Itzuli orri osora

Santacarako gaztelua

FITXA

Udalerria: Santacara

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Aragoi ibaiak zeharkatzen duen haranaren ipar bazterrean daude herria eta gaztelua, mendi baten gainaldean gaztelua eta magalean herria. Biak ibai horrek zeharkatzen duen haranaren zati berezi batean daude (hogei bat kilometroko eremuan), Caparroso eta Zarrakaztelu herrien artean. Harana eskualde horretan, igarobide izateaz gain, Bardearen atzealdea da Aragoiko mugatik etorrita.

Gaztelutik ekialdera eta hegoaldera begiraturik Murillo el Fruto, Zarrakaztelu, Oliba monasterioa eta Melida herria ikusten dira. Mendebaldera, Arrada zenaren muinoa, Caparroso eta Murillo el Cuende. Herri horiek ere gazteluak zituzten, eta guztiek elkarrekin muga zaintzen jardungo zuten. Euren artean komunikazio katea osatzea ere ez zitzaien zaila gertatuko, guztiak ere begi-bistan geratzen baitziren.

Gazteluaren behealdean herria garatu zen, Kara, herri erromatarraren ondorengoa, nahiz eta ez izan orduko haren kokaleku bera. Herritarrei babesa ematen zien gazteluak, eta, beraz, herriaren eta gazteluaren historia estu-esturik daude lotuta Erdi Aroan.

Santacarako gaztelua

Aztarnak goitik begiraturik. Dorre nagusiaz gain, gazteluaren eremua nabari da inguruko zulo edo erretenari esker. (2002)

Historia

Sancta Kara, Erdi Aroan askotan idazten zen bezala, eta ingurukoak zibilizazio askoren lekukoak dira. Erromatarrek utzi zituzten aztarnarik ikusgarrienak (Pliniok aipatzen zuen Kara herria aurkitu dute). Egungo herriaren izena hortik datorkio, Santacara (Kristautasunaren aztarna bista-bistakoa da). Pedro I.ak (1094-1104) forua eman zion herriari 1102an, Caparrosoko eredua erabiliz, Tutera oraindik musulmanen esku zegoela.

Herriari zergak murriztu zizkioten 1191n Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) eta 1210ean bere semeak, Antso VII.a Azkarrak (1194-1234), forua bera ere egokituz, biek biztanleak erakartzeko asmoz. Abantaila batzuk lortu zituzten bertako biztanleek, baina horiek ere erregearen lurretara lan egitera joateko betebeharra zuten, eta hiri-harresia eta gaztelua konpontzen lagundu beharra zuten, salbuespenik gabe.

1201ean, Semen Rada zen gazteluzaina eta Martin Lopez Novar 1219an, ¿Martin Lopiz de Nouar, Sancta Kara.¿ 1237an, Garzia Almorabit zen gazteluzain, baita Casedan eta Oibarren ere, ¿Santa Kara, Casseda e Ayuarr.¿

1259tik 1266ra, Garzia Perez Cadreita izan zen gazteluzaina, eta urteko soldata 6 libera eta 30 kaizakoa zuen. 1276an, Migel Martinez Eransus zen gazteluzain. 1278an, berak eta Eloko gazteluzainak, Roldan Perez Eransusek, Corbaran Bidaurreren esku utzi zituzten gazteluak, eta Frantziara joan ziren Joana I.ari (erregina: 1274-1305) gazteluen leialtasuna erakustera. Geroago, 1280an, Lukuzeko jauna zebilen gazteluzain, Santacaran eta Casedako gazteluan ere bai. Bi gazteluengatik 30 libera eta 100 kaiza jasotzen zituen. 1290ean, Jimeno Martinez Uriz zen gazteluzain, 10 libera eta 50 kaiza gariko soldatarekin, eta 1294an, Pedro San Hilario.

Pedro Sotes agertzen da gazteluzain 1300ean; 6 libera eta 30 kaiza gariko soldata zuen, gazteluzain batez bestekoaren azpitik.

Santacara, beste bost gaztelurekin, Maria infantaren ezkonsariaren berme izan zen 1337an, Aragoiko Pedro IV.a erregearekin ezkon zedin. Bermea gauzatzeko, gazteluzainei, Joan Renalt Le Chat zen Santacarakoa, kendu egin zieten nafar herritartasuna, eta Nafarroako erregeari leialtasuna adierazteko egin zuten zina bertan behera utzi behar izan zuten; Aragoiko erregeari leial izango zitzaizkiola hitzeman behar izan zuten. 1345. urte arte iraun zuen egoera horrek.

Karlos II.ak (1349-1387) mendebaldeko lurrak berreskuratzeko ahaleginetan, hainbat noble soldatapean jarri zituen. Horrela, 1362an, Beltran Velez Gebara, Oñatiko jauna, ikusten dugu 10 zaldun eta 40 oinezkorekin Santacara herrian eta gazteluan. Zaldun bakoitzeko, 6 libera eta 10 sos jasotzen zituen hileko, eta 52 sos oinezko bakoitzeko.

1365ean, Aragoiko Erresumarekin gerra hasteko arriskua piztu zen azaroan, eta Tuterako eta Zangozako ibar-jaunak mugako lurretan ibili ziren haziendak eta ondasun higigarriak urrutiratzen. Santacarako, Murillo el Frutoko, Uxueko eta Pitillasko herriek Zarrakazteluko eta Olibako abereak gordetzeko agindua jaso zuten, Aragoi ibaiaren eskuinaldean. Mugaren atzealdeko lerro gotortu gisa erabiltzen zuten ibaiaren erribera hori. Dena den, 1366ko otsailaren 3ko agindu baten bidez, Tuterako ibar-jaunak abereen bostena konfiskatu behar izan zuen, baimenik gabe Bardeara eta Aragoi ibaiaren ezkerraldera itzuliak baitziren, eta berriro ibaia igarotzera behartu behar izan zituen.

Gil Desojori, orduko gazteluzainari, Joan Ferrandiz Castañares askatzeko agindua bidali zioten 1365eko azaroaren 3an. Preso zegoen, 3 abere lapurtu izanaz akusaturik, baina ez omen zen erruduna. Gazteluzain hori 1366an hil zen, eta bere anaiak Garzia Gilek-Orreagan kalonje zen-, jarri behar izan zuen gazteluzain, gaztelua erregeari itzuli arte. Pedro Aibar Soltxagak hartu zuen gaztelua zaintzeko ardura urte horretako apiriletik 1375. urte arte, bera ere hil zen arte.

Bere semeak hartu zuen txanda 1375etik 1391ra, Pedro Gil Soltxagak. Honek, 1377an, hainbat ondasun dohaintzan jaso zituen Santacara herrian bertan. 1388an, dohaintza baieztatu egin zion hurrengo erregeak, Karlos III.ak (1387-1425). Erregeak bere ganberazain Beltran Lakarra noblea jarri zuen gazteluzain, baina Pedro Gil Soltxagari 1391ko abuztu eta azaro arteko soldata ordaindu behar izan zioten, gazteluzain berria ez baitzen garaiz agertu. Beltran Lakarrari Santacarako eta Pitillasko zergak ere eman zizkion. Bere aita Asiaingo jauna zen, 1380an Tafallan burua moztu zioten hura bera, matxinatzeagatik gazteluan preso zegoenean.

Martin Martinez Soltxaga gazteluzain zela, berriro Santacarako gaztelua beste ezkonsari baten berme bihurtu zen, 1402ko hitzarmen batean, Arguedas, Galipentzu eta Murillo El Frutokoekin batera. Orduko hartan, Karlos III.aren alaba Blanka printzesaren eta Siziliako Martin Aragoiko erregearen semearen arteko ezkontza-ituna egin zuten. Ezkontza horren bidez, Blanka Siziliako erregina izango zen (1402-1441), eta geroago Nafarroakoa ere bai, Blanka I.a izenez.

Murillo el Fruton egin zuten bezala, herritarrek gaztelua konpondu zuten 1429an, Gaztelarekin gerra baitzegoen, eta 1430ean, Blanka I.ak (erregina: 1425-1441) Santacarak zergetan 63 libera gutxiago ordain zitzala agindu zuen eta materialen garraioa eta langileen soldata ere berak ordaindu zituen.

1431n, Gracian Agramont-ek jaso zituen Beltran Lakarrak zeuzkan ondasun eta errentak, Santacaran eta Pitillasen, Santacarako gazteluzain izateko ardura barne. Errenta guztiak oso-osorik jasotzen zituen erregearen dohaintza bereziari esker, kenketarik gabe.

1440an, Sancho San Lux gazteluzain zela, gazteluak bi sukalde zituenez, horietako bat logela bihurtu zuten, barruti nagusitik kanpoan zegoena. Hurrengo gazteluzaina, urte batez, Artiedako jauregiko jauna izan zen, Joan Martinez Uriz.

1447an, Vianako Printzeak Joan Beaumontekoari eman zizkion Santacarako herria eta gaztelua, eta Murillo el Frutoko gaztelua eta herria. Beaumondarrak lehenagotik zituen Tiebas (1445) eta Cascante (1446), eta geroago (1448) Corella jaso zuen.

Santacarako biztanleria murriztu egin zen, 50 familiatik 30era, gerragatik eta gazteluko arduradunaren gehiegikeriengatik, bertakoek 1479an aurkeztutako kexaren arabera. Magdalena printzesak, bere seme Frantzisko I.aren begirale tutore gisa, etxeak eta ondasunak jabeei itzul ziezazkiela agindu zion Santacarako jaunari, Gracian Beaumontekoari (gazteluzaina ere bera zen).

1494an, gerra zibila berriro berpiztu zenean, Santacarako Agramondarrek elizako kanpandorretik gaztelua erasotzeari ekin zioten, eta kalte handiak egin zituzten; Leringo kondeak berak etorri behar izan zuen, gaztelarren laguntzarekin. Mendabiara eraman zituen preso herriko Agramondarrak.

Giro gaiztotu hartan, errege-erreginak, egoera kontrolpean zeukatenez, atzerriratu egin zuten Leringo kondea, eta 1507an kendu egin zizkioten ondasun guztiak. Leringo kondeak Espainiako Errege Katolikoekin trukea egin zuen: kondeak Nafarroako ondasun guztiak eman zizkien errege-erreginei, eta haiek balio bera zuten beste batzuk eman zizkioten kondeari, Gaztelan. Truke horrekin, Fernando Katolikoak Nafarroako mugarako kapitan nagusiari, Joan Riberari, hainbat herri eta gaztelu bereganatzeko agindua eman zion: Lerin, Larraga, Mendabia, Andosilla, San Adrian, Deio eta Santacara.

1512an, Nafarroa burujabetza galtzear zegoenean, nafarren erregeak kontraerasoa jo zuen, eta gaztelukoak ere altxa ziren haren alde, baina etsi egin behar izan zuten abenduan. Ondoren, gaztelua suntsitu zuten gaztelar-aragoarrek, baina Gracian Beaumontekoari 1.000 libera eman zizkioten kalte-ordain gisa.

Gaztelua desagertuta gero ere, Santacarako jaunak jarraitu zuen jasotzen castillaje izeneko zerga Aragoi ibaiko almadiengandik. XVI. mendearen hasieran, enbor bana eman behar izaten zieten Santacarako eta Murillo el Frutoko jaunei, gazteluetako onuradunen ondorengoak baitziren, eta bi enbor Milagroko gazteluko jabeari.

Santacarako gaztelua

Erretena, inguruko harresiaren aztarnak eta dorre nagusiaren behealdea. (1997)

Egitura eta aztarnak

Ikusgarriak dira benetan dorre nagusiaren aztarnak, hegoaldeko hormak ia oso-osorik iraun baitu (bukaera besterik ez zaio falta). Erlaitzen aztarnaren bat kontatu gabe 20¿8 metrokoa da dorrearen garaiera, 80 harri ilarak osatua. Harresi horretan irekidura edo zulo bakar bat dago, ate arkudun bat, lurretik ia 7 metrora. Hegoaldeko horma horren luzera 9¿5 metrokoa da. Goialdean geratzen diren harri triangeluarren arabera, erlaitzak diamante puntaz amaitzen ziren. Goialdean, hormen bukaerak lauak ziren, karelik gabekoak.

Dorrearen mendebaldeko eta ekialdeko hormen zatiak ere geratu dira hegoaldekoari josirik, lurretik goraino. Harresien 1¿8 metro da lodi behealdean, eta gaztelu-begien aztarnak daude bi harresi horien goiko aldean. Mendebaldekoa ia osorik dago, bi baldatxoren gainean egina. Dorre nagusiaren gainerako guztia galdu egin da, eta ez dago jakiterik oina karratua zuen edo ez.

Dorrearen barrualdeari begiraturik, bi solairuren arteko bereizketen aztarnak nabari dira, baina bost edo sei solairukoa izango zen, egurrezko egituraz eginak. Ekialdeko murruan, berriz, irekidura edo zulo bat ageri da, eta baliteke leiho baten aztarnak izatea.

Dorre nagusiaren HE-ko eta HM-ko izkinetan geratu diren harrien arabera, izkina horietatik hasiko ziren barrutiaren harresiak, zeina gazteluaren hegoaldean hedatuko baitzen. Horrela, dorrearen sarrerak gazteluaren barrutira emango zuen. 1362an eraiki zuten zubi bat dorrean sartzeko. Ziurrenik, dorrearen kanpoko aldean ez zen egongo beste aterik. Barrutian sakonuneak eta harriak daude eta horietako bat ur putzu edo biltegiaren zuloa izan daiteke.

Dorrearen izkinetan sumatzen denez, barrutiaren inguruko harresiak 5¿2 metroko garaiera izango zuen eta 1¿30 metroko lodiera. Horrez gain, beharbada egurrezko egitura edo aldamioak egon zitezkeen. Aztarnak geratu dira hego-mendebaldean: 4¿5 metroko horma zati bat, harlandu handiz egina.

Gazteluaren inguruan, lau aldeetan, erreten edo lubanarro baten aztarnak daude, zeina zati estuenean 5 metro baita zabal. Iparraldera eginez gero, zuloaren zabalera eta sakonera handitu egiten dira; gazteluaren kokalekua mendiaren gainerako eremutik bereizteko egina zuten zuloa. Mendebaldeko ertzean, 8 metroko galeria bat dago.

Santacarako gaztelua

Dorre nagusiaren hegoaldeko hormaren ikuspegi orokorra. (1997)

Iristeko

Gaztelua dagoen mendira herriko azken etxearen atzealdetik igotzen da. Pitillastik etorrita, gurutze baten ondoko kaletik sartzen da herrian, eta igotzen diren kaleetatik joanez gero, etxe horretara iristen da. Handik gaztelura 5 minutu daude oinez.

Bestalde, pista bat gazteluraino igotzen da, antena batzuk eskuinean utzita.

Santacarako gaztelua