Itzuli orri osora

Peñaflor

FITXA

Udalerria: Valtierra

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Haitz edo muino baten gainean dago, eta goialde osoa hartzen du (396 metrora dago). Mendi horrek mahai itxura dauka: goialde laua du eta amildegiz inguratua dago. Errege Bardeatik gertu, Eguarats barrutia deitzen denaren iparraldean dago. Gaztelua eta ingurua bera amildegiz inguraturik dago, eta esan liteke haran itxi bat dela. Iparraldeko eta ekialdeko amildegiak Bardeako lautadaren ertzak dira.

Bardeako beste gaztelu bat da, bertako bideak eta artzainak babesteko egina; izan ere, Erdi Aroan, alde horretan Aragoi eta Nafarroaren arteko muga finkatu zenean, bidelapurrak eta abere-lapur ugaritu egin ziren. Gaztelu honi beste egiteko bat ere egokitu zitzaion, ziur aski: Peñaflor errege barrutia zaintzea. Peñaflor da jatorrizko izena; Eguarats deitura XVI. mendetik datorkio. Han etxe talde bat zegoen, biztanle gutxirekin. Bardea Erronkari ibarreko eta inguruko herrientzat geratu zenean, koroaren esku geratu zen Peñaflor barrutia mende batzuetan.

Peñaflor

Gaztelua eta haitza, ekialdetik begiraturik. Dorre nagusiaz gain, sarrera inguruko dorreak eta horma zatiak ikusten dira eskuineko muturrean. (1995)

Historia

Doña Blankarena izenez ere ezaguna da gaztelua, eta, egia esan, jende gehienak hala ezagutzen du. Navarro Villosladaren eleberri batek badu eragina horretan; Nafarroako Doña Blanka eleberri historiakoan -1846an argitaratu zen- kontatzen du Peraltako Pedrok Valtierrako gazteluan itxi zuela Blanka printzesa. Blanka hori Karlos Vianako Printzearen arreba zen. Eleberrian Santxikorrota bidelapurra ere agertzen da bahitzaileari laguntzen. Batzuek Mariblanka ere deitzen diote da gazteluari.

Jesus Sesma eta M.Luisa Garziak eginiko tesietan, Goiz Brontze Aroko bizileku gisa sailkatu zuten aztarnategia, eta Berant Erdi Aroko gaztelu gisa. Bi zundaketa egin zituzten, eta plano bat marraztu.

1254an, Teobaldo II.a (1253-1270) oraindik errege izateko adingabea zela, epaile talde berezi bat eratu zuten Arguedasko hiritarrek aurkeztutako erreklamazioa azter zezaten; herritarrek esaten zuten, lehenago, herri horretako biztanleek bazutela eskubidea Eguarats barrutia ustiatzeko (egurra egin, abereak bazkatu, ehizean ibili¿), baina Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) gaztelua eraiki zuenetik kendu egin zietela eskubide hori, eta Valtierrakoei eman. Auzi horretan kalte-ordaina lortu zuten.

1254ko erreklamazio horren arabera, Antso Azkarrak eraikiarazi zuen gaztelua, eta hori bat dator esaten denarekin, alegia, errege horrek hainbat eraikiarazi zituela Bardean, 1220. urtearen inguruan. Erdi Aroko zortzi gazteluren aztarnak aurkitu dituzte (Mirapeix sarturik), eta zortziak gainaldetan daude, Aragoiko muga zaintzen edo abelbideen ondoan. Agirietan behin baino gehiagotan azaltzen da Peñaflor gaztelua abereen inguruko auziei lotua. 1341ean, esate baterako, Erriberako ibar-jaunak joan behar izan zuen bertara, 10 zaldunekin eta 60 oinezko gerrarirekin, haziendak eta artzainak defendatzera.

Jakin badakigu 1259an Ferrant Gil zebilela gazteluzain, eta Gil Martinez d¿Els Arcx 1266an, Arguedaskoan bezala. Garai hartan 8 libera eta 40 kaiza jasotzen zituzten urteko. 1280an, Erriberako ibar-jaunak zuen gazteluaren ardura zuzena, Martin Ruiz Aibarrek.

Peñaflor barrutia erregeen ehiza-barruti maitatua zen, ehiza larrian aritzeko egokia omen zen-eta basoa nagusia. Hori agiri askotan agertzen da. 1357an, Karlos II.ak (1349-1387) 6 urtez alokatu zion barrutia Garzia Bartolome Roncali, urtean 60 liberaren truke. Gaztelua konpontzeko egurra, berriz, eta gezurra badirudi ere, Bardeatik ekartzen zuten. 1416an, esate baterako, hainbat pinu moztu zituzten gaztelua konpontzeko, eta 40 habe eta hamar dozena gapirio egin zituzten.

1276an, Erriberako ibar-jaunak, Martin Ruiz Aibarrek, Peñaflor gazteluaren leialtasuna eskaini zion Joana I.ari (Nafarroako erregina: 1274-1305), Oteitzan, beste bost gazteluk bezala. Martin Ruiz Argaiz hau 40 urtez aritu zen gazteluzain 1305etik 1345era. Bere aita egon zen lehenago, 1290etik aurrera. Urte horietan, 8 libera eta 40 kaizako soldata jasotzen zuen Peñaflorko gazteluzainak. Geroago, 1355ean, Iñigo Sanchez Ursuak, baztandarra bera, 100 sos eta 25 kaiza jasotzen zituen. Lope Martinez Caparroso ere hamarkada batzuetan ibili zen gazteluzain, eta zenbait konponketa egin zituen; ordainik ez zuen jaso, eta hil zenean, haren alarguna, Teresa izenekoa, pobre bizi baitzen, cuarteles izeneko zerga ¿etxearen gainekoa¿ordaintzetik salbuetsi zuen Karlos III.ak 1415ean, betiko salbuetsi ere.

Nafarroako Agiritegi Orokorreko Comptos atalean, gazteluzainei eginiko ordainketen agiriak daude, Peñaflor gazteluaren historian jakingarri den beste datu bat ere ageri da: 1430etik aurrera, gazteluzainik ez zen, eta horregatik, zer ordaindurik ez zegoela jasotzen dute agiriek: ¿Ez da ordaintzen, ez baita gazteluzainik.¿ Bardeako beste gaztelu batzuek, berriz, gazteluzaina izaten jarraitu zuten, urte batzuetan behintzat. Mirapeixko gazteluan, aldiz, lehenago kendu zuten gazteluzaina, 1359an, eta jabego pribatu izatera igaro omen zen. Ez da harritzekoa, Mirapeix eta Peñaflor gazteluetako arduradunak beste gazteluetakoak baino lehenago kendu izana, izan ere, bi gaztelu horiek zauden urrutien Aragoiko mugatik. Peñaflor gazteluan eginiko azken konponketa lanak, 1419koak dira; bai, behintzat, administrazioak ordaindu zituen azken lanak.

XV. mendearen bukaeran, erregeak dohaintza egin zion Peraltako Pedrori, eta gaztelua haren eskuetara igaro zen.

1504an, Foieko Isabel zen jabea, Peraltako Pedroren alarguna. Testamentuan, bere lehengusinari, Katalina erreginari, eman zizkion bai Peñaflor gaztelua, bai Azagra eta Falces herriak, baita beste hainbat ondasun ere.

Nafarroak independentzia galdu eta gero, hainbat gaztelu suntsitu zituzten, baina Peñaflor ez dago tartean; Fernando Katolikoaren garaian gotorlekuei buruz eginiko errolda batean agertzen da, Falcesko markesaren esku. 1515ean eginiko txosten batean ere aipatzen dute: ¿Badakigu, halaber, Bardean gazteluak zituela erregeak, eta gazteluzainak ere bai, Bardea zaindu eta babesteko, bai Aragoiko erreinutik, bai Nafarroako erreinutik, biak ere muga egiten zuten erreinuak; gaztelu hauek daude: Antso Abarka, Agilar, Peñarredonda, Estaka, Peñaflor eta Mirapeix, baina egun gazteluzainik gabe daude, eta Bardea biztanlerik eta zaindaririk gabe...¿

1530erako, Eguaras leinuan zeuden barrutia eta gaztelua, Eguarasko Joan buru zelarik. Atetz udalerriko Eguarats inguruko leinua zen, han baitzuten jauregia. Handik aurrera, barrutiari Eguaras deitzen hasiko zaizkio. 1546ko auzi baten arabera, Tuteran bizi ziren gaztelu eta barrutiko jabeak. Frantzisko Eguaras Pasquier eta Beaumontekoari, orduko Eguarats herriko jauregiaren eta Bardeako Peñaflor barrutiaren jabe zenari, Felipe V.ak Eguarasko markes izendatu zuen 1703an.

XVIII. mendearen bukaeran, 1802ko Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegiak dioenez, artean bazen gaztelua, eta gazteluzaina ere bai: ¿Gaztelu edo baserri bat, bertako jaun-andreek jartzen duten gazteluzain eta zaindariarekin.¿ Gazteluzain hori, ziur aski, ez zen gazteluan bertan biziko, gertu dagoen guarda etxean baizik.

Barrutia jaurerri pribatu izan zen XIX. mendera arte, jaurerriak desagertu ziren arte. 700 urte lehenago egin zuten bezala, Arguedas udalerriari atxiki zioten hasieran, eta Valtierrari geroago. Valtierra herriarentzat barrutia da, ez baitu loturarik udalerriko gainerako lurrekin. XIX. mendean oraindik biztanleak zituen Eguarats barrutiak; 1858an esate baterako, 15 ziren.

XIX. mendearen erdialdean, Parsent-eko kondearenak ziren gaztelua eta ingurukoak, eta eperrak eta erbiak jaun eta jabe ziren barrutian.

Egun, lur sailak pribatua izaten jarraitzen du, eta 1.225 hektareakoa da. Dena den, bere barnean, Eguarats barrutia, 500 hektareakoa, erreserba izendatu zuten 1987an (apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legea). Erreserba horretan, gaztelua eta ingurukoak daude, eta kanpoan geratzen ziren iparreko, ekialdeko eta hegoaldeko lurrak Errege Bardea Parke Naturalean sartu zituen Nafarroako Legebiltzarrak, inguru hori parke izendatu zuenean (apirilaren 9ko 43/1999 Foru Legea).

Peñaflor

Gaztelua, mendia eta Bardeako paisaia, iparraldetik begiraturik. (1995)

Egitura eta aztarnak

Gazteluaren aztarnak Bardearen ikurrik nabarmenenak dira, Castildetierraren ondoren. Egitura hau antzematen da: harresi bat, gaztelua inguratuz; harresiek biltze duten barrutian, dorre luze bat dago, eta hainbat eraikin laguntzaile, mendi baten gainean. Behealdean eta sarbidean, harresi batzuek laguntzen zuten defentsa egiten.

Gazteluaren barruti nagusiko oina luzea zen, mendiaren goialdeari egokitua, iparretik hegorako norabidean, gutxi gorabehera. Egun, 46 metro da luze, eta lekurik zabalenean, 28,50 ditu. Iparraldeko muturrean zegoen sarrera nagusia, eta igotzeko bidea murruen artean egina zen. Hiru zatiko eskailerak ikus daitezke oraindik, haitzean landuak batzuk. Atariaren horma bi dorre angeluzuzenek mugatzen eta babesten zuten. Bi dorre horiek zabalik zeuden barruti aldera. Barrutitik at geratzen diren murruak eta defentsak eremu osatuago baten aztarnak dira. Martinenak argitaratutako 1362ko agiri baten arabera, ate berriak egin zituzten, aurrekoak zaharrak eta ustelduak baitzeuden (¿sarrerako lehen atetik, erdiko atetik eta ate nagusitik¿). Atari nagusian, atelanga jartzeko bi zuloak ikus daitezke oraindik.

Goialdean, inguruko harresiaren zati handiak agertzen dira oraindik, baina higadurak eginiko galerak gero eta nabarmenagoak dira. Ekialdean zati asko erori dira, mendiarekin batera. Inguruko harresia mendiaren ertzei moldatua zegoen eta estu jarraitzen zien.

Dena den, aztarnarik ikusgarrienak dorre nagusia eta ur putzu edo biltegia dira. Dorrea ia oin karratukoa da (6¿10 x 6¿20 metro), eta egun hamabost bat metrokoa da. Hiru solairukoa izango zen bere garaian. Patina edo ur biltegia, berriz, angeluzuzena da (5 x 2¿30 metro), eta eutsi egin dio gangari. Agiri baten arabera, ur biltegiaren gainean zegoen kapera.

Barrutian, nonahi, hormen oinarriak eta batzuetan harri ilarak ere ikus daitezke. Agirietan geratu dira etxe horien konponketa lanen xehetasunak. Martin Atienza Rada gazteluzain izendatu zutenean, adibidez, 1415ean, betebeharren artean, etxeen itoginak konpontzeko lanak ordaintzea berari zegokiola jakinarazi zioten idatzi batean.

Beheko aldean, mendebalde eta iparraldean, murru sendoen aztarnak ageri dira, kanpotik ere harresi batek inguratu izan balu bezala.

Igeltsua, harria, egurra, karea, hondarra¿ erabiltzen zituzten eraikuntza lanetarako, bai bakarrik bai nahasketak eginez. Orokorrean, oinarriak eta behealdeak harlanduz eginak dira, eta gainerakoa harlangaitzez edo kare-mortairuz (igeltsua, karea eta hondarra).

Peñaflor

Ur biltegi gangaduna eta, atzerago, dorre nagusia. (1995)

Iristeko

Arguedasko Yugoko Andre Mariaren santutegitik Bardean sartuz gero, G.R.13 izeneko pistatik 3¿8 kilometrora, Tauste-Andia mendilerroa errege abelbidearekin elkartzen da, Landazuria tokian. Handik, parkearen arauak betetzeko, oinez edo txirringaz joan behar da ipar-ekialdera, Eguarats aldera, 5 bat kilometroan. Beste aukera bat ere bada, beharbada ikusgarriagoa: Tiro-eremua inguratzen duen pistatik abia gaitezke, Castildetierraren iparraldetik Barranco Grande zeharkatuz. Ez du zertan luzeagoa izan.

Haitzaren higadura dela eta, oso zaila da gaztelura igotzea.

Peñaflor

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk