Itzuli orri osora

Rokafort

FITXA

Udalerria: Isturitze

Herrialdea: Nafarroa Behera

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Isturitze eta Donamartiri udalerrien arteko mugan, Gaztelu izeneko kareharrizko mendiaren gainaldean zegoen gotorlekua, Nafarroa Beherako Arbela lurralde historikoan. Muinoaren garaiera itsas mailaren gainetik 209 metrokoa da eta IE-HMko norabidean luzatzen da. Gazteluaren aztarnek ere muinoaren norabideari segitzen diote.

Iparraldetik eta ekialdetik D-251 errepidea pasatzen da; lehenago merkatarien bidea zena. Baiona Nafarroako erresumako itsas portu nagusi bihurtu zenetik, gazteluaren beheko bidetik salgai asko garraiatzen ziren. Bide hori kontrolatzeaz gain, gazteluak muga zaintza lanak ere egiten zituen. Izan ere, Lapurdi zuen mendebaldean, eta Lapurdi hiru mendez Ingalaterrako erregearen esku egon zen, Akitaniako Dukerriaren bidez.

Bestalde, mendiak leize asko ditu, eta horietako batzuk historiaurreko aztarnategiak dira. Aipagarriak dira bisitarako zabalik dauden Isturitze, Laminazilo, Haristoi edo Otsozelaia haitzuloak. Baita Erberua ere. Leize horiek bizileku gisa erabili zituzten Kristo aurreko 80.000 eta 15.000 urteen artean.

Rokafort

Hegoaldeko horma zati bat, mendebaldeko muturretik gertu. (2001)

Historia

Hautin de Villars-ek leizeak erromatarren urre-meategiak zirela eta mendiaren kaskoa, berriz, 5.000 edo 6.000 langileren kanpalekua izan zela idatzi zuen. Joxe Migel Barandiaranek jasotakoaren arabera, laminak bizi ziren Rokafort gazteluan eta dorre nagusitik jaisten ziren mendiaren barrualdera. Barne hartan 14 gela dotore zeuzkaten, eta Donamartiriko jauregi gotortua ere eraiki zuten. 1955ean, muinoaren ekialdean dagoen Otsozelai baserriko etxekoandreak, gazteluko dorrearen, Laminazilo leizearen eta bere baserriaren artean lur azpiko lotura bat zegoela aitortu zion Barandiarani.

Arbela lurralde historikoaren bilakaera bizkonterri izatetik hasten da, eta Nafarroako erresumaren parte zen XII. mendearen bukaeratik. Baina gazteluaren lehenengo aipamena berandukoa da, 1249koa. 1237 eta 1247 urteen artean eman ziren liskarren ondoren, Ingalaterrako erregearen eta Nafarroako erregearen ordezkariek behin betiko bake ituna izenpetu zuten 1248an. Hurrengo urtean elkarri aurkezteko kalte eta erreklamazioen zerrendak prestatu zituzten.

Nafarrek aurkeztutako zerrendaren VII. atalean ¿Arnalt Santz d¿Ustubilek eta Per Arnalt d¿Arriagak, beren mendeko baten laguntzaz, Rokafort gazteluko gazteluzaina hil zuten¿ salatzen zen. Harritzekoa bazen ere, hilketen erreklamazioa Garzia Arnalt Garrok aurkeztu zuen eta ez Nafarroako erregeak berak. Hilketa 1242 eta 1244 urteen artean gertatu zen.

Baina Rokaforten aipamena lapurtarrek aurkeztutako erreklamazioetan ere agertzen zen. Bertan, hildako gazteluzaina salatzen zuten egindako kalteagatik: ¿Garzia Otxoak, Rokeforteko lapurra zenak, XXX soldatakoa kalte egin zion Arnaldus Garzia de Bisanduni.¿ Beste dozena erdi bat salaketa ere egiten zizkioten Amigote Garrori, Rokafort gaztelutik ateratzen baitzen erasoak egitera, izan lapurretak edo izan erreketak, eta gero gazteluan bertan babesten baitzen berriro. Ziurrenik, Garro leinukoek erabilera hori emango zioten Rokafort gazteluari lapurtarrek Lekorneko gaztelua suntsitu zietenetik.

Geroago, 1266an, erresumaren kontuen arabera, 20 sos eman zizkioten seneskalari gazteluaren sarbideak konpontzeko. Urte horretan Hiriberriko Guillem zen gazteluzaina eta 1279an oraindik karguan jarraitzen zuen, bai Rokaforten eta bai Rokabrunan. 1280an, Arnalt Bernart ibar-jaunak hartu zuen gazteluzain kargua. Arnalt Bernart Murillo el Frutoko gazteluburua ere bazen, eta beraz, biak zituen bere eskuetan, Rocafuert eta Murrellfreito. Ibar-jaunari 8 libera eta 40 kaiza gari ordaindu zizkioten Rokafortegatik. Sos horren zati bat gazteluaren barrutian etxe bat eraikitzeko baliatu zuen. 4 libera, 7 sos eta 9 diru ordaindu zituen eraikuntza berriagatik. 1294an, Garzia Arnalt Senpere lapurtarra gazteluzaina zela, konponketa lanak egin ziren Rokaforten. Matakanak, dorre nagusiko eskailera eta dorre laguntzaileen estalkiak konpondu ziren, eta gastua 4 liberakoa izan zen. 1295ean, gazteluzainaren urteko soldata arrunta 10 liberakoa eta 50 kaiza garikoa zen.

1300. eta 1306. urteen artean Hiriberriko Otsoa izan zen gazteluburu, eta gero, 1309. urtera arte, bere semea, Hiriberriko Martin Otxoa. Urte haietako gazteluzainaren urteko soldata arrunta, antzina bezala, 8 liberakoa eta 40 kaiza garikoa zen. Gutxi gora behera gazteluko gazteluzain guztien batezbesteko soldata zen hori. 1309tik 1338ra arte Narbaitzako Lobetek eraman zuen gazteluaren ardura. Narbaitzako Lobet Rokarforteko gazteluburua izateaz gainera, errege zerbitzari militarra ere bazen, arma sarjentu deitua, eta polizia lanak egiten zituen.

1346an gazteluko bi atariak konpondu zituzten. Eta agiriak bi atari horien kokapena zehazten du: Arbela aldekoa eta Donibane aldekoa. Urte hartan atarikoez gainera konponketa handiak egin zituzten. Konponketa haiek 57 libera kosta ziren, eta estalkietako lanaren egileak itoginen aurka 10 urteko bermea eman zuen. Gazteluaren egoera zehatzago ezagutzeko, Iruñeko Agiritegi Orokorrean XIV. mendeko hainbat bisiten berri geratu da, besteak beste, 1316ko, 1327ko eta 1364ko bisitena.

1350 eta 1355 urteen artean baigorriarrak izan ziren gazteluburuak. 1350 hasieran Remon Guillem, Baigorriko bizkondea, eta geroztik, 1355. urtera arte, Jimeno García Etxautz. Hurrengo gazteluzaina (1355-1360), berriz, Donostiriko Pedro Sanz Soraburu izan zen. 1356an, Donibane Garaziko gazteluburuak eta ¿Nafarroak mendiez bestaldera zituen lurren zaintzaileak¿ Donostirikoa gazteluan bizi zela eta beraz, arauak betetzen zituela jakinarazi zion Zangozako ordaintzaileari. Gaskoierazko agirietan Arroquefort edo Aroquefort esaten zion gotorlekuari.

1350eko araudi berriak eragindako gazteluzainen soldata arrunten apaltzearekin, Rokafort gazteluko gazteluzainaren soldata 6 liberatan eta 30 kaiza garitan gelditu zen. Dena dela, horiek soldata arruntak ziren, beraz, gaztelu gehienetan horiei beste hainbat diru-iturri gehitzen zitzaizkien. 1360an Bernart Donostirikoa bihurtu zen gazteluzain berria. Eta honen ondotik, 1374ko otsailean, Johan Urtubia gazteluzainak Izuriko jaunari utzi zion bere kargua, ordezko gisa.

Karlos II.aren (1349-1387) erregealdi urteak gerra urteak izan ziren, eta agirietan ezagun da hori. 1364an, Donibane Garaziko gazteluburuak, erregeak aginduta, 3 gerrari gehiago jarri nahi zituen Rokafort eta Rokabruna gazteluetan. Urte hartan, oinezkoen soldata hileko 4 florinekoa zen. Karlos II.ak, beste hainbat gotorleku eta ondasunekin gertatu bezala dirua agortu zitzaionean, gerretan eginiko zerbitzuak eskertzeko Rokafort erabili zuen. Horren lekuko, Arbela lurraldeko errenta guztiekin batera, 1379an Bertrucat Labrit-en esku utzi zuen gaztelua. 1384an, leialtasun zina eginik, Biarnoko Johan Lordako kapitainari eman zizkion gaztelua eta Donibaneko errotak. Dena, Murillo El Frutoko jaurgoaren truke. Dena dela, Pedro Sanz Lizarazu izendatu zuen gazteluzain hurrengo urtean, 1385ean, eta izendapen horrekin Rokafortekoa ohiko errege gaztelu bihurtu zen. 1388an, berriz, gazteluzain horrek ordezko bat jarri zuen, Pere Arnaut, Ypuzça deitua.

1405. eta 1411. urteen artean Donamartiriko jauna, Pedro, izan zen gazteluburua. 1405ean konponketa batzuk egin zituzten. Lan haien truke 3 libera eta 15 kaiza gari ordaindu zituzten. 1406an, Pedrok Zangozara bidali zuen semea urte erdiko soldata arrunta jasotzera. 1409an, gauza bera egin zuen Pedro Ostabat apaizarekin; Pes d¿Ostebat, clerc jatorrizko hizkeran. Iparraldeko gazteluzainek maiz bidaltzen zuten besteren bat euren soldata jasotzera joateko, neguan zailak baitziren bideak. Lehenago ere ikusia zen hori. 1375eko abenduan, esate baterako, Johan Urtubia gazteluzainak jarritako ordezkoak, Martin Ixurik edo Izuriko jaunak, Iruñeko San Nikolasko almiranteari bere izenean soldataren atzerapenak jasotzeko baimena eman zion.

Donamartiriko jaunaren ondoren, 1411 eta 1420 urteen artean Johan Santa Mariak hartu zuen gazteluzaintza. Gazteluzain hau Donibane Garaziko gazteluburuaren laguntzailea ere izan zen hainbat urtez. Bera gazteluzaina zela, 1413an, Karlos III.ak (1387-1425), Gaskoinian zeuden arazoak ikusita, hainbat gaztelu eta hiri-harresi atontzeko agindua eman zuen. Rokaforten dorre nagusiaren estalkia eta inguruko oholesia konpondu zituen Pellem Etxebertze arotzak.

Hurrengo gazteluzainak ere Ipar Euskal Herrikoak izan ziren: Pedro Sanz Armendaritz (1420-1439), izen bereko tokiko jauna zena, eta bere seme Arnalt geroago, Armendaritzeko jauna bera ere. Armendaritzeko Arnaltek Baionako Joan jarri zuen bere ordez 1450ean.

Nafarroako XV. mendeko agramondarren eta beaumondarren arteko gerra zibilek, gazteluaren amaiera ekarri zuten. 1456an, Gaston IV.a Foixko kondeak, Joan II.aren (1425-1479) suhi eta aldekoak, behin betikoz suntsitu zuen gaztelua. Konde horrek, urte batzuek lehenago, Frantziako erregearentzat hartuak zituen Zuberoa eta Lapurdi.

Leizeek bezala, gazteluak ere aspalditik sortu zuen jakin-mina eta XX. mendeko 50 hamarkadan lehenengo indusketak (J. Darricau zuzendaria) egin zituzten. Zundaketa horiek dorre nagusian eta hiru dorre laguntzailetan egin ziren. Dorre nagusirako sarrera errazteko, zulo handi bat egin zuten horman.

1996an, A.Turcq-en eta Ch.Normand-en gidaritzapean gazteluaren plano on bat egin zuten, eta baita zenbait zundaketa ere. Baina eraldaketak eta lur geruza meheak ikusita, ez dute aurkikuntza handirik espero eta aztarnategia babesteko plan orokor bat diseinatu arte ez dute ezer egin nahi.

Rokafort

Dorre nagusiaren kanpoaldeko xehetasuna. (2001)

Aztarnak

Aztarnak arakatzen hasi gabe, konponketak jasotzen zituzten agiriei esker gazteluaren egiturari buruzko hainbat xehetasun dakizkigu: bi atari zeuden; dorre nagusi bat zegoen eta dorre laguntzaile zenbait; inguruan harresi bat zegoen gainean haritz-egurrezko egiturak edo aldamioak zituena; inguruko harresiaz gain oholesi bat ere bazen XV. mendean eraikia. Gazteluaren barrutian, harresiari atxikirik, eraikin batzuk zeuden, eta horietako batzuk gazteluzainen eta gerrarien bizilekuak ziren.

Gaur egun, indusketa arkeologikoei eta plano bati esker, beste era bateko informazioa ere badugu. Oinak hiruki zuzen baten forma zuen, eta gailurretan zehar, beharrezkoa zen tokietan lubanarroaz inguraturik zegoen. Iparraldeko horma zen denetan luzeena, mendebaldeko muturreko dorrea ere barne zuela, 30 metro luze zen. Beste bi aldeak, berriz, 28 metro (hegoaldeko horma, muturretako dorreak barne) eta 17 metro ingurukoak ziren. Hegoaldeko hormatalean oin biribileko hiru dorre txikiren oinarriak ikus daitezke; bi muturretan eta bat erdian. Ezin izan da frogatu inguru osoan, edo gutxienez alde batean, harrizko bi harresi ote zeuden.

Gazteluaren barrutian dorre nagusiaren aztarnak daude ikusgai. Dorre nagusiak oin biribila zuen, 7¿30 metro diametrokoa, eta egun 8 metroko garaiera du. Barrualdean, zorua, kanpoan baino 1¿4 metro sakonago dago. Murruaren lodiera 1¿80ekoa da behealdean, eta azala, nola kanpoaldean hala barrualdean ondo landutako kareharriz estalia dago. Barrualdean induskatze lanetarako zuloa egin baino lehenago, dorreak beste aldean zuen sarrera, hego-mendebaldean, lurretik ia 5 metrora. Maila horretan hasten da hain zuzen dorrearen bigarren gorputz edo zatia, lehena baino askoz hondatuagoa.

Aztarnategian landareak gailendu arren, mendebaldeko muturreko dorrea eta 2,8 metroko garaiera duen hegoaldeko harresiaren zati luzea ikusteko moduan daude oraindik. Inguruko murruen lodiera, alde horretan behintzat, metro bete ingurukoa zen. Haitzak berak ere murrua gotortzen zuen hainbat tokitan. Azpimarratzekoa da bestalde ekialdeko lubanarroa, haitza landuz egina baitago. Gazteluaren barruan, harri ilara batzuk agertzen dira zenbait tokitan. Izan litezke beste eraikin batzuen azken hondakinak edo bestela, barrualdea zatitzeko balioko zuten horma zatiak.

Gaztelua eraikitzeko lekuko kareharria erabili zuten. Lubanarroa egiterakoan eta muinoa lautzerakoan lortutako harriaz gain, ingurutik ekarriko zuten harria. Horren adierazgarri, gotorlekutik hogei bat metro hego-ekialdera harrobi bat aurkitu dute arkeologoek.

Rokafort

Dorre nagusiaren barrualdea. (2001)

Iristeko

D-151 errepidetik Gaztelua dagoen muinoa eta gaineko dorrea ikusten dira. Otsozelaiako eta Isturitzeko harpeen aparkalekuan beribila utzita, ondoko eraikinak igaro, eta, eskuineko zelaitik edo aurrerago Otsozelai-Beherea baserriaren ondoko bidetik gora luzatu behar da pausoa. Basoa ezkerraldetik zeharkatu behar da, beti ere arreta handiz, landareak eta eroritako zuhaitzak bidezidorra ixten ari baitira.

Rokafort

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk