Rokabruna
FITXA
Udalerria: Gamarte
Herrialdea: Nafarroa Behera
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
Gaztelharri izeneko 425 metro garaierako kareharrizko tontor batean daude aztarnak, Gamarte herriaren gainean. Muinoa, Eheta menditik ipar-mendebaldera hedatzen den mendi lerroaren azken tontorra da eta goiko aldeak gazteluaren oin planoaren itxura bera dauka, angeluzuzen bat baita.
Gotorlekua Nafarroa Beherako betiko ardatz nagusiaren bidean zegoen, Astorgatik gertu. Ardatz nagusia, Bordelerako galtzada erromatarra zen, Donejakue bidea Erdi Aroan. Eraso eta inbasioen bidea izandakoa, merkatal bidea ere bazen. Gaztelutik 1¿4 kilometrora dagoen Monjolosetik (1240. urte inguruan hiribildu izendatuta) beste bide nagusi bat hasten zen ipar-mendebaldera.
Horrez gain, Garazi eta Oztibarre lurralde historikoen muga Gaztelharritik hurbil geratzen zen. Zenbait mendetan garrantzitsuak ziren lurralde horien mugak, jaurgo mugak edo erresumen mugak izaten baitziren.
Gaztelharri muinoaren ikuspegi orokorra eta, atzerago, Garazi eskualdea. (1999)
Historia
Nafarroako Erdi Aroko agirietan Rokabruna edo Rokabrun izeneko gaztelu bat agertzen da. Izen hori dela eta, Susana Herreros-ek 1992an beste kokaleku bat proposatu zion gazteluari. Haren arabera, Harribeltza mendian zegokeen, Suhuskune herritik gertu. Dena den, azken urteotan Gamarteko Gaztelharri tontorra onesten da Rokabruna gazteluaren kokaleku gisa, nahiz eta ez egon agiririk tontor hori eta idatzietako Rokabruna gaztelua lotzeko.
Aldaera batzuk ezagutu ditu izenak. Dagoeneko aipatu ditugunez gain, Rochabrun, Roccabruna¿ Gaskoieraz idatzitako agirietan Arroquebrune (1356an) edo Roquebrun (1380) izenez ere agertzen da.
1995ean eginiko zundaketak ez ziren sakonak izan eta ezin izan zuten adierazi muinoaren goialdearen erabilera noiztik datorren. Garzia Larraguetak ¿Tenplarioak Nafarroan¿ gaiari buruz egin zuen azterketan (¿El Temple en Navarra.¿ Anuario de Estudios Medievales, XI urtea, 1981) Rokabruna eta Donibane Garaziko gaztelua aipatzen ditu, esanez Sancho Ramirez Oteizak Tenpluko Ordenari bi gotorlekuak eman zizkiola, 1146. urtean, Pedro Rovera Ordeneko maisu zela. Ez dakigu dohaintza benetan gauzatu zen ala ez, zaldunen esku utziz geroz ez baitago agiri bakar bat ere bi gaztelu horietaz. Bi gazteluak Ordenaren gainontzeko ondasunetatik urrun geratzen ziren eta ez ziren produkziorako eta inbertsiorako erabiliak, Tenpluko kideek hala nahiago zuten arren.
XII. mendearen bukaeran Rokabruna gaztelua erregearen esku zegoen. Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) Berengela bere alabaren ezkontza sari gisa Donibane Garaziko eta Rokabrunako gazteluak eskaini zizkion 1191n Rikardo I.a Lehoi-Bihotzari (1189-1199, Ingalaterrako errege). Ezin da jakin bitarte horretan zer gertatu zen, baina ezkontza saria ez zen gauzatu. Beharbada, Rikardo eta bere koinatu Antso VII.a Azkarraren arteko itun bat egongo zen horretaz. Dakigunez, Joan Lurgabeak (1199-1216, Ingalaterrako errege), Rikardoren anaiak, agindutako ondasunak eskatu zituen 1198an Aita Sainduaren aurrean. Inozentzio III.ak ere ingelesari zor zizkion bi gazteluak eman ziezazkiola idatzi zion Nafarroako erregeari 1198ko maiatzaren 28an (Johannis de Pedeportus et de Rochabrun); eta handik bi egunera, Aita Sainduak Joan Lurgabeari jakinarazi zion gestioa egina zuela. Baina ez zen gaztelurik eskuz aldatu.
1194ko urtarrilean Martin Txipia zen Rokabrunako jauna. Lehenagotik, 1189tik, Donibane Garaziko arduraduna ere bazen, Antso Jakitunak izendaturik. Geroago, Antso VII.a Azkarrarekin, Gasteizko, Artaxonako, Azagrako eta Miranda de Argako gazteluetako gazteluburu izan zen.
1259an Bernart Sibasek hartu zuen Rokabrunako gazteluburu kargua. 1266an, urteko soldata gisa 8 libera, 106 sos, 8 diru eta 40 kaiza gari jaso zituen, baina erregeak diru gehiago eman zion gerrari talde bat mantentzearren. Geroago, 1275. eta 1307. urteen artean Hiriberriko Gillen zaldunak izan zuen gazteluaren ardura. 1279. urtera arte Rokabrunakoaz gainera Rokafortekoarena ere bazuen. Ondoren, 1307tik 1328ra arte Remon Arnalt Mauleonek hartu zuen gazteluaren segida. Garai hartan, gazteluzainaren soldata 8 liberakoa eta 40 kaiza garikoa zen.
Arnaldo izeneko bat, errege lanetan aditua zena, bi arotz lagun hartu eta gazteluaren egoerari buruzko txostena egitera etorri zen 1327an. Hiruak, Amaiur, Mondarrain eta Rokafort gazteluetatik zetozen eta Rokabrunan gelditu ondoren Donibane Garazira joan ziren.
1328tik 1340. urte arte Gillen Arnalt Urdos baigorriarra izan zen Rokabrunako gazteluzain. 1340an Gil Garzia Ianizek hartu zion lekukoa, baina ez luzerako. 1342an atzera Gillen Arnalt Urdos jarri zen gazteluburu, 1350era arte. 1334an arazoak izan omen zituen soldata jasotzera joateko eta lau lagun izendatu zituen hura jasotzera joan zitezen, nahiz eta lan horretarako hainbat ordezkariak izendatzea bitxia izan.
Urte haietarako piztuta zeuden leinuen arteko borrokak eta, 1339an, Donibane Garaziko gudalburuak Garruze, Rokafort eta Rokabruna erabili zituen giroa baretzeko. Baina hasieran giroa baretzeko erabilitakoak, handik hiru urtera, 1342an, Lukuze eta Erreitiko gazteluak hartzeko baliatu zituen.
1350eko araudi berri baten ondoren, gaztelu guztietako gazteluzainen soldata arruntak apaldu egin ziren; Rokabrunakoa erdira murriztu zen, urteko soldata 4 liberatan eta 20 kaizatan utziz. Urte horretan Migel Sanchez Ursua zen gazteluzaina eta García Sanchez Ursua etorri zen honen ondoren. Baztandar horrek, 1355ean erregearen zerbitzuan Normandiara joan zenean, bere ordezko bat jarri zuen gazteluburu: Bernart Saut. 1356ko urrian, Donibane Garaziko gazteluburuak ordezko hori, emaztea, laguntzaile bat eta gerrari batzuk berekin zituela Rokabrunan bizi zela ziurtatzen zuen gaskoieraz: ¿...Bernat Saut gaztelu horretan bizi izan zen, bere emaztearekin, lagun batekin eta gudariekin.¿
Karlos II.aren politika gerrazalearen eraginak gertuan nabaritzen hasi zirenean, Donibane Garazitik hala aginduta 3 gerrari gehiago jarri zituzten Rokabrunan eta beste 3 Rokaforten. 1364ko irailaren batetik aurrera jarri zen indarrean babes neurri hori. Eta urte horretan eskatu zion Nafarroako erregeak diruzainari erresumaren iparraldeko hainbat gaztelutara obra maisuak igortzeko konponketak egitera. Konponketa beharrean zeudenen artean, Donibane Garaziko, Rokabrunako, Rokaforteko, Mondarraingo eta Amaiurko gazteluak aipatzen dira. Urtebete lehenago, 1363an, Gamartekoa izan zen konpondu eder bat hartu zuena, eta 11 libera eta 16 sos ordaindu ziren lan haren truke. Besteak beste, ate berri bat egin zioten gazteluari. 1379an konponketa lan handiagoak egin zituzten Gamarten, eta orduan 40 libera izan zen ordaindu beharrekoa. Gastua handi xamarra izan zen, Garaziko mendietatik egurra ekarri behar izan zutelako.
Bernart Muxillak 1362an hartu zuen gazteluaren ardura. Baina Rokabrunako gazteluburu izateaz gainera, Lasa jauregiko jauna ere bazen, eta orduan, 1372an ordezko bat jarri zuen Rokabrunan: Martin Larramendi. Hurrengo gazteluzainak Otsoa San Jaime (1378-1380) eta Sancho Erlanz Rekalde (1380-1385) izan ziren. Ondoren, Garzia Arnalt Latsaga bi hamarkada eta erdi baino gehiagoan egon zen gazteluzaintzan (1385-1411). Latsaga inoiz la Sala idatzi zen, eta Latsagatar Garzia Arnalt honek Itxusko zuen goitizena. Honi jarraitu zionak ere, Joan Agirrek, urte asko eman zituen postuan; 1411n hasi eta 1437ra arte, eta agirietan geratu zenez, Bortxea edo Bortxia zuen ezizena. Nolako egurretik halako ezpala, Johankoxe Agirre semeak hartu zuen aitak utzitako gazteluzain kargua 1437an. Hasieran ez zen kargu osoaren jabe egin, baina 1445etik aurrera bai.
1413an Karlos III.ak (1387-1425) Pirinioetako alderdi honetako gazteluak eta harresiak konpon zitzan eskatu zion ondasunen arduradunari. Eskakizun hori Gaskoinatik zetozen arazoei aurre egiteko egin zion. Konponketa gastuen arabera, Errande Gamarthe izan zen arotza, eta Monjolosko herria arduratu zen Ibarlatik eta inguruko mendietatik zetorren egurraren garraioaz.
XV. mendearen erdialdeko urteak, gerra zibileko urteak izan ziren. 1452an Guillenco Axa zen gazteluzaina (20 florineko soldata zuen) eta Vianako Printzearen alde jarriz erregearen aurka matxinatu zen. Printzeak, 1454an, gaztelua hornitzeko eta mantentzeko 45 libera agindu zizkion gazteluzainari.
Dakigunez, 1460an Karlos Agirre zen gazteluzaina baina orduz geroztik ez da Rokabrunarik aipatzen, eta dirudienez bazterturik geratu zen gaztelua. Beharbada, Rokabrunakoa Lapurdiko eta Biarnoko mugetatik urrun samar zegoela eta, gertuago zegoen Donibane Garaziko gaztelu nagusira joko zuten.
1995eko indusketen zuzendariak, Christian Normandek, behin-behineko ondorio gisa aipatzen du XV. mendearen bukaeran edo XVI.aren hasieran utziko ziotela gotorlekua erabiltzeari. Gaztelua baztertua eta suntsitua izan omen zen orduan, eta goialdea XVI. mende bukaeran edota XVII.-ren hasieran berrerabiliko zuten, hargintzari lotutako lanak egiteko.
Hegoaldeko horma zatia eta izkinetako bi dorre biribilak. (2003)
Egitura eta aztarnak
Leku askotan landareek aztarnak ezkutatu arren, gazteluaren egitura ezagut daiteke: ia oin angeluzuzena da izkinetan dorre biribil bana duela, eta dorreen barrualdea kanpora zabalik dago. Egitura mota hori oso ohikoa zen Nafarroako erresuman XII. mendean. Gazteluaren barruan angeluzuzeneko dorre nagusi bat zegoen, agian karratua izan zitekeena.
Oinaren luzera, IM-HEko norabidean 25 bat metrokoa da, eta zabalera, berriz, 16 metro ingurukoa. Hormatalen, alegia, izkinetako dorreen arteko murruen, neurriak ezberdinak direnez, oinak angeluzuzen itxura galtzen du. Perimetro osoan, izkina bateko dorreetan izan ezik, oinarriaren gaineko harri ilarak ikus daitezke.
Barrualdean hainbat pareta ikusten dira, lehengo eraikin batzuei zegozkienak. Eremu erditik hego-ekialdeko ertzera joz, muinoaren maldarik motzenera, eta beraz defendatzeko alderik zailenera, harlanduzko murru batzuk daude. Pareta hauek dorre nagusiarenak izan zitezkeen. Hala balira, dorre horren oina karratua, edo gutxienez, angeluzuzena izango zen. Ipar-mendebaldean, berriz, murru batzuen artean, 4,20 x 2,30 metroko zulo bat dago. Dirudienez, gangadun ur biltegi baten aztarnak dira, eta egun, 2,70 metroko sakonera du.
Zundaketa lanek beste eraikin batzuen hondakinak aurkitu zituzten barrualdean. Horien artean, bazen bat oin zirkularreko txabola batena edo izan zitekeena, baina ezin izan da deus zehatzik jakin. Beste hondakin gehienak eraikinean egin ziren lanei lotutako aztarnak izan behar zuten (harri lanketaren hondarrak). Horrez gain ohiko zeramika puskak, animalien hezurrak, edo burdinazko hainbat gauza indusi ere atzeman ziren.
Barrualdeko bi murru, ur biltegitik begiraturik. (2003)
Iristeko
Urritzaren hostoek eta iratzeak bidea zailtzen dutenez, neguan joatea aholkatzen da. Gamartetik zetorren bide zaharra galdua dago, baina oraindik ere, bide zaharra zegoen lekutik abiatu eta 50-60 minututan igo daiteke. Eliza eta udaletxea biltzen dituen egoitzaren atzealdean gazteluaren muino aldera egiten duen pista bat dago, eta handik abia daiteke. Handik 350 bat metrora, eskuin aldean, beste baso-bide bat zabaltzen da. Bi bideek balio dute gaztelura hurbiltzeko. Izan ere, zelaiak zeharkatuz, herritik ikusten diren bi muinoen arteko igarobidera igo baino lehen elkartzen dira bi bideak. Gaztelurako azken igoerarako ez dago bide seinalaturik, eta muinoaren ekialdetik, nola edo hala bakoitzak markatu behar du bere arrastoa. Gazteluaren behealdera iristeko beste aukera batzuk badaude: Aheta mendiaren hegoaldeko maldatik edo Monjolose herritik Bizkaia eta Kapisia baserrietara doan errepidetxotik.