Itzuli orri osora

Peña

FITXA

Udalerria: Xabier

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Peña izeneko medilerroan daude herria eta gaztelua, Galipentzu ondoko Aragoi ibaitik Sos herri aldera (Sausa, erronkarieraz). Herria eta gaztelua haitz handi baten gainean daude, zeina amildegiz inguratua baitago, hegoaldean izan ezik. Gaztelua iparraldeko muturrean da, haitz erraldoi horren tokirik garaienean, 850 metroko garaieran.

Gazteluak herria babesten zuen, baina talaia lanak ere egingo zituen, eta komunikaziorako ere erabiliko zuten. Gaztelutik gertu, errege abelbidea dago oraindik, eta, lehen behintzat, Erronkaritik Bardeara urteroko joan-etorriak egiteko baliatzen zuten artzainek. Gaztelua muga inguruan zegoenez, horri lotutako egitekoak ere bazituen, alegia, muga hori zaintzea; hasiera batean, nafarren eta musulmanen arteko muga zen, eta gero, Nafarroako Erresumaren Aragoiko Erresumaren artekoa. XI. eta XII. mendeetan, tenentzia baten egoitza izan zen, eta XV. mendetik aurrera, jaurerri batena izan zen.

Gazteluko dorre nagusitik, ikuspegi zabalak zituzten:

-Hegoaldean: mendi bat eta ataka bat ageri ziren. Atzerago, herri gabeko lurrak eta Aragoiko Erresuma izandakoa.

-Mendebaldean: Aragoi ibaia eta inguruko lurrak eta herriak (Galipentzu, Caseda, Oibar...). Atzerago, Eslaba herria eta Uxue inguruko mendiak.

-Iparraldean: Elomendi eta Itzaga. Herrien artean, Zangoza eta, atzerago, Irunberri. Herri horretatik gertu, haitzak eta lautadak ikusten dira, Leire mendikatea barne.

-Ekialdean: Peña mendia bakarrik (1.070 m.), mendilerroko tokirik garaiena, Aragoirekin mugan.

Peña

Gaztelua, haitzaren muturrean, hego-ekialdetik begiraturik. Dorre nagusia eta inguruko harresia nabari dira. (1999)

Historia

Ziurrenik, IX. mendean kristauen erresumek zein hedadura zuten ikusita, eta musulmanek kontrolpean zituzten lurrak zein ziren jakinda, ordurako gaztelu edo dorre bat egongo zen, kristauen esku. Antso I.a Gartzes erregearen garaian (905-925) gaztelu lerro bat eraiki zuten mugan zehar, Deiotik Aragoiko Luesia eta Uncastilloraino.

XI. mendeko agirietan agertzen da Peña, tenentzia baten egoitza gisa, Pinna izenez idatzirik askotan. Ez dira gaztelu bati buruzko aipamenak, jaun edo buruzagien izenak, besterik ez: Velasco Aznar (1068ko urrian), Centulo Bigorra (1080)¿ XII. mendean, Ato Orella (1114), Lope Fortuñones (1125) eta Fortun Aznarez Berlanga (1132) ageri dira.

Garai hartan, dirudienez, Peña herriak bazituen foruak, eta Aragoi eta Nafarroa berriro bereizi zirenean, 1134an, Aragoiko Erresuman geratu zen. 1209ko ekainaren 4an, Aragoiko Pedro II.a erregeak Antso VII.a Azkarraren (1094-1234) esku utzi zuen, 20.000 marabediko mailegu baten berme gisa, Petilla, Esco eta Gallur herriekin batera. Geroago 1232ko martxoan, Pedro II.ak mailegua itzultzerik izan ez zuenez, Jaime I.ak onartu behar izan zuen Peña Nafarroari zegokiola, eta halaxe geratu zen behin betiko. Petillarekin ere antzeko zerbait gertatu zen.

1259an Mateo Guillem zen gazteluzaina, eta 1266an Migel Jimenez Urroz, Migel Semenez d¿Urrotz jatorrizkoan. Urte horretan, 8 libera eta 40 kaizako soldata jaso zuen urroztarrak, eta beste hainbeste Gazteluberri herriko gaztelugatik. 1276an baztandar bat ageri da gazteluzain, Diego Martinez Oharriz, eta 1290ean, Martin Ibañez Uriz.

Agiriek erakusten dute Peñan garabi txiki bat zeukatela jaki eta bestelako hornikuntzak amildegiaren behealdetik gaztelura igotzeko; 1351n eta 1373an berregin zutelako berriak ageri dira agirietan. Azken urte horretan, ur biltegia konpondu zuten, ura galtzen baitzuen, eta ziega garbitu egin zuten, barrualdea karearekin zuritu eta estali egin zuten, bertan garia gordetzeko.

Aragoiko Erresumarekin gerran zirenez, 1362an gazteluan zeuden gerrarien kopurua handitu egin zuten (ordura arte bi zaldun eta 20 oinezko zeuden). 1366ko otsailean, Bertrand du Guesclinen gerrariak Nafarroa zeharkatzen ari zirela, 29 arma gizon bidali zituzten Peñara, 10 egunez han egon zitezen. 1374an eginiko arma inbentario batek esaten du garai hartan 4 balezta eta 4 gezi kutxa besterik ez zeudela, eta egoera txarrean, gainera.

1377an konpondu behar izan zuten kanpoko harresia, 40 metroko horma zatia erori egin baitzen. Urte horretan, Sancho Perez Agorreta gazteluzainak ordezko bat jarri zuen, Martin Ibañez Grocin, hark ez baitzuen nahi Peñan bizi; 1380an, berriz, Karlos II.ak (1349-1387) Peñako nekazariei zergak gutxitu behar izan zizkien, gerran eginiko lanagatik eta jasandako kalteengatik.

Nafarroan gorde diren agiriek noizean behin berri bitxiak ematen dizkigute. 1385ean, Karlos II.a erregeak Zangozako merinaldeko ordaintzaileari (¿recibidor¿) agindu zion Peñako Gracia izeneko bizilagunari 8 libera eman ziezazkiola, gazteluzainak, Pero edo Peirot Musidenek, gaztelua konpontzeko hartu zituen harlauzak, habeak, harriak eta gapirioak ordaintzeko. 2 urte geroago, 1387ko abenduan, Karlos III.a errege berriak (1387-1425) diruzainari agindu zion Gracia horri -gazteluzainaren laguna zen, nonbait- 8 kaiza gari ordain ziezazkiola, gazteluzainarekin ezkontzatik kanpo izan zituen umeak mantendu ahal izateko. Peirot hori izan zen gazteluzain 1387. urte arte, eta 1397ko dohaintza bati esker, berak jaso zituen Peñako herritarrek ordaindutako zergak. 1387tik aurrera, Joan Jimenez Urroz izan zen gazteluburuzain, Gascon Urroz izenez ere ezaguna. 1392an zaldun izendatu zuten, Nafarroako Gazteluzain Nagusia izan zen, eta erregearen ganberazaina (1394-1405). 1397an, 50 florin ordaindu zizkioten, eraso baten beldurrez, Aragoitik gerrariak ekarri baitzituen Peña eta muga babesteko.

Agiriek erakusten dutenez, Peñako gazteluzainaren soldata inoiz ez zen izan handienetako bat, nahiz eta batez bestekoa baino gehiago jaso. XIV. mendearen hasieran, adibidez, 10 libera eta 50 kaizako soldata zuen gazteluzainak. 1355ean, 1350eko araudi berriak eragindako gutxitzearekin, 6 libera eta 30 kaizatan geratu zen soldata arrunta. Administrazioak diru eskasia zuela eta, 1378ko gazteluzainak, Peirot Musidanek, herriak ordaindu zuen zergatik jaso zuen soldata, 10 kaiza gari eta 18 kaiza garagar.

Peñako eta Xabierko gazteluek beste diru iturri bat ere bazuten, castillaje izeneko zerga, hain zuzen ere; Erronkaritik errege abelbidean barrena zetozen artzainek diru bat ordaindu behar izaten zuten gaztelukoek ematen omen zieten babesaren truke.

1416tik eginiko ordainketen berri jasotzen duten agirietan, Ezpeletako Beltran agertzen da gazteluzain gisa. Noblea zen, Valderroko bizkondea eta erregearen ganberazaina. 1434an, Joan II.ak (1429-1479) herria eta gaztelua eman zizkion. Beltranen semea izan zen hurrengo gazteluzaina, Ezpeletako Joan, 1460tik mendearen bukaera arte. Tarte batean, 1447an, Jaime Diaz Aux aritu zen lan horretan, Vianako Printzeak hala izendatuta.

Nafarroa konkistatu zutenean, indar erasotzaileek hainbat gaztelu suntsitu zituzten 1512an, eta Zuritak Aragoiko urte-liburuak lanean esaten duenez, Peñako gaztelua ere desegin zuten. Badirudi, ordea, ez zutela errotik suntsitu gaztelua, dorrearen goialdea eta herriaren aldeko harresia besterik ez. Horri esker -eta gaztelua eta ingurukoak jabego pribatu izateari esker ere bai-, aztarna interesgarriak iritsi zaizkigu. 1434ko dohaintzatik, Ezpeletatarrak izan ziren Peñako jabe, harik eta, ezkontza bidez, Eliotarren eskura pasatu zen arte, XVIII. mendean. XIX. mende arte jaurerri izaten jarraitu zuen, baina inguru osoak esku pribatuetan jarraitzen du.

Herria ez zen garatu, mugako arazoak jasan behar izan baitzituen hasieran, eta gero, jabego pribatu baten zamak. Erdi Aroko erroldetan, Peñako herriak zenbat su zituen ikus liteke: 1366an, adibidez, 7 su zituen, 1427an, berriz, 12 zituela ageri da. Geroago, bolada batean, ez zuen biztanlerik izan (1646ko erroldak hori dio). 1800. urte inguruan, 72 bizilagun zituen, 8 etxetan banaturik, Espainiako Historiaren Errege Akademiaren hiztegiaren arabera, eta Aianzeko kondeak izendatzen zuen herriko alkatea. 1924an, 104 bizilagun zituen, bikarioa eta eskola. Herri gisa, 1950etik aurrera desagertu egin zen erroldetatik. Torre de Peña herrixkan, berriz, 11 lagun bizi ziren 1991n. Xabierko udalerriari dagokio egun, barruti bihurturik.

Peña

Haitzaren ikuspegi orokorra, hegoaldetik begiraturik. Herria, behealdeko harresiarekin eta eliz atariarekin, eta gaztelua, tontorrean. (1999)

Egitura eta aztarnak

Peña ahaztezina da. Haitz erraldoi baten maldan herriko etxe batzuk ikusten dira oraindik; eliza herriko mendebaldeko sarrera zaintzen ageri da, eta haitzaren behealdean Erdi Aroko harresia dago, dorre prismatiko batekin, ekialdeko amildegitik mendebaldekoraino luzaturik. Beheko harresi horretan, beste atari bat zegoen, hegoaldekoa deitzen zutena. Haitzaren goialdean, jaun eta jabe, gazteluaren aztarnak daude.

Herria harresiz gotortua zegoen, eta militar ikuspuntutik, multzo bakar bat osatzen zuen gazteluarekin; herri-gotorleku bat zela esan liteke, eta horregatik, gaztelua, nahiz eta haitzean egina izan, ez da eredu horretako adierazle garbi bat.

Gaztelua, herriari lotzen zitzaion maldan izan ezik, amildegiz inguratua zegoen, haitzaren goiko muturrean baitzegoen. Egun gehien ikusten dena dorre nagusia da, baina inguruko harresia ere nabari da oraindik, ekialde osoan eta hegoaldean. Mendebaldeko amildegi gainean ere harresiaren aztarna gehiago ikusten da. Barrutia eratzeko, harlanduzko murru horrek dorreak zituen, zilindrikoak, hego-ekialdeko izkinan ikusten den bezala. 1380an eginiko konponketa lanen arabera, harresiaren garaiera 10 metrokoa zen (20 beserdi) eta lodiera metro batekoa (2 beserdi).

Dorre nagusia haitzaren azken eraikina da. Sendoa, egun ez dago jakiterik zein itxura zuen oinak, baina iparralde edo ekialdetik begiraturik, badirudi badela angeluzuzen bat eraikin handiago bati atxikirik. Agirien arabera, dorre nagusi horretan zegoen gazteluzainaren bizilekua, eta gertu, ur biltegia eta espetxearen eraikina (¿dorre nagusitik gertu¿). Konponketa eta berritze lanen inguruko informazioa duten agirietan ikus liteke gazteluak labea bazuela, sukaldea, zalditegia eta gela nagusia ere bai, tximinia eta guzti.

Peña

Dorre nagusia eta inguruko harresiaren aztarnak (harresi horrek bereizten zuen gaztelua herritik). (1999)

Iristeko

Zangozatik eta Casedatik, Bardeako ubidea igarota, Torre de Peña etxe multzora irits gaitezke. Autoa han utzi eta oinez jarraitu behar da. Bertatik gaztelua ikusten da, ezkerretan, mendi baten magaleko haitz baten gainean. Ordu eta laurden nahikoak dira iristeko. Inguru guztiak jabego pribatukoak dira, baina sartzea ezin da debekatu, herri bideak baitira.

Peña