Itzuli orri osora

Muñatones

FITXA

Udalerria: Muskiz

Herrialdea: Bizkaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Barbadun ibaiaren itsasoratzetik gertu, paduraz inguratutako itsasadarreko tontor batean zegoen gaztelua. Mearen garraiorako leku estrategikoa izan da betidanik. Erromatarren garaitik hor itsasoratzen baitzuten ateratako burdina. XIV. mendean kaia omen zegoen Muñatones eraikinetik hurbil eta itsasgorak gazteluaren oinetaraino eramaten zuen itsasoa.

Gazteluaren kokalekuaren arrazoia, Salazartarren lurralde antolakuntza eta ondoan dagoen igarobidea dira. Ezkontza politikaren bidez, Muñatonesko gazteluzainak aberastasun eta botere handia zuen, eta hori zela medio inguruetako leinuburua ere bazen.

Orain berriz, gaztelua Petronor enpresaren iraztegiaren lurretan dago. Sortu zenetik enpresa horrek ikur bezala hartu du gaztelua. Horren lekuko, Petronorren logotipoan dorre luze bat agertzen da, Petronor izenaren ¿P¿a egiten lagunduz.

Muñatones

Ikuspegi orokorra, hegoaldetik begiraturik. Bi harresiak eta dorrea erdian nabari dira. (2001)

Historia

Nahiz eta gazteluak izen hori izan, inoiz ez da Muñatones sendiaren egoitza izan. Gaztelua Muñatones leinuko alaba batekin ezkondutako Salazar batek eraiki zuen, eta ezkontza horretatik sortu zen San Martingo Salazartarren adar genealogikoa. Gainera, Muñatonestarrek bere dorretxe propio zuten Somorrostron, gaur egun La Sierra izena duena.

Lope Garzia Salazar Erdi Aroko historialariaren arabera, Muñatonestarrak Asturiasko Noreña konde mitiko baten ondorengoak ziren. Baina, dirudienez, leinu horrek Galdamesen zuen jatorria eta XIII. mendean zabaldu zen Somorrostro bailarara. XIV. menderako berak kontrolatzen zuen bailara osoa.

Salazartarrak, beren aldetik, Burgosko iparraldetik omen zetozen eta handik Araba eta Bizkai aldera zabaldu ziren. Nobleek ziotenaren arabera, Wamba garaiko zenbait godo mitikoen ondorengoak ziren, Santoñako kostaldean lurreratuak.

XIV. mendean, Muñatones leinuak eta bere aliatu guztiek Marroquin leinuaren aurka borrokatzen ziren. Aliantzak sendotze aldera, 1339an, Ines Muñatones Joan Lopez Salazarrekin ezkondu zen eta honek dorretxe bat eraiki zuen Muskizko San Martinen. Haitz batean gainean eraikitako dorretxe hori oso xumea zen. Oina angeluzuzena zuen (11,70 x 10 metro), 15 metro inguruko garaiera eta murruak, 1,10 metrokoak. Dorretxea eraikitzeko erabilitako harria ere balio gutxikoa zen. Harlanduak ikusten zitzaizkion tarteka, baina izkinetan eta irekiduren inguruan bakarrik. Egindako azterketek eraikinaren inguruan harresi bat zegoela erakutsi dute. Harresiak dorretxoak omen zituen -izkinetan eta hormataletan. Ziurrenik, eraikitzailearen semeak edo bilobak, San Martingo Joan Sanchez Salazarrek edo San Martingo Otxoa Salazarrek, osatuko zuen harresia dorretxea guztiz inguratu arte. Horrela, XIV. mendean, dorretxea, bere harresi eta guzti, inguruko eraikin pribatu sendoenetako bat bilakatu zen.

1382an, bigarren aldiz batu ziren Salazar eta Muñatones leinuak. San Martingo Otxoa Salazar, leinuaren sortzailearen biloba, Teresa Muñatonesekin ezkondu zen. Ezkontza horrek, bi sendien boterea eta ondasunak areagotzea ekarri zuen. Eta Muskizko eraikina bihurtu zen botere eta ondasun guztien erdigune, berau aukeratu baitzuten leinuen egoitza nagusi gisa.

Senar-emazte horien semea zen Lope Garzia Salazar historialaria (1399-1476). Bere Cronicas de Vizcaya eta Libro de las Bienandanzas e fortunas idatziak leinuen arteko liskarrak ezagutzeko iturri garrantzitsuenetakoak dira.

Lope Garzia Salazar Joana Butroerekin ezkondu zen. Ezkontzak garrantzi politiko handia izan zuen, Bizkaiko bi alderdi Oinaztarren buruak elkartu zituelako. Bi sendien eragin eremuak ere bat bihurtu ziren. Salazartarren eragin eremua Ibaizabal ibaiaren ezkerraldetik hasi eta Enkarterri osora zabaltzen zen, Somorrostro barne zuela. Butroe sendiak, berriz, Ibaizabalgo eskuinaldea eta Uribe merinaldea menperatzen zituen. Eta eskualde horien guztien jabe eginik, aski ez nonbait, eta Muñatonesko jabeari bere eragin eremua zabaltzeko nahia sortu zitzaion. Hori zela medio, buru belarri sartu zen leinuen arteko borroketan, eta hamarkada odoltsuak etorri ziren.

1439 eta 1446 urteen artean Muñatonestarrek gotorleku berri bat eraiki zutela esan izan den arren, egin zutena, lehengo eraikina gotortzea izan zen. Dorrearen murruen lodiera 1¿10 metrotik 2¿80 metrora zabaldu zuten, eta hartara, dorrearen garaiera ere bi solairutik laura luzatu ahal izan zuten. Almenak, aldiz, ez zituen. Goian, estalkia zabaltza bat zen.

Inguruko harresia baztertu egin zuten eta haren lekuan beste harresi ziklope bat eraiki, hau bai, almenaduna. Horrez gainera, ingururako beste harresi bat altxatu zuten, ziklopea baino ahulagoa. Hari dorretxo bana jarri zioten lau izkinetan, aurreko eta atzeko ormak loditu eta kubo bana eraiki, sarrerak babesteko. Dorre nagusiari jauregiak deituriko egurrezko eraikinak erantsi zizkioten. Jauregi horiek bizi modu erosoagoa izateko eta jarduera osagarrirako balioko zuten. Hala nola zalditegi bat egiteko, aletegia jartzeko... Baina oinordekotzak tirabirak sortu zituen, eta gaztelua behin baino gehiagotan setiatu zuten. Eraso horiek ekar zezaketen arriskuaren aurrean Lope Garzia Salazarrek egurrezko eraikin horiek guztiak kenarazi zituen. Izan ere egurrezko egiturek gaztelua erre nahi zuenari bere lana errazten zioten. Eranskin horiek guztiak kenduta Lope Garzia Salazarrek gaztelua gotortzeari ekin zion.

Eraikuntza-lan handi horiek obratzeko, leinuaren eta bandoaren buruzagia bera zenez, Lope Garzia Salazarrek bere menpekoak erabili zituen lanerako. Jaraunspen auziko agiriek ongi islatzen dute hori:

¿Somorrostroko bizilagun askok lagundu zioten beren gurdi eta idiekin harria, egurra eta bestelakoak garraiatzen; batzuk gogo onez joan ziren, baina beste asko gogoz kontra, Lope Garziak eraikin asko egiten baitzituen, eta ez baitzien ordainik ematen beren lanarengatik, jatekoa izan ezik; gainera, egoki iruditzen zitzaion egur guztia hartzen zuen, aurkitzen zuen lekuan aurkitzen zuela: berdin zitzaion eliza batetik hartzea, edo jendeari kentzea. Horrez gain, Lope Garziak eraikuntza lanetan aritzen ziren ofizialei bakarrik ordaintzen zien, ez beste inori.¿

Baina gauzak laster okertu zitzaizkion Lope Garzia Salazarri. Joan Mairua semeak gazteluko zerbitzariak lagun hartu eta gotorlekua konkistatu zuen. Hori gutxi balitz bezala, lehenik preso hartu zuen aita, eta gero, 1476an, pozoia emanda hil zuen. Gazteluaren jabea zela, 1476tik 1486ra artean, kanpoko harresi ahularen aurrealdea eta atzealdea gotortu zituen. Lodiago eta garaiagoa egin zituen, eta almenak erantsi zizkien. Sarrerak babeste aldera, bi hormatalen erdian kuboak jarri zituen, eta lau izkinetan dorre zilindrikoak ere bai. Dorre nagusiaren gaineko aldean ere aldaketak egin zituen. Besteak beste, lau isurialdeko teilatua jarri zuen. 1486 eta 1503 urteen artean, Joan Mairuaren semeak, Otxoa Gazteak, dorre nagusian sartzeko zegoen esku-eskaileraren ordez harrizko eskailera egin zuen.

XVI mendearen hasieran utzi zuten Salazartarrek gaztelua. Handik oso gertu beste jauregi bat eraikitzen hasi ziren eta hara aldatu ziren. Utzian utzi, XVII. mendearen bukaeran dorre nagusiaren egurrezko barrualdea erori zen. Eta 1846an Delmasek bere grabatuak egin zituenerako hirugarren solairua ere galdua zen. Mendea bukatu baino lehen dorrearen zenbait zati ere lurrera erortzen hasi ziren.

1944an gaztelua eta jauregia Monumentu Historiko izendatu zituzten. 1949an Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zituen eta eraberritze lanari ekin zion. Zenbait hutsunek erremediorik ez zuten arren, berriztapenaren irizpidetzat eraikin berriak eraikin historikoaren ahalik eta antzik handiena izan zezala hartu zuten. Berritu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak estatuaren esku utzi zuen jauregia honek ostatu bihur zezan. Orain, ordea, Petronor enpresaren bulego batzuk daude bertan.

1993an azterketa lanak hasi ziren eta bide batez eraberritze prozesu berria martxan jarri zuten. Zaharberritze lanerako irizpide zientifiko zehatzak jarraitu zituzten. Erdi Arotik datozkigun agiriei eta idatziei esker ondo baino hobeto deskriba daitezke aurkitutako aztarnak. Aztarna horiei dagozkien aroak ere erraz identifikatzen dira.

Muñatones

Dorre nagusiaren ekialdeko eta iparraldeko aurrealdeak. (2001)

Egitura eta aztarnak

Mende erdi bat iraun duten zabaltze eta berrikuntza lanen ondorioz, Muñatonesko gaztelua eraikuntza multzo sendo bat da gaur egun. Dorre nagusi bat du eta dorrearen inguruan bi harresi. Dorre nagusia orubearen erdian dago eta oina laukizuzen formakoa du: 13 x 15 metro. Lehenago 35-36 metro inguruko garaiera bazuen ere, orain, lurretik hasi eta 25 metrora luzatzen da. 1949an jarritako almenak ere deigarriak dira. Sarrera lehenengo solairuan zuen baina sartze hartatik harrizko eskaileraren aztarnak bakarrik geratu dira. Lehenengo solairutik gora joateko, barruan, izkina batean, egurrezko eskailera zirkularra zegoen. Eskailerak bezala, barnealde osoa zen egurrezkoa. Baina gaur egun, ez da egurrezko egitura haren ezpalik txikiena ere ageri.

Ageri direnak dorrearen inguruan dauden bi harresi lerroak dira. Ilara horiek gainontzeko Bizkaiko gazteluetatik bereizten dute Muñatoneskoa. Lehenago dorretxe izan eta gerora gaztelu bihurtu ziren gainerako Bizkaiko eraikinek harresi lerro bakarra baitute. Muñatonesko gazteluan, bi harresi horietan ahulena kanpokoa da. Kanpokoa 1¿20 metro lodi da, eta lau izkinetan bost metroko diametroa duten dorre zilindrikoak ditu. Aurreko eta atzeko hormek, erdi parean, kuboak dituzte. Kubo horiek bi sarrerak babesteko balio zuten.

Barrualdeko harresia, hau da, kanpokoaren eta dorrearen artekoa, Lope Garzia Salazar historialariak eraiki zuen. Kanpokoa baino sendoagoa da, 2¿80 metroko lodiera, eta, 7¿50 metroko garaiera baitu. Hala ere, ez du ez dorrerik eta ezta kuborik ere. Sarrera atea ere bakarra du, eta bakar horren gainean, Butroe, Muñatones eta Salazar leinuen armarriak daude.

Zundaketa lanek, barrualdeko harresiaren eta dorrearen artean, XIV. mende inguruko harresi baten aztarnak azaleratu dituzte. Harresi horrek 0¿65 metro inguruko lodiera izango zuen, eta hainbat hormatalez eta dorre biribilez osatutakoa behar zuen. Oinarri batzuk ere aurkitu dituzte. Ziurrenik, XV. mendean dorre nagusiari erantsi zizkioten jauregiei eta gainontzeko egurrezko eraikinei zegozkienak izango dira. Bestalde, lubanarroa iparraldean bakarrik ikusten da, gaur egun.

San Martin baseliza, Salazar leinuaren adar genealogiko bati izena ematen ziona, desagertu egin zen.

Muñatones

Gazteluaren marrazkia egitura, eta zaharberritzeko lanak hasi baino lehenagoko egoera erakutsiz. (Eusko Jaurlaritza: Monumentos Nacionales de Euskadi, 2. liburukia, 1985. urtekoa)

Iristeko

Petronor petrolio iraztegiek eta jauregiak hiru aldetatik inguratzen dute gaztelua. Gertuagotik ikusteko, enpresaren bulegoetara inguratu behar da. Horretarako, lantegiaren lehenengo sarrera igaro beharra dago, eta bigarrenera iritsi baino lehen eskuinetara hartu. Oraindik ere zaharberritze lanetan ari dira, eta urteak pasako dira bisitatzeko moduan egon baino lehen.

Muñatones

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk