Itzuli orri osora

Lizarrako gaztelu multzoa

FITXA

Udalerria: Lizarra

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

XI. mendetik aurrera, idatzietan ageri da Lizarrako jaun bat, tokiaren garrantziaren lekuko. Ega arroaren erdialdean, Lizarran hasten dira hainbat haran eta bide, eta bera ere komunikazio lokarria da, Urbasa-Andia mendilerroen eta Ebroko erriberen artekoa. Beraz, ez da harritzeko Pui santutegiaren inguruetan gaztelu bat egotea Berant Erdi Aroko hasieran, baina hemen jasotzen dena geroagokoa da, Ega eskuinaldean sortu zen hiriaren gainean eraiki zuten gaztelua da (gerora, gaztelu multzo bilakatu zen).

Lizarra eskualde baten buru bihurtu zen, Estellerriko buru (garai bateko Deierriren oinordeko), eta Nafarroa mendebaldetik defendatzeko herri nagusia izan zen, gehienbat XIII. mendetik aurrera, Nafarroa inguruko erresumen presioa jasaten hasi zenean. Gazteluaren egitekoa, beraz, ez zen soilik hiria babestea; eskualdea eta erresuma defendatzeko ardura ere bazuen. Horrez gain, ibar-jaunaren egoitza ere bazen, eta horrek betebehar batzuk zituen berekin; gainera, errege-erreginek barnean jauregi bat eraiki zuten, eta horren erabilerak ere baldintzatuko zituen gazteluaren egitekoak.

Berez, hiru gaztelu aipatzen dira Lizarratik hego-ekialdera den mendian: Zalatanbor, Belmetxer eta Talaia. Lizarrako gaztelua edo gaztelu nagusia izendatzen denean, pentsatzeko da Zalatanbor izango zutela gogoan, nahiz eta biak bereizten diren. Izan liteke, halaber, Zalatanbor soilik Haitz Txikin kokatzen zen esparrua izatea. Egungo toponimoek ere adierazten dute gaztelu bat baino gehiago zeudela:¿Gazteluen gurutzea¿, ¿Gazteluen gurutzearen haitza¿, ¿Gazteluen bidea¿, ¿Gazteluak¿¿

Lizarrako gaztelu multzoa

Belmetxer: ikuspegi orokorra, Gaztelu Nagusia-Zalatanborretik begiraturik (mendebaldetik). (2001)

Historia

Antso V.a Ramirezek (erregealdia Nafarroan 1076-1494) Lizarra berri bat sortu zuen kanpotarrentzat, Ega ibaiaren eskuinaldean, eta haraino eraman zuen Donejakue bidea. Agirietan, Stella izena agertzen da bertako jauna izendatzen dutenean;1084tik aurrera, adibidez, Lope Arnal izan zen. Geroago, 1090ean, errege berak forua eman zion herriari.

Ez dago jakiterik Stella sortu baino lehen gaztelu bat zegoen Ega ibaiaren alde horretan, baina hirigune berri hori mendiaren behealdean hedatu zuten eta harresiz gotortu zuten, eta, egia esan, gaztelurik ez bazen, beharrezkoa zitzaien eraikitzea, herria defendatu ahal izateko. 1135eko agiri batean (gazteluko aziendak bazkatzeko erregeak eginiko dohaintza baten ingurukoa), gaztelu bakar bat bezala aipatzen da Lizarrakoa. 1141ean, Clunyko abadeak bere bidaiaz idatzi zuenean, zera idatzi zuen Lizarra berri horri buruz: "Bada Nafarroan gaztelu bikain eta famatu bat..." Geroztik, gaztelu hori zabaldu egin zuten ekialdera eta hegoaldera, eta hiru gaztelu gune eratu (Gaztelu Nagusia-Zalatanbor, Belmetxer eta Talaia).

Zalatanbor (Zaratambor ere bai) izango zen mendiko lehenengo gaztelua, ¿zeinak San Pedro elizarantz ematen baitu¿; askotan gaztelu nagusia deitzen zitzaion, edo Lizarra ere bai, besterik gabe. XVI. mendeko gaztelarren hainbat agiritan, bereiz agertzen dira Lizarrako gaztelua eta Zalatanbor. Lizarrako gazteluzaina, gehienetan, Lizarrerriko ibar-jauna zen; XIII. mendearen bukaerako agiriek Belmetxerren gazteluzain bat zegoela hasten dira esaten, eta XIV. mendearen hasieran beste bat Zalatanbor gazteluan. Azken honen urteko soldata ikusita, 20 sos eta 5 kaizakoa 1355ean, Zalatanbor gaztelu nagusiaren osagarria zela pentsatu beharko da.

Belmetxer (Belmerchet, Belmerche, Belmerches, Belmechete, Belmerchete¿) izenak asko gogoratzen du Beaumarche gobernadorearen (1275-1277) deitura, eta urte horietan hasten da, gainera, gaztelua agertzen agirietan. Ezagutzen dugun lehenengo gazteluzaina Johan Breton da (1294. urtean agertzen da). Lizarrako gazteluaren ekialdeko osagarri gisa eraikia, hiriaren ekialdeko muturra eta judu auzoa gotortzeko eta babesteko ere balio zuen. Gainerako gazteluak baino lauago zenez, garrantzi berezia izan zuen. 1343ko konponketetan, harginek judu auzoan erori ziren hainbat etxetako harria hartu zuten. 1462an, Joan II.ak (1425-1479) Nikolas Txabarri Iruñeko gotzainari eman zizkion Belmetxer gaztelua eta Lizarrako judutarrek urtero ordaintzen zituzten 380 libera. Geroago, apezpikuak Joan Egurbideri eman zion dohaintza hori, eta Leonor erreginak ontzat jo zuen, 1470ean. Egurbide horrek, 1463an, Lizarra defendatu zuen gaztelarren aurka, eta 574 libera gastatu zituen Belmetxer gotortzeko.

Talaia gaztelua mendi gotortuaren triangeluaren hirugarren izkinan zegoen, hegoaldeko harkaitzetan. Agirietan bera agertzen da gutxien; gazteluzainik zuenik ere ez diote, eta gaur egun ere ezezagunena da, ez baitute zehaztu zein zen bere barrutia. Izenak berak erakusten du gune horrek zein egiteko zuen, bereziki (mendia gotortzeko ere balio zuen, noski). Beharbada, dorretzar bat zen, besterik ez.

Hiru gune horiek murruz loturik zeuden, eta Rua auzoko harresiari eta bertako eliza eta komentu gotortuei lotzen zitzaizkien. Defentsa sistema handi horretan, murruak nahastu egiten ziren. 1429an, esate baterako, harresian dorre bat eroria zegoen, baina herritarrek ez zuten konpondu nahi, dorrea Belmetxer gazteluari zegokiola esaten baitzuten eta ez judu auzoari.

Lizarra herriak eta gazteluek gainerakoek adina gorabehera izan zituzten Erdi Aroan. Horrela, Alfontso VIII.aren 1199-1200ko mendebaldeko konkisten ondoren, Lizarrak ez zuen amore eman, ezta 1206an ere, Diego Lopez Haro II.a Bizkaiko jaunak han aterpe hartu bazuen ere. Gaztelarrek 1378an ere ez zuten helburua lortu, nahiz eta herria eta gaztelua hesituta eduki. Baina 1379an, Brionesko itunarekin, Remiro Sanchez Arellanok, orduko gazteluzainak, nafar hiritartasunari uko egin behar izan zion, eta Gaztelako erregearen zerbitzupean jarri zuten gaztelua. Beren esku jarraitu zuen gazteluak, eta 1387an, gazteluzaina bera Gaztelara joan zen negoziatzera, Lizarra, Tutera eta San Vicente de la Sonsierra berriz Nafarren eskuetara itzul zitezen.

XV. mendeko gerra zibiletan, gaztelarrek berriro muturra sartu zuten Nafarroan. Leinuen arteko istiluetan, beaumondarrek gaztelua hesitu zuten 1429 eta 1444an. 1460an, Etxauzko Joan Baigorriko bizkondea gazteluzain zela, beaumondarrek eta gaztelarrek hartu zuten gaztelua, baina berehala berreskuratu zuen Joan Fernandez Bakedanok, Ekalako jaunak. Geroago, Frantziako Luis XI.ak emandako epaiaren ondoren, Gaztelako Enrike IV.a Lizarra hartzen saiatu zen 1463an, baina berriro gaztelarrek huts egin zuten. 1475ean, berriz, Peraltako Pedro saiatu zen gaztelua defendatzen, baina Lope Bakedano ibar-jaun beaumondarra gailendu zitzaion. Hurrengo urteetan, Nafarroako erregetzaren ahuleziaren lekuko izan zen gaztelua.

Hasieratik, gazteluen egiteko nagusia Stella hiribildu sortu berria babestea zen, baina laster Lizarra osoa eta eskualdera bera babestea egokitu zitzaion, gehienbat eskualdea muga bihurtu zenetik. Argitaratutako agiri batzuk erakusten digute noraino iristen zen gazteluen eragina XIV. mendean. 1364ko agindu batek Allozko, Lakarko, Murugarrengo, Azkonako, Abartzuzako eta beste herri batzuetako nekazariei betebehar bakarra ezartzen zien: astero zerga bat ordain zezatela Lizarra gotortzeko, eta gainerako lanetatik salbuesten zituen (gotortzeko lanetan aritzetik, gaueko zaintza egitetik, egurra eramatetik...). Larrialdietan, inguru horretako biztanleek Lizarrara jotzen zuten babes bila.

Militar arloaz gain, eskualdeko egitura administratiboan ere garrantzia zuen Lizarrako gazteluak, gehienbat Erresuma merinaldeetan banatu zutenetik. Ibar-jaunaren egoitza zenez, lapur eta hiltzaileez gain, bestelako presoak ere bazeuden gazteluan. Ezkontzaz kanpo seme-alabak izan zituztenak, esate baterako; eta bestelakoak ere bai: 1339an, adibidez, Parisko Johan erresumako diruzaina eta Johan Leioz apaiza preso eduki zituzten, beste batzuen artean, euren jarduerak ikertzen zituzten bitartean. Zalatanbor gazteluan bazeuden ziegak, Malaivas izen adierazgarriko dorrean, eta Belmetxerren ere bai, 1321ean eraikiak. Gazteluan, jendea preso edukitzea gain, hiltzera zigortu zituztenak bertan hiltzen zituzten. Agirietan geratu dira izen eta abizenez dorreetatik botatako presoak, urkatuak, laurdenkatuak edo ibaian itoaraziak. 1314an, 22 gizonezko urkatu zituzten, 8 ito zituzten eta 2 emakumezko astindu eta belarriak moztu zizkieten, erresumako diruzain nagusiak eginiko estatistika baten arabera. 1339an eginiko inbentario baten arabera, 15 lepoko zeuden, burdinazkoak, presoak atxikitzeko (¿burdinazko hamabost lepoko, presoak kolkotik atxikitzeko¿).

1331n, badirudi zazpi gipuzkoar (¿VII moços ypuçcoanos¿) gazteluan izan zirela, 15 egunez. Lukuzeko Pedro ibar-jaunak kontuak egin zituen, zenbaterainoko gastua sortu zuten zehazteko, eta horri eskerrak dakigu. Nafarroako gobernadorearen eta Lazkao leinuaren arteko hitzarmenaren berme gisa zeuden gazteluan.

Lurralde egituraketa hala egin zutelako, Estellerriko nekazariek gaztelura joan behar izaten zuten zergak ordaintzera (garia eta garagarra eramatera), Belmetxerrera bereziki, eta gaztelu horren eta gaztelu nagusiaren hainbat gela aletegi gisa erabiltzen zituzten. Dirutan ordaindutako zergak ere gordetzen zituztela dirudi, agiriren batek hala pentsarazten du, behintzat.

Erresuma osoari bestelako hainbat zerbitzu ere eskaini zizkioten gazteluek mendeetan. Horrela, hainbat gaztelutan bezala, Nafarroako Gorte Orokorrak Lizarran bildu izan ziren behin baino gehiagotan. Guilhem Anelierrek bere okzitanierazko bertsoetan aipatzen du 1275eko bilkura, Nafarroako Gudua piztu baino lehenagokoa, Beaumarchais gobernadore berriarentzat seguruago baitzen gaztelu batean biltzea eta Lizarrakoa egokia zen nonbait: ¿Eta Lizarran, non gaztelua den eder eta atsegin, nahi dut parlamentua bil dadin.¿

Nafarroako errege-erregina gehienak ere etortzen ziren Lizarrara zenbait alditan, behin betiko egoitza gisa hartu gabe. Agiriak aztertu dituztenek esaten duten Teobaldo I.a (1234-1253), errege zela, gutxienez 19 aldiz etorri zela Lizarrara, eta Teobaldo II.a (1253-1270) eta Enrike I.a (1270-1274), 9 aldiz.

Horretarako, gazteluan errege-erreginentzat jauregi bat zegoen, Nafarroako dotore eta erosoenetako bat, Tuterakoarekin batera. Errege-erreginen sendien pasarte ezagun batzuk bertan gertatu ziren. 1273an, Enrike I.a erregearen premua, Teobaldo III.a izango zena, eta haren inudea almenetatik erori ziren. Karlos III.aren (1387-1425) bi seme ere Lizarrako gazteluan hil ziren, Karlos premua eta Luis infantea. Errege horren alaba bat, berriz, bertan jaio eta bataiatu zuten, 1396an. 1412an, erregeak, erreginak eta alabek Lizarrako hainbat etxetan hartu zuten ostatu (badirudi ordurako bazterturik zegoela gazteluko jauregia).

Erresumako gobernadoreek ere gaztelua ostatu gisa hartzen zuten Lizarrara etortzen zirenean, eta audientziak ematen zituzten bertan.

Lizarrako gazteluak erresumako agiriak ere gordetzen zituen, garai batean behintzat; badakigu Martin Periz Caseda notarioak, 1329an inbentario bat egiteko, Tuterara eta Iruñera joateaz gain Lizarrako gaztelura ere etorri behar izan zuela. Lizarran, agiriak Salbatore kapera gordetzen ziren. Beharbada, Lizarrako agiritegia hustu egin zuten 1361ean; izan ere, urte horretatik aurrera, agiri guztiak Tiebasko gazteluan biltzen hasi ziren.

Gaztelarren eta aragoarren behin betiko erasoarekin, 1512ko abuztuaren 15ean Lizarra herriak amore eman zuen, eta, ziurrenik, gazteluek ere bai. Urte hartako udazkenean, Nafarroako erregeen kontraerasoa hasi berria zenean, urriaren 21ean Lizarra altxatu zuen Joan Ramirez Bakedanok, Ameskoabarrengo San Martin gazteluaren jabeak. Hurrengo egunetan, Iruñetik eta Errioxatik etorritako gerrariek herria hartu eta gazteluen eskualdea hesitu zuten. Zalatanborko defendatzaileek gaztelua eman zuten, gazteluzaina balaz hil ondoren, eta Beaumondarrek eta gaztelarrek Belmetxer hartu ondoren, San Martingo jaunak etsi egin zuen, urriaren 30ean. Beste bertsio batzen arabera, Belmetxer izan zen azken gotorlekua, eta beste zenbaiten aburuz, defendatzaileen buruak Deio gaztelura igaro ziren borrokan jarraitzeko.

Hirugarren saialdian, 1521ean, Lizarra herria berriro Nafarroako erregeen alde jarri zen, eta gerrari gaztelarrak gotortu egin ziren gazteluan, baina kanoiak ikusita, etsi egin zuten. Gero, Logroñotik etorritako espainiar gerrariei aurre egin zieten Leon Garrok, Zolinako bizkondeak, gidatutako defendatzaileek egun batzuez baina amore eman behar izan zuten. Lizarrako gaztelua eskuratua, Oteitzako Baigorritik Noain aldera jo zuten konkistatzaileek.

Lizarrako gaztelu Nagusia edo Zalatanbor ez zuten suntsitu; are gehiago, gaztelarrek konponketa eta hobekuntza lanak egin zituzten 1513tik aurrera. Zuritak esaten du Belmetxer, adibidez, eraitsi egin zutela. 1514an, hainbat konponketatarako 100.000 marabedi eman zizkioten Hernando Villalba koronelari. Albako dukearekin etorria zen Nafarroara, eta Lizarrako gazteluzain izendatu zuten; 1516tik aurrera, berriz, Nafarroako gazteluen suntsitzaile bihurtu zen, Cisneros kardinalaren aginduz. Lizarrako gazteluan hil zen Villalba, ziurrenik Leringo kondeak pozoiturik eta ez San Migelen mendekuagatik. Gaztelarrek jarritako hurrengo gazteluzainak (1517-1572 urteetan) Gebarako leinukoak ziren, Pedro Velez Gebara, Iñigo Gebara eta Jose Gebara, hiru belaunaldiko aita-semeak. Azkena erregeorde ere izan zen Nafarroan (1564-1567). 1558an gaztelua egoera txarrean zegoen. Urte horietan castillaje izeneko zergak hainbat istilu eragin zituen gazteluzainaren eta bizilagunen artean.

Hurrengo urteetan, indarrak Iruñean biltzeko joera areagotu egin zen, Pirinioetako muga berria zaintzeko, batik bat; 1572an, orduko erregeordeak, Vespasiano Gonzagak, Lizarrako gaztelua leherrarazteko agindua eman zuen, eta han zeuden 50 edo 60 gerrariak hiriburura eraman zituzten. Leherketaren ondorioz, harriak erori ziren menditik, eta San Pedro Ruako klaustroaren bi alde suntsitu zituzten, eta Felipe II.a errege espainiarrak, 1575ean, gazteluko harria eman zion Cortesko markesari klaustroaren kalteak konpon zitzan.

Hurrengo mendeetan jende askoren salaketak izan ziren, eta horietan jakinarazten zuten zenbait jendek etxeak egiteko erabiltzen zuela gazteluko harria. Horretaz gain, Karlistaldietan bi aldeko gerrariek txandaka mendia hartu zuten Lizarra defendatzeko asmoz. I. Karlistaldian gotorleku bati Gazteluen gurutzea deitu zioten.

Lizarrako gaztelu multzoa

Gaztelu multzoa, iparraldetik begiraturik. Argazkiaren erdian, Santo Domingo komentua eta Santa Maria Jus del Castillo eliza. Horien gainean, Belmetxer gazteluko muinoa. Argazkiaren eskuineko harkaitzetan, Gaztelu Nagusia-Zalatanbor. Haitz horien gailurreriaren bukaeran, Talaia gazteluko mendia dago, lepo txiki baten gainean. (2001)

Egitura eta aztarnak

Gazteluek triangelu forma osatzen zuten, Euskal Herrian horrelako multzo bakarra eratuz. Mendebaldean Gaztelu Nagusia-Zalatanbor zegoen, ekialdean Belmetxer, eta hegoaldeko gainaldetan, Talaia. Kanpoan, mendebaldean, iparraldean eta ekialdean, San Martin edo Rua judu auzoa, hainbat komentu eta elizaz gain.

Gaztelu Nagusia-Zalatanbor San Pedro Ruako elizaren gaineko harkaitzetan hedatzen zen, eta geratzen diren horma zatiei eta dorreen oinarriei esker deskripzio orokor bat egin daiteke. Oin biribileko dorre nagusia eta bere barrutia tokirik garaienean zeuden, eta inguruan, maldan behera, beste hiru barruti gehiago. Horma zatiek eta dorre zilindrikoek ixten zituzten barrutiak. Beheko barrutia Haitz Txikiraino luzatzen zen, eta bertan beste esparru bat bazuen, bi muturretan dorre karratuaz gotorturik. Beharbada, hori zen bereziki Zalatanbor gaztelua. Hainbat lotura nabari daiteke oraindik Ruako San Pedro aldera, Talaia, Belmetxer eta Santo Domingo komentuaren aldera. Aztarna apalak dira, baina indusketak agerian hasi dira uzten dorre eta harresien zati gehiago. Aipatzekoa da ia zazpi metro luzeko soto bat aurkitu dutela, haitzean landua (zein erabilera zuen ez dakigu).

Agiriek baieztatzen dute egiturari buruz esandakoa, hainbat harresik eta dorrek barruti batzuk egiten baitzituzten, eta ate eta azpi-ate batzuk zeuden. Dorre batean ziegak zeuden, eta beste batean, Salbatore izeneko kapera. Azken dorre hau gazteluaren goialdean zegoen (Villalba koronelaren garaian izena aldatu zioten, eta San Migel deitzen hasi zitzaizkion). Dorre nagusian goiko ur biltegia deitzen zutena zegoen. Konponketei buruzko agirietan, gazteluak hiru sukalde bazituela esaten da. Gaztelu Nagusi honek barne hartzen zuen errege-erreginen jauregia. Tamalez, aztarnek ez dute ondo adierazten gazteluaren gotortasuna. 1362an, esate baterako, horma zati bat konpondu zuten (50 beserdiko zatia; 25 metro inguru), eta badakigu garaiera handia zuela, 29 beserdikoa (15 bat metro).

Haitzaren hegoaldera jaitsi ondoren, Belmetxer edo Talaiara joan daiteke.

Belmetxerko goialdea trapezio itxura duen zabaldi bat da, eta izkinetan dorre angeluzuzenak ditu. Oraindik nabari dira harresien eta dorreen aztarnak. Arkeologoek oin biribileko dorre baten aztarnak antzematen dituzte goiko barruti horretan, nahiz eta agiri batek izkinak aipatzen dituen dorre nagusian. Bestalde, agiriek diote gaztelu osoan hainbat dorre zeudela, eta bi harresi ere bai, hainbat ate eta azpi-aterekin¿ Belmetxerri buruzko agirietan, zulo edo erretena eta harresi aurreratua ere ageri dira. Dorre bati usategia esaten zioten, eta ziegak, labea, zalditegia, baratzea eta kapera ere bazirela badakigu. Sukaldea eraikin bereizi batean zegoen. Agiri batean, goiko barrutiari (¿corral suso¿) esaten diote, bat baino gehiago egongo balira bezala; beharbada, egun ekialdean ikusten diren esparruak gazteluari zegozkion.

Dena den, Ordoiz edo Iruñerako errepidetik ikusten diren harresi ikusgarrien aztarnak mendia inguratzen zutenari dagozkio, eta ez Belmetxer gazteluari, nahiz eta zati luze batean gazteluaren behealdea izan. Dena den, oraindik ikerketa sakona egitea falta da.

Triangeluaren hegoaldeko izkinan zegoen Talaia izeneko gotorlekua, 537 metroko kaskoan. Gaztelu Nagusira lotzen zuen harresia ia galdu egin da, baina Belmetxerrekin lotzen zuena agerian geratzen da hainbat tokitan, gehienbat Talaia aldera, bi dorrerekin. Talaiak ere triangelu itxura zuen.

Multzo horretatik at, Talaia zegoen gailurrerian aztarna gehiago bazeudela esaten dute, eta ekialdeko maldan ere bai, Etxabarrirako mendateraino eta tontorrik garaienetaraino.

Lizarrako gaztelu multzoa

Talaia gazteluaren zatirik garaiena, kanpotik begiraturik. (2001)

Iristeko

Autoz hurbiltzeko, N-111 errepideko 43 kilometroko zedarri ondoan, Santo Domingo zaharren egoitzarako errepidea hartu behar da (Iruñetik tunelera iritsi baino metro batzuk lehenago, ezkerretan). Bestela, Lizarra herriko edozein tokitatik oinez joan daiteke. Santa Maria Jus del Castillo elizako mendebaldeko fatxadaren aurrean eta transformadore baten ondoan, hasten da bidezidor bat eta, tunelaren ahoaren gainetik igaro ondoren, Haitz Handiren eta Haitz Txikiren arteko mendate batera doa; hortik joanez gero, gaztelu Nagusia-Zalatanborren hasiko dugu bisita.

Lizarrako gaztelu multzoa