Murilloko gaztelua
FITXA
Udalerria: Murillo el Fruto
Herrialdea: Nafarroa Garaia
Zailtasuna
Aztarnak
Kokapena eta Egitekoak
Herri gainean daude aztarnak, mendi baten goialdean, Aragoi ibaiaren haraneko iparraldeko ertzean. Handik, ibaia eta inguruko herri eta lurrak ikusten dira, besteak beste, Zarrakaztelu, Melida eta Oliba monasterioa ibaiaren beste aldean eta, urrutiago, Bardeako bazterrak. Mendebaldean, Santacara (herria eta gaztelua), Arrada zena eta Caparrosoko inguruak. Ekialdean, Uxue herrirako errepidea.
Herritarrei babesa ematen zien gazteluak, eta eskualdeari ere bai. Aragoiko Erresumarekin arazoak zeudenean, Zarrakazteluko eta Oliba monasterioko abereak, esate baterako, ibaiaren alde honetara ekartzen zituzten (halaxe agertzen da agirietan).
Muga inguruko egiteko horretan, elkarlanean ibiliko ziren haraneko gazteluak: Melida, Santacara, Arrada, Caparroso... Guztiak Murillo el Frutoko gazteluaren begi bistan geratzen ziren.
Gazteluaren muinoa eta aztarnak, iparraldetik begiraturik. (2001)
Historia
Herria, lehen, mendiaren goialdean zegoen, eta gazteluak babesten zuen iparraldea, mendi maldak baitziren beste hiru aldeak. Poliki-poliki, herria jaitsi egin zen, eta herriko parrokia, esate baterako, 1528an eraiki zuten egungo tokian. Goian zegoela, gazteluko kapera izan zen.
Musulmanek 860an euskaldunei suntsitutako hiru gazteluetatik, Firus, Falah¿san eta al-Kaxtil, hirugarrena, azken iritzien arabera, Santacara, Murillo el Fruto edo Zarrakaztelu herrietako gaztelu bat izan daiteke. Bestalde, ezin izan da frogatu Aragoiko eta Iruñeko Pedro I.ak (erregealdia Nafarroarako: 1094-1104), herriari Medinacelliko forua eman izana 1102an, biztanleak erakartzeko asmoz. Idatzi horren arabera, gazteluaren mantenuan laguntzea zen herriko bizilagunen betebeharretako bat, eta hori da gazteluaren lehenengo aipamena.
Herria eta gaztelua erregeenak ziren, eta 1207an Antso VII.a Azkarrak (1194-1234) herriari, Murello Freyto jatorriz, gutxitu egin zizkion ordaindu behar zituen zergak, baina biztanleek lan egin behar zuten erregearen lur sailetan eta gaztelua konpontzen. Idatziaren arabera, herriak hiri-harresia zuen: ¿Eta lan egin bezate herrian eta Murilloko gazteluan ¿.¿
Dena den, 1219ko agiri baten arabera, Pedro Jordanek Muriello herria eta gaztelua utzi zizkien Guillen Baldovin eta haren emazteari, mailegu baten berme gisa. aipamena Murillo el Frutori baldin badagokio, ez dakigu nola igaro zen jabetza erregearengandik Pedro Jordan horrengana, 12 urteko tarte horretan. Altadillen arabera, jaun hori zen gazteluzaina 1218an; Uxue eta Zangozan ere ardura bera izan zuen lehenago, eta erregearekin egon zen lehenago Navas de Tolosako batailan (1212). Beharbada, Andaluziatik bueltan, erregeak Murilloko herria eta gaztelua eman zizkion.
Altadillek berak ematen dizkigu XIII. mendean gazteluak izan zituen bi tenente edo arduradunen izenak: Ximenez Oharriz, gutxienez 1234 eta 1237. urteen artean, eta Sancho Fernandez Monteagudo, 1256an. 1259an gazteluaren ardura Garzia Lopiz Lespuru ibar-jaunaren esku zegoen, eta beste hiru gaztelurena ere bai. Geroago, 1266an, Garzia Jimenez Orizek zuen ardura Murilfrito herriko gazteluan.
XIII. mendearen azken laurdenetik aurrera, ondo gorde egin dira gazteluzainei eginiko ordainketen xehetasunak Comptos agiritegiko atalean. Horrela, 1276-1290. urteetan, Arnalt Bernart Argava zen gazteluzaina, eta ibar-jauna ere bai aldi berean. 1280an, Isturitzeko Rokafort gazteluen ardura ere bazuen. Handik aurrerako gazteluzain guztiak zein izan ziren badaki, esku pribatuetan egon zenean izan ezik.
1329 eta 1332. urteetan konponketa batzuk egin zituzten. Konponketa horiek Diego Perez Ezperun gazteluzainak ikuskatu zituen, 30 urtez baino gehiago egon baitzen postu horretan, 1304tik aurrera. Murilloko gazteluzainaren soldata arrunta 6 libera eta 30 gari kaizakoa zen, apalenetako bat. 1330ean, zaldun izendatu zuten gazteluzain hori. Hurrengo gazteluzaina Lope Diaz Ezperun izan zen, 1338tik aurrera.
1337an, Maria infantaren, Felipe III.a Evreuxkoaren eta Joana II.a erreginaren alabaren, eta Aragoiko Pedro IV.a erregearen arteko ezkontza hitzartu zuten. Infantaren ezkonsariaren ordainketaren berme gisa Nafarroako sei gaztelu (Murillo el Fruto, Arguedas, Burgi, Estaka, Galipentzu eta Santacara) aragoarren esku utzi zituzten. Horretarako, eta egungo hitzez esateko, gazteluzainei kendu egin zieten nafar nazionalitatea, eta Aragoiko erregeari leialtasunaren zina egin behar izan zioten. 1345ean, ezkonsariaren azken 15.000 liberak ordaindu zituzten, eta urte horren bukaeran bertan behera utzi zituzten Pedro IV.ari eginiko zinak.
1350eko arautegi berriaren ondoren, gazteluzainen soldata arruntak gutxitu zituzten. Murillo el Frutoko gazteluari zegokiona, 4 libera eta 20 kaizakoa zen, gehien jasotzen zutenen erdia.
Karlos II.ak (1349-1387) 1366tik gazteluzain zen Martin Periz Gallipienzo kendu egin zuen, urteko 20 libera ordainduz kalte-ordain gisa, eta Joan Testador zalduna jarri zuen, 1374an. Noble hori 5 urtez egon zen postu horretan, baina ordezko bat jarrita, Enric Rost Colonia.
Errege berak, 1380an, gaztelua Joan Bearni eman zion, Lordako kapitainari, mesede batzuk eskertzeko. Geroago, 1385ean, Rokafort gazteluaren eta Donibane Garaziko erroten truke, Biarnoko Ramonet Sort-i eman zizkion herriaren jabegoa eta gaztelua, eta horrek leialtasunaren zina egin zion. Joan Bearn, ostera, Rokafort gaztelura joan zen gazteluzain gisa.
Hurrengo erregeak, Karlos III.ak (1387-1425), dohaintza bera, zerga guztiekin, egin zion Lakarrako Bertrani 1387an, hil arte.
1402an, beste hiru gaztelurekin batera, berriro beste ezkonsari baten berme bihurtu zen Murillokoa. 4 urteren buruan agindutako ordainketak ez bazituzten egiten, gaztelu horien errentak aragoarrarentzat izango ziren, nahiz eta jabegoak nafarren esku jarraituko zuen. Migel Sanchez Aoiz zen orduko gazteluzaina Murillon.
1421ean, dorre nagusiaren estalkia konpondu zuten, gazteluzainaren arabera, itoginak baitzeuden. Zabaltzaren harlauzak altxatu eta habeak aldatu zituzten. 1429an, Gaztelaren aurkako 1429-1430eko gerra zela eta, herritarrek eurek konpondu zuten gaztelua. Hurrengo urtean, Blanka I.ak (erregina Nafarroan: 1425-1441; Siziliako erregina: 1402-1441), zerga gutxiago ordainarazi zizkien herritarrei, gaztelua konpontzen gastatu zutenarekin berdintzeko.
1447an, Vianako Printzeak bere jarraitzailea izango zen Joan Beaumontekoari eman zion Murilloko jabegoa, beste ondasun eta zerga gehiagoren artean. Berak ordaintzen zion gazteluzainari, Martin Perez Novarri, zeina, gutxienez, 1434tik baitzegoen postu horretan.
Gerra zibila zela eta, Joan II.a (1425-1479) eta bere seme Karlos, Vianako Printzea, kanpoko gazteluzainak jartzen hasi ziren gazteluetan. 1455ean, Aragoiko Hugo Urries zen Murilloko gazteluzaina, Joan II.a erregearen zerbitzaria (¿kopa-emaile nagusia¿).. Noblea omen zen, mosen bereizgarriarekin idazten baitzuten bere deitura. Hurrengo gazteluzaina, 1462tik aurrera, jatorri berekoa zen, Pedro Jordan Urries. Orduko soldata arrunta 48 liberakoa zen.
XV. mendeko gerra zibiletan parte hartu zuen gaztelu honek. Joan Beaumontekoaren esku zegoen, eta Nafarroako Pedro mariskalaren gerrariek hartu zuten gaztelua 1469an, ondoko sarraski eta gehiegikeriekin; bandoen arteko liskarrak berpiztu egin ziren.
Joan III.a eta Katalina I.a errege-erreginek, 1490. urte inguruan, Murilloko gaztelua eta herria, Beire eta Pitillas herriekin batera, Nafarroako Pedro mariskalari eman zizkioten, zorren berme gisa, ezkontzean agindutako oparia zela eta. Herritarrek eurek kenarazi behar izan zuten berme hori, 1513an, baina epaiek XVII. mende arte iraun zuten, Nafarroako Pedro mariskalaren ondorengoekin, Cortesko markesekin.
Nafarroa behin betiko konkistatzeko borroketan, gazteluzain lanetan zebilen Pedro Rada altxatu zen nafarren erregearen kontraerasoarekin batera. Gaztelar-aragoarrek gotorlekua hesitu eta hartu ondoren, gazteluzaina torturatu eta hil egin zuten. Zurita kronikariak gaztelu hau aipatzen du suntsituen artean 1512-1513. urteetan. Gaztelua eta cortijo delakoa aipatzen ditu; beraz, gazteluaz gain, barruti gotortu bat ere bazegoen, gazteluaren babespean. Batzuek 1516 urtean suntsitu zutela esaten dute.
Gaztelua desagertu bai, baina castillaje izeneko zergak jarraitu zuen, almadien gainekoa. Berri asko ditugu horretaz; hasieran, herritik gertu jasotzen zuten ordaina, baina geroago, Zangozan. XVI. mendean Nafarroako Pedro mariskala zen onuraduna, eta gero bere ondorengoak.
Gazteluaren aztarnak, ezkerrean, eta garai bateko herriaren kokalekua, muinoaren muturrean. (2002)
Egitura eta aztarnak
Aztarnak mendiaren gainaldean dagoen kasko antzeko batean daude, ezpondek eta zuloek bereizita. Zulo sakonena eta zabalena iparraldean dago, mendiaren gainerako alderdietatik bereizteko asmoz egina.
Gehien ikusten den aztarna dorre nagusiari dagokio; bere garaian egokitu egin zuten, oinarriak Jesusen Bihotzaren irudia izan zezan. Hegoaldeko murruak 4¿90 metro ditu egun; horietatik, 3¿90 metroko horma zatiak osatzen du oinarria. Mendebaldeko murruak 3¿8 metro dauzka luze. Bi harresi horien lodiera, dorre nagusiaren hormena izango zena, 1¿5 metrokoa da.
Baina, horretaz gain, badaude beste aztarna aipagarri batzuk mendebaldean. Bi dorre biribilen arrastoak ikus daitezke (hego-mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko izkinetakoak), eta bien arteko horma zati baten 7 metroko harri ilara xumeak ere bai, IM-ko dorreari josita. Ez dago jakiterik murruak zein lodiera zuen, luzera osoan galdu baititu zatiak, baina 1¿5 metro ingurukoa izango zen.
HM-ko dorrea harri pila bat besterik ez da. IM-koak, berriz, josita duen hormatalaz gain, egitura osoa du bistan. Oin biribileko dorre horren barruko diametroa 2¿4 metrokoa da. Murruaren lodiera 1¿8 metrokoa da, eta gehieneko garaiera, berriz, ia bi metrokoa da egun, kanpoaldetik begiraturik. Horretaz gain, dorre laguntzaile horren ondoan, beste horma zati batzuk ikusten dira, iparraldeko itxiera eta barrualdeko beste bat.
Beste harri ilara bat nabari da lurrean, dorre nagusiaren oinarriaren eta mendebaldeko horma zatiaren artean. Gazteluaren barrutian zegoen beste eraikin baten arrastoak dira.
Ikusitakoaren arabera, gazteluaren egitura xumea zen: dorre angeluzuzen bat egongo zen erdian, eta inguruan harresi bat, lau izkinetan dorre zirkularrekin. Dorreen arteko hormak 10 metrokoak ziren iparraldean eta hegoaldean, eta 15 bat metrokoak ekialdean eta mendebaldean. Altadillek ere halaxe irudikatzen zuen: ¿harresiz eta kubo zilindrikoz inguraturiko dorretzar bat...¿
Gazteluaren barrutian beste eraikin batzuk zeuden. Gazteluan eginiko konponketen inguruan Martinenak jasotako agiriaren arabera, gutxienez, aletegi bat bazegoen (1294an), labea ere bai eraikin batean (1354) eta logela etxea zena (1421), ziurrenik gerrarien logela izango zena. 1421eko konponketen arabera, dorre nagusiaren estalkia begiratokia zen, ez teilatua, talaia lanak hobeto egiteko.
Gaztelua dagoen kaskotik hegoaldera zabaldi bat dago, eta hori izango zen herriaren hasierako kokalekua, eta beharbada, toki lau horretan egongo zen Zuritak bere Aragoiko urte-liburuak lanean aipatzen duen gazteluaren cortijo delakoa ere. 1294an baratzean putzu bat zegoela esaten da, baina egun ezin da jakin non zegoen.
Ipar-mendebaldeko dorrea eta hainbat murru. (2000)
Iristeko
Herritik gora joan behar da, bide handirik gabe. Dena den, maldan ur-biltegi txiki bat dago, eta haraino erraz irits daiteke, porlanezko mailak baitaude. Horra helduta, igoeraren herena egina izango dugu, eta gorago bidezidor batekin topo egingo dugu. 5 minutu besterik ez dira behar igotzeko.