzituzten.

1997 eta 1998ko indusketetan, mendebaldeko maldan, eraikuntza kondarren artean, ehunka baldosa dekoraturen puskak aurkitu zituzten (herensugeak, txoriak, loreak, marrazki geometrikoak¿). Jauregi dotore bateko materialak dira, eta dirudienez, Champagnen edo inguruan eginak, XIII. mendearen bigarren erdialdean. Teilak ere koloredunak ziren, eta leihoen irekidurek eta kapitelak harrizko irudiek osatzen zituzten.

Hasiera-hasieratik, erresumako espetxea izan zen, eta agirien arabera, 1280an 26 preso zeuden bertan, ziurrenik 1276ko Nafarroako Guduan Nafarrerian atxilotuak, nahiz eta, Anelier lekukoak jarritako bertsoen arabera, ez dirudien hala: ¿(¿), eta gainerako guztiak Tebasen sartu zituen presondegian, pixkana ahitu eta oinazez hil zitezen; behin ere ez dut gizon bat ikusi (Beaumarchais gobernadore frantziarra) hain ongi mendekatzen.¿ Orduko gazteluzaina Joan Sanchez Monteagudo zen, eta 1280. urte horretan ardura bera zuen Arguedasko gazteluan.

¿Lapur ezin txarragoak¿ edo ¿gaizkile ezin txarragoak¿ deitzen zieten garai hartan bertan zeuden presoei edo hara eramandako hilotzei. Bestalde, agirietan jasoa geratu da hainbat preso gaztelu edo herri batetik bestera eramaten zituztela. 1304an, esate baterako, Tiebastik Eloko gaztelura eraman zituzten batzuk, han urka zitzaten. 1305ean, Tuteratik Tiebasera ekarri zituzten, bertan urka zitzaten 1304an, berriz, Aragoiko gazte bat eraman zuten Tiebasera, bertan mingaina moztu ziezaioten, erregeari buruz gaizki esaka aritzeagatik.

Gaztelua zergen biltoki gisa ere erabili izan zuten. Zergak askotan ez zituzten dirutan jasotzen, bestelako gauzak izaten ziren, eta erregeek eskualdeetan biltokiak behar izaten zituzten.

Pedro Maugrinnon edo Malgreñon gazteluzain zela (gutxienez, 1300-1308), 1306an aletegiaren, zalditegiaren eta gela batzuen estalkiak konpondu zituzten, baita lorategiko iturria ere. 74 sos eta 6 diru gastatu zituzten. Garai hartan, gazteluzainaren soldata arrunta 100 sos eta 25 kaiza gari zen urteko. Kopuru horri dirutan eta gauzatan beste sarrera batzuk gehitu behar zaizkio.

1308tik aurrera, beste gazteluzain bat izendatu arte, Iruñeko seneskalak jardun behar izan zuen horretan, bere soldata igo gabe. 1309ko Jasokunde egunean, gazteluzain berria etorri zen, Garzia Migel Etxarren, eta dirudienez, 1345. urte arte egon zen. Gazteluzain honen garaian egin ziren konponketa batzuk ezagutzen ditugu: 1319an, inguruko dorreak konpondu zituzten, erortzear omen zeuden eta; 1321ean, jauregi zatiko gela nagusia eta aletegiko paretak konpondu zituzten, eta toki batzuetan teila berriak jarri zituzten gain. Beste konponketa batzuk ere egin zituen bere agintaldiak iraun zuen bitartean (1309, 1315, 1333, 1337, 1340 eta 1345. urteetan, adibidez).

Hurrengo gazteluzainak (1345-1364), Monrealgo Joanek, 50 soseko osagarria jaso zuen kaperako kandelentzat, 1356an. 1364tik aurrera judutar bat zen gazteluzain, Salomon Polbroc edo Polvorot.

Karlos II.aren erregealdiaren (1349-1387) lehenengo urteetan lan dezente egin zuten gaztelua egoki zaintzeko. Martinenak, adibidez, 1349 eta 1377. urteen artean 13 berrikuntza edo konponketa lan egin zituztela aurkitu du agirietan, eta 806 libera, 11 sos eta 82 diru gastatu zituztela. Karlos II.ak 1371n eta 1372an izenpetutako aginduen eta bestelako agirien arabera, badakigu garai horretan Tiebasko gazteluan eman zituela zenbait egun. Baina gerren, iruzurren eta traizioen artean, 1378ko udan Gaztelako bi gerrari talde sartu ziren Nafarroako Erresuman, eta horietako batek Tiebasko gaztelua hesitu zuen. Nahiz eta ondo hornitua egon, orduko gazteluzainak amore eman zuen, eta gaztelua Pedro Manrique gudalburu gaztelarrari eman zion. Handik joan baino lehen, gaztelarrek gotorlekua erre egin zuten, eta bertan gordetzen zituzten agiriak ere bai.

Tiebasko gaztelua, izan ere, agiritegi ere bazen (baita gobernadorearen bizilekua ere). 1329an eginiko Nafarroako agirien inbentarioan, hiru agiritegi aipatzen dira: Tiebas, Lizarrako gaztelu nagusia eta Iruñeko Maria Delgada dorrea. Horren arabera, Tiebasen zeuden diruzaintzaren agiriak, erregearen agiritegiaren zati bat eta Iruñeko gotzainaren hainbat agiri, guztiak kutxa batean. Erroldatutakoa eta iritsi dena ikusita, badirudi suteak ez zuela kalte handirik egin, edo baliteke, halaber, ordurako Tiebasak utzi izana erresumako agiritegi izateari.

1378ko suntsiketaren ondoren, ez dago jakiterik noiz berreraiki zuten gaztelua. 1405eko ohar batean oraindik esaten zen ¿gerra garaian erre eta desegin zuten¿ eta 1409ko salaketa bat ere iritsi zaigu, norbaitek gaztelutik harria hartu zuelako haien kontra jarria.

Joan II.ak (1425-1479) 1445ean gaztelua eta herria dohaintzan eman zizkion Joan Beaumontekoari, orduko San Joan ordenaren Nafarroako Priore Nagusiari. Garai hartako agiririk ez dago, baina pentsatzen da Joan Beaumontekoak aginduta berreraikiko zutela gaztelua, garai hartako estiloan, gotikoan alegia. Badakigu 1450ean gazteluzaina izan zuela Tiebasek, Erbitiko Sancho, hain zuzen, hari ordaindutako soldaten agiriak geratu baitira Comptos agiri sailean. Vianako Printzeak egonaldiak egin zituen Tiebasen, (1451n han izan zen).

Tiebasek Beaumondarren esku jarraitzen zuen, eta 1473an, adibidez, hainbat salaketa jarri zituzten inguru haietan zebiltzan bidaiariek, lapurretak zirela eta. Luis Beaumonteko Leringo II. kondea leinuburu zela, eta gerra zibileko azkenetako atal batean, 1494an, Joan III.aren (1494-1517) gerrariek hesitu eta hartu egin zuten gaztelua, kanoiak erabiliz. Gaztelak Nafarroak konkistatu baino lehen, Beltran Leskun izan zen azken gazteluzaina, erregearen zerbitzaria.

Nafarroako errege-erreginek erresuma berreskuratzeko egin zuten lehenengo saioan, 1512an bertan, Baiardo jaun gaztelarra gidari zuen gerrari talde batek hartu zuen Tiebas, azaroaren 24an, Iruñea hesitu zutenean. Artiedako Joanak defendatu zuen gaztelua, 200 gerrarirekin, senarra, Martin Beaumontekoa, Iruñean setiaturik zegoela. Eraso bat gainditu zuten, baina etsi egin behar izan zuten 4 kanoik eginiko kalteen eta ezusteko eraso baten aurrean.

Geroago, Fernando Katolikoak ez zuen gaztelua suntsiarazi, alderantziz, gotortu zuenetako bat izan zen. Zuritaren arabera, Iruñearen defentsan lagungarria suertatu zitzaien gaztelarrei, eta komeni zitzaien gotortzea. 1512ko gerra ondoren, ateak eta beste gauza batzuk konpondu zituen Martin Beaumontekoak, gotorlekua berea zela esanez. Bestalde, 1515 inguruko txosten batean fortaleza llana dela esaten zen, besteak beste.

Erresuma berreskuratzeko azken ahalegin militarrean, 1521ean, Andre Foix gudalburuak, Asparrosko jaunak, Logroñotik atzera egin ondoren, gerrariak eta artilleria sakabanatu zituen Tiebas eta Ezkirotz artean, Erreniegan zehar. Gaztelarrak mendilerroa inguratu eta gaskoi-nafarren atzealdean jarri ziren, eta Noaingo inguruetan borrokatzera behartu zituzten (1521-6-30).

Gaztelua berriro konponduta, 1560an Joan Acedo gazteluzaina preso hartu zuten, han biltzen baitziren zenbait noble euskaldun, orduko Nafarroako erregearen, Antonio Borboikoaren (erregealdia Nafarroa Beherean: 1555-1562), etorrera prestatzeko. Biltzen zirenen artean iparraldeko hainbat leinuburu zeuden.

Esan bezala, Beaumondarren ondasuna izan zen gaztelua, eta geroago Alba etxearena, eta inguruko errentak Asiaingo gaztelutik kudeatzen zituzten XVII. mendetik aurrera. 1654an Tiebasko biztanle batzuk epaitu zituzten harria lapurtzeagatik. Ziurrenik, XVII. mendeko bosgarren hamarkadatik aurrera baztertu egingo zuten gaztelua.

XIX. mendearen hasieran oraindik nahiko ondo zegoen gaztelua, Martinenak argitaratutako hiru planoren arabera. Baina 1809-1813. urteen artean, Napoleonen gerrariek zaintza toki gisa erabili zuten gaztelua, eta urte horietan guztietan Tiebasen egon ziren frantsesak, nahiz eta beste toki batzuk utzi behar izan zituzten indarrak batzeko. Ondoren, frantsesek alde egiterakoan, edo, Minaren gerrillariek geroago, leherrarazi egin zuten eraikina. Garaiko agiriek ez dute aipatzen, baina indusketa lanek erakusten dute leherketa bat izan zela, eta barrualdea desegin zuela.

Tiebasko gaztelua

Sotoaren ikuspegi bat, sarrera eta leihoarekin. (1996)

Egitura eta aztarnak

Espainiako Armadaren Geografia Zerbitzuak gazteluaren planoak egin zituen 1800. urte ingurukoan, eta horiek erakusten dute Erdi Aroko gaztelua nolakoa izango zen, eta egungo aztarnak ulertzen laguntzen dute. Plano batek gazteluaren egitura eta inguruko harresia jasotzen ditu, eta erreten edo lunabarro baten soslaia dakar. Beste batean zaintzarako bi dorreren planoa eta soslaia daude. Besteak Tiebas herriko ikuspegi bat dakar, gaztelua azpimarraturik.

Egituraren aldetik aipatzekoa da dorre nagusirik ez zuela, eta hori gutxitan gertatzen da. Gaztelua erre (1378) baino lehen eginiko konponketen agiriek egiturari buruzko zertzelada batzuk ematen dizkigute:

Jauregi bati zegozkion gela batzuk zeuden, eta euren izenak erabilera edo garrantziaren adierazleak izan daitezke: kapera, erregearena, inudeena, nagusia, berria¿ Beste batzuk gortekoen gelak deitzen zituzten (cambras cortesanas). Sukalde bat baino gehiago zeuden, bati sukalde nagusia esaten baitzioten; gazteluko barrutian labea eta aletegia ere bazeuden. Inguruko harresi osoaren goialdean egurrezko egitura bat edo aldamioak zeuden, baita dorre laguntzailea eta zaintzaileen etxolak ere. Dorre eta zaintzaileen etxolak materialak egurrez, harriz eta adreiluz eginak zirela esaten da. Barrutitik kanpoan zegoen zalditegia, herriaren eta sarreraren aldean. Gaztelua zegoen muinoaren behealdean, mendebaldean, erretena igarota, baratze edo lorategi bat zegoen. Bertan, putzu edo ur-biltegi bat eta etxetxo bat zeudela esaten da.

XV. mendean egin zituzten berreraikuntza lanen ondoren, ez dira berriro aipatzen goialdeko egurrezko egiturak, eta dorretxoak apaindura bihurtzen dira, XIX. mendeko planoetan ikusten diren bezala (berunez estalitako konoz bukaturik ageri dira). Mendebaldeko maldan baldosa puskak aurkitu izan dituzte, erreketa arrastoekin, eta dirudienez, kendu eta bota egin zituzten apaindura horiek eraikina zaharberritzean.

Eraikin nagusia angeluzuzen handi bat da, kontrahormak sartu gabe, 48 x 27 metrokoa, eta bi solairuz osatua. Oina hiru zatitan banatua dago. Muturreko zatiak, iparraldean eta hegoaldean, bizilekuak ziren, eta erdikoa, karratua, patio arkudun bat, erdian putzu edo ur biltegia zuela. XV. mendeko arku gotikoak eta goiko solairurako eskaileren aztarnak geratu dira. Hormak oso lodiak ziren (ingurukoa 2¿30 metro zen lodi, barrualdeko bat, barnean eskailera zuena, 2¿90 metro). Harlanduak ziren murruen azalak, barrualdean harriz eta eustorez beterik. Murruen aztarnek erakusten dute zenbaki tokitan 10 bat metroko garaiera zutela. Gazteluaren lau aldeetan kontrahorma sendoak zituen hormetan eta izkinetan. 1997ko indusketa lanak ageriago utzi zituzten iparreko eta mendebaldeko hormak eta kontrahormak, eta 5 gezi-leiho.

Iparraldeko zatiaren azpian, soto gangadun ikusgarri bat dago (13¿7 x 4¿3), 6 zulo edo horma-konkekin. Sotoko sarrera eskailera bat da, eta leiho harmailadun bat du, eta gangaren goialdean bi zulo. Ezin izan da zehaztu oraindik zertarako erabiltzen zuten sotoa: ziega ote zen, ardandegia¿

Inguruko harresia desagertu egin da, mendebaldean izan ezik. Alde horretan geratzen zena ageriago dago indusketa egin ondoren. Baina harresiaren lodiera ikusita (0¿70 metro) eta oinarri sendorik gabe egina zenez, defentsarako baino gehiago lorategia mugatzeko ez ote zen pentsatu izan da 1280a, gutxienez, lorategia bazela badakigu, baina XV. mendean jada baztertua zegoen, eraikin-hondarrez estalirik. Inguruko harresian eta eraikin nagusian harginen markak agertu dira, 120 ikur gehiago; badirudi garai berean egin zituztela guztiak, XIII. mendeko bigarren erdialdean.

Mendebaldean, harresia igarota, oraindik suma daiteke zuloa zegoela. Hegoaldean, eraikin baten aztarnak geratzen dira, gazteluaren eremua izandakotik at, baina Santa Katalina baselizari dagozkio, ez XIV. mendean aipatzen zen zalditegiari, zeina barruti nagusitik kanpo baitzegoen.

Kareharria Alaizko harrobietatik ekarri zuten, baina oinarrietan eta hainbat tokitan harearria ere erabili zuten (izkinak, janbak, apaindurak¿). Egurra ere Alaiztik ekartzen zuten, hainbat agiriren arabera.

Herriko elizan gorde dituzte landutako harri batzuk (aurpegiak, hostoak¿).

Tiebasko gaztelua

Gazteluaren planoa, 1800. urte ingurukoa, Madrilgo Zerbitzu Historiko Militarraren agiritegian dauden hiruretako bat

Iristeko

Iruñea-Tutera errepidetik, N-121, kilometro batera geratzen da gaztelua, Tiebas herritik gertu. Autopistatik ere ikusten da, baina bertan ez dago irteterik.

Tiebasko gaztelua