Itzuli orri osora

Pedriz

FITXA

Udalerria: Ablitas

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Keiles ibaiaren arroan daude gazteluaren hondakinak, itsas mailatik 370 metro gora. Pedrizko biztanleak babestea eta eskualdeko beste gazteluekin ingurua kontrolatzea ziren Pedrizkoaren egiteko nagusiak. Erasoren bat zenean egokien zeudenek komunikatu behar zioten besteei, ez baitaude denak urruti ikusteko moduko lekuan.

Gaztelu pribatua izan zen 1174az gero, Jerusalengo San Joan Ospitalekoena, lehenbizi eta Maltako Zaldunena, gero. Musulmanek Erribera aldetik urrundu zirenean beste egiteko batzuk izango zituen, jaurgo pribatu baten egoitzak ohi zituenak, seguru asko, Kaltxetasko gomendioaren agindura beti ere.

Pedriz

Gazteluaren eta kaperaren aztarnak, muinoan, eta ingurukoak. Atzerago, Moncayo mendia (2.313 metro). (1999)

Historia

XII. mendeaz gero eliztar ordena batena izan zen gaztelu hau eta Nafarroako Agiritegian ez da hango konponketei edo gazteluzainei buruzko berririk. Gazteluaren erabilerari dagokionez ere besteak baino itxiagoak ziren eliztar erakundeenak, ez zuten-eta, nobleziaren jaurgoek bezala, gizarteko gorabeheretan sarturik zebilen jaun bat edo leinu bat buru. Pedrizkoaren kasuan gainera, eman zietenez gero Jerusalemgo San Joan Ospitalekoena edo ondorengo Maltako Zaldunena izan zen beti. Balio estrategiko handirik ere ez zuen, bestalde, XII. mendearen erdialdetik aurrera behintzat.

Pedriz eta inguruko herriak Iruñeako eta Aragoiko Alfontso I.a Borrokalariak (1104-1134) kendu zizkien musulmanei (1119). Tuterarekin batera hartu zituen, hamar urte luze xake jokoan bezala ibili ondoren.

Alfontso I.ak berak antolatu zuen gero eskualdea. Sobrarbekoaren ereduko forua eman zion Tuterari, eta haren arabera moldatu ziren inguruetako herriak eta etxadiak. Pedriz ere herri horien artean agertzen da foru-agirian, eta herri gisa, ez kategoria apalagokoak bezala, almunia gisa. Eliz antolaketari dagokionez, berriz, Tuterako barrutian sartu zuen Pedriz, eta 1121ean Tuterako Santa Maria elizari eman zizkion hango meskita eta inguruko zergak kobratzeko eskubidea.

Alfontso I.a Borrokalariak bere testamentuan zioenaren arabera, hura hiltzen zenean eliztar hiru erakunderen artean banatu behar ziren bere ondasun guztiak ez ezik Aragoiko eta Iruñeako Erresumak ere. Ez zen haren nahia bete, baina ez ziren ordena militar horiek ezer gabe geratu, ordainetan dohaintzak eman zizkieten Nafarroan, 1135etik aurrera. Hilobi Sainduko Ordena bakarrik geratu zen dohaintzarik gabe.

Ordena Militarrei dohaintzak egiteko joerak bi bolada izan zituen Nafarroan, eta 1173an hasi zen bigarrena. 1174ko urteko apirilean, Pedrizko herria eta gaztelua (¿Pedriz deitzen zaion gaztelua, herriarekin") eman zizkion Antso VI.a Jakitunak (1150-1194) Jerusalemgo San Joan Ospitaleko ordenari, erregea Zangozan zela: ¿Pedrizko gaztelua deitzen dutena eman dut, baita herria ere, bere sarrera-irteerekin, aintzirarekin, mahastiekin, soroekin, lur basekin, herrixkekin, eta han bizi diren mairuekin.¿ Lor-ko edo Pderizko aintzira ere barruan zen, beraz.

Dohaintza hori zela-eta, San Joan Ospitalekoek Kaltxetasen zuten gomendioaren mende geratu ziren Pedrizko herria eta gaztelua. Garzia Ramirez zen garai hartan Nafarroako eta Aragoiko priore, eta Kaltxetastik zuzentzen zituen bere priore-barrutiko gorabeherak.

Pedrizko biztanleek ordena horri zergak pagatzen hasi behar izan zuten handik aurrera. Urteko uztaren laurdena, 12 kaiza gari eta 12 kaiza garagar eman behar zizkioten, eta Pedrizko biztanleen gain geratu zen gazteluzaintza ordaintzea ere. Lanari zegokionez, berriz, etxe bakoitzetik bi langilek eta idi pare batek urtean hilabete aritu behar zuten haien baratzeetan lanean. Eta bazituzten beste zerga edo obligazio txikiago batzuk ere.

Handik hara, Lor-ko edo Padrizko aintzira saltzeko kontuarekin izan ziren gorabeherak. Azkenean atzera egin behar izan zuen Karlos II.ak; ez saltzeko agindua eman zuen 1366ko urtarrilaren 24an, Antso Jakitunak eta Antsa andreak aintzira hura San Joan Ospitalekoentzat utzi zutela frogatu baitzuen bitarte hartan Ospitalekoen prioreak. Baina, ez saltzeko aginduarekin batera, berek hartan izan zitzakeen eskubideak aztertzeko eskatu zion Lor aintzira saltzeko ardura zuen funtzionarioari. Gorabeherak gorabehera, 1411n Martin Enriquez Lakarra, erregeren Lor aintzirako eskubideen onuraduna, zen Erriberako ibar-jaun eta Tuterako gazteluzain, eta urtean 10 libera jasotzen zituen kargu horiengatik.

Goian aipatu diren zerga horiekin guztiekin nekez egin zezakeen Pedrizko herriak aurrera. 6 su zituen 1353an, eta 5, 1366an. Bizilagun guztiak musulmanak ziren, bestalde, Johan Garzia izeneko hidalgo bat izan ezik; Kaltxetasko prioreak jarritako gazteluzaina bera. Berrehun urte lehenago baino 3 su gehiago zituen 1553an, baina 4 su bakarrik, 1678an. Garai haietan suka egiten zen herrietako ¿jende kontaketa.¿ Zehatzagoak dira 1786az gerokoak. 30 pertsona inguru bizi omen ziren urte horretan; 29, 1842an; 16, 1857an eta 14, 1887an. Hamazortzigarren mendearen bukaeraz gero urtean baino urtean jende gutxiago bizi zenez, hurrengo erroldan beste leku batean sartu zituzten hango biztanleak eta ez da gehiago Pedrizen zenbat jende bizi izan zen jakin, 1935etik 1940rako hamarkadan inor gabe geratu zela, hori da azkeneko datua.

Baina lehendik zetozen zantzu txarrak, eta ez biztanleei dagokienez bakarrik, XIX. mendean ez zegoen gazteluzainik, eta alkatea Kaltxetasko prioreak izendatzen zuen. Gero ere San Joan Ospitalekoen ondasun eta haien mendeko izan zen Pedriz, 1820tik 1830a bitarteko hamarkadan nobleziaren eta Elizaren jurisdikzio bereziak baliogabetu zituzten arte. Ablitasko udalerriaren parte edo auzune izan zen handik aurrera.

Bikarioari dagokionez, erregeak edo Ordenako buruak izendatzen zuen berria, aurrekoa hil zen hilabetearen arabera, alegia. Dirudienez hala egitea erabaki edo hitzartu zuten 1847an.

San Joan Bataiatzailearen baselizan zuten herritarrek parrokia. Gazteluarekin bat egiten zuela zegoen, bestalde, eta gazteluan bizi zirenen kapera ere izango zen bide batez. Baina, gaztelukoek baino gehiago erabiltzen zuen herriko jendeak, eta herriko parrokia bihurtu zen azkenean. Dena dela, Ablitasko parrokiaren laguntzaile gisa sailkaturik zegoen Erdi Aroaz gero, hala diote Tarazonako apezpiku barrutiko liburuek, eta harentzat izaten zen Padrizkoan biltzen zenaren laurdena. Ingurua hustu zenean, baseliza bilakatu zen.

Pedriz

Gazteluko dorrearen aztarnak, eta haiei itsatsirik, kaperarenak. (1997)

Egitura eta aztarnak

Berez ere gora-gune batean zen gaztelua, baina iparraldean ubide sakon bat igarotzen denez are gorago dagoela dirudi alde horretatik begiratuta. Aztarnak erraz bereiz daitezke beraz.

Oso hondatua dago gaztelua. Hormatal batzuk bakarrik geratu dira, baina nabari da eraikuntza sendoa izan zela bere garaian. Harlanduz eginak zituen hormak. 1 x 0¿5 metro luze-zabal dira horietako harri batzuk. Hauskorragoa zen baseliza, pezoz eginak zituen-eta hormak. Nork zaindurik ez zuela gertu zenean berriz ere lurrera itzuli zen gehiena. Oraindik zutik diren pusken arabera, Igeltsuzkoa eta gangaduna zuen gaina, eta angelu zuzenez eratua, oinplanoa. XVI. mendekoa izateko zantzuak ditu.

Gazteluarena da zutik geratu den hormatalik luzeena. 7¿5 metroko luzera du, eta 2 metro inguruko lodiera. Horma puskarik garaiena, berriz, garai batean dorre izandakoan da: 5-6 metroko garaiera.

Harri asko da horma inguruetan, ilarak eratzen dituztela, leku batzuetan; hegoaldean eta mendebaldean, esate baterako; eta barreiaturik beste leku batzuetan.

Gaztelu-baseliza multzo horretako artelanik baliotsuena margo-lan gotiko bat da. Bere garaian elizako erretaulan zen, eta Kristo gurutzetik eraistea irudikatzen du. Gaur egun Tuterako katedralean dute jasota.

Pedriz

Ezkerretan, kapera, eta eskuinean, gaztelua, eraikuntzaren materialek adierazten duten bezala. (1999)

Iristeko

Cascante - Ablitas errepidetik jaisten den pista da gaztelura joateko biderik erosoena. Lor-ko aintzira ezkerretara utzi behar da, eta aintzira inguratzen duen errepidea ere bai gero, eskuinetik jaisten jarraitzeko. Berehala bistaratzen dira aztarnak ezkerretan, etxe batetik hurbil, eta beste pista bat hartu behar da harako.

Itzuli, berriz, pistaz egin daiteke, bistan baita Tutera - Ablitas errepidea.

Pedriz

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk