Itzuli orri osora

Gebara

FITXA

Udalerria: Barrundia

Herrialdea: Araba

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Mendikate baten amaierako tontor batean daude gotorlekuaren hondakinak. Barrundia ibaiaren eta Zadorra ibaiaren ibarrek erdian hartzen dutela dago mendikate hori. Tontor horren behealdean daude Ozetako herria, Elgea Mendilerroa iparraldera duela, eta Gebara herria.

Gaztelu pribatua izan da beti, Gebaratarren leinuarena. Gebaratarrek beren egoitza eta administrazio-etxe gisa erabili izan zuten beheko jauregia, azkeneko mendeetan behintzat.

Gebara gaztelua

Gazteluaren hegoaldea, ekialdetik begiratuta.(1999)

Historia

Bada beste aztarna eta aztarnategi aipagarririk ere inguruan: herrixka prehistorikoak (Santa Luzia, Aldaia…), erromatarren garaikoak (Astorga - Bordele galtzadarenak, Gebala…), Goiz Erdi Aroko Espikulatxe herria eta nekropoli militarra, besteak beste.

Gebaratarren leinuak bi jatorri izan omen litzake, eta IX. mendean biak. Batzuen arabera, Bretainian luke sorrera, hango jaun batzuen ondorengo lirateke Gebaratarrak. Beste batzuen arabera, berriz, Arabako Bela kondeetako bat lukete arbaso. Baina oinarri sendorik ez dago bata zein bestea baieztatzeko. Eta, bi jatorriak elkarretaratu ere egin omen litezke, beste batzuen iritziz. Belaunaldiak sendo samar finkatuz, ordea, XI. mendearen bigarren erdialderaino bakarrik irits gaitezke; Nafarroako erregearen mendeko eta Gipuzkoako jaun zen Orbita edo Vela Aznarez-enganaino, alegia. Dena dela, arazoak daude XIII. mendearen bukaera arteko belaunaldiak zehatz osatzeko ere.

Leinua non-nahitikoa dela ere, herriaren izenetik hartu zuten deitura, XIII. mendearen hasieran (Gebarako Velez, Gebarako Ladron…). Alabaina, ez dakigu noiz finkatu ziren Gebaran, noiz hartu zuten hori bizileku nagusi. Gebara herrian zituzten ondasunei Oñati, Leintz bailara eta Gatzaga gehitu zitzaizkien geroago, eta baita Barrundia, Egiraz eta Araia ere.

Gebara leinuburuek harreman handiak izan zituzten Nafarroako, Aragoiko eta Gaztelako erregeekin. 1134an edo 1135ean konde titulua bereganatu zuen Nafarroako Ladronek edo Ladron kondeak, Gartzea Ramirezi (1134-1150) Iruñeko Erresuma bereganatzen lagundu izanaren truke. Lurraren jabetzarik gabeko titulua omen zen, Oñatiko konde titulua XV. mendean eskuratu baitzuten.

Gebara gaztelua

Hegoaldeko dorreen aztarnak. 1839. urteko leherketaren ondorioak nabari dira oraindik. (1999)

Gebaratarrak Arriagako Kofradiako kide izan ziren hasieratik, desegin zen arte (1332), eta buru-belarri parte hartu zuten leinuen arteko gatazketan, XII. mendearen bukaeratik liskarrak amaitu ziren arte, XV. mendearen bukaeran; baita Arrasateko erreketan ere (1448). Araban berak ziren Otxoatarren buru, eta han alde zituzten leinuekin (Larrintzar, Lazarraga, Lezea…) Arabako Lautadako ekialdea ez ezik Nafarroarako eta Gipuzkoarako bideak ere kontrolatzen zituzten. Oñaztarrek, berriz, Lautadako mendebaldea eta Bizkairako bideak kontrolatzen zituzten, Mendozatarren bidez. Mendozatarren eta Gebaratarren arteko gatazka horietako batean, Arratokoan, Lope Gonzalez, Mendozatarra, hilik gertatu zen, eta handik urte batzuetara, Diego Hurtado Mendoza, hilaren semea, gerrari talde bat osatu, eta Gebarara abiatu zen, mendeku hartzeko asmoz. Gebarako Iñigok, Arratoko garaileak hori jakin zuenean, Mendozatarrei aurre egitera irten nahi izan zuen, baina zaldia hartu, eta gaztelutik irtetera zihoala, buruaz ateburua jo zuen eta bertan hil omen zen. Ez dakigu ezbehar hori non gertatu zen, Gebaran finkatu zirenetik egoitza non zuten ere ez dakigu eta, geroagokoak baitira gazteluaren eta behean den jauregiaren aztarnak. Gotorlekuak eta gazteluak, hasieran behintzat, leku defendi errazetan eraikitzen zituzten. Leku erosoagoez baliatu izan ziren gero, baina Gebaran gauzak nola gertatu ziren oraingoz ez dago jakiterik.

Aialatarrengandik eta ezkonsaritan berenganatu bide zituzten Gebarako eta Arabako hainbat ondasun. 1352ko irailaren 12an Gebaran izenpetutako ezkontza-agiri baten arabera, Gebarako jaunaren alargunak saldu zituen bost bat urte lehenago: “… gaztelua eta Gebarako herrixka, eta herrixka hartan den etxe gotortua.” Urte hartarako gaztelu bat eta dorretxe bat baziren, beraz; eta hori idatzi zuenak gazteluari eman zion lehentasuna.

Batzuen iritzian, Iñigo Velez Gebarak (1420-1500) eraiki zuen gaztelua, XV. mendearen bukaera aldera. Gazte denbora Erroman igaro zuen, erlijio-ikasketak egiten. 1458tik aurrera, Gebarako jaun izan zen, anaia zaharrenak, ondorengorik ez zuenez berari utzi baitzion oinordekotza, 1455ean. Gebarako gaztelua egiteko, Erromako Sant Angelo gaztelua hartu zuela eredu, esan izan da, baina, oraingoz behintzat, ezin egiaztatuzkoa da hori.

Gebaratarren leinuak Iñigorekin jo zuen goia, Gaztelako Erresuman, baina berarekin hasi zen gainbehera ere, Erdi Aroaren bukaera aldera. Botere handiko jauna izan zen Iñigo; titulu, ondasun eta kargu askoren jabe egin zen, oinordetzaz edo bere merituz.

Alabaina, XIV. mendearen bigarren erdialdeaz gero Gebaratarrek Gatzagako, Leintz bailarako eta Oñatiko biztanleekin zituzten arazoak areagotu ere egin zituen Iñigo Velezek. Besteak beste, garai haietako matxinadak, bortizkeriak, epaiak eta errege ebazpenak dira horren lekuko; baita 1498ko urriaren 13ko agiri hau ere:

“Leintz ibarreko eta inguruetako nekazari onak. Badakizue zuen eginbeharra dela Gebarako gotorlekua zaintzea eta babestea, baita ibarreko gainerakoak ere. Nekatuta zaudetela esan izan didazue, eta horregatik, orain arte ez dizuet eskatu zaintza lanik egin dezazuen; orain, baina, errege-erreginekin joatekoa naiz, urrun gainera; badakizue Gebarako gotorlekua Nafarroatik oso gertu dagoela, eta horregatik, egoki da norbait gera dadin zaintza lanak egiteko. Nik agintzen dizuet, Pero Velez lur hauen jabearen izenean, bidal ditzazuela bi gizon, eta zain dezatela gotorlekua ni itzuli bitartean (erregek nahi duenean itzuliko naiz). Gainerako gotorlekuak zaintzea ere zuei dagokizuen arren, zaintza lan horiek oraingoz utz ditzazuela agintzen dizuet, nik bestelakorik agindu bitartean; nik esandakoa betetzen ez duenari seiehun marabediko isuna ezarriko diot...”

Pedro Manriquek, Naiarako dukeak eman zuen agindu hori, Pedro Velez Gebararen aitona (amaren aldetik), eta berebat haren tutorea baitzen.

Iñigo Velezek bi puskatan banatu zituen bere ondasunak, eta Pedro Velez Gebarari, bere bilobari, egokitu zitzaion Gebarako oinordekotza. Hala erabaki zuten bi aitonek, 1496an eginiko itunean. Naiarako dukeak ematen zituen aginduak, nahiz eta Iñigo Velez Gebarak, itun horren ondoren egingo zuen testamentua (ezagutzen den bosgarrena, eta Valladoliden sinatua 1499ko apirilaren 18an) artean egin gabe eduki.

Goiko dokumentu horretan “Gebarako gotorlekua” aipatzen da, gaztelua den edo jauregia den zehaztu gabe, baina egiteko berri bat adierazten du, aitzakia gisa edo: mugak zaintzea.

Gebarako leinuburuek Gaztelako erregeengandik gertu bizitzen hasi zirenetik ordezko baten ardurapean uzten omen zituzten gaztelua eta jauregia, izan ere, inguruetan pasatzea egokitu zitzaion zenbait bidaiarik idatzi zuenez, aipatzekoak omen ziren bi eraikinetan ziren ondasunak.

Lehenengo Karlistaldiaren hasieran, 1835ean, liberalek gaztelutik bota zituzten karlistak, baina gero utzi egin behar izan zuten. Karlistek bereganatu zuten berriro, eta Aguraingo hiri-harresiaren harria erabili zuten gotortzeko. 1837an 5 kanoi eta hiru konpainia zeuden gazteluan; karlistek beren agiritegi eta biltegi bihurturik zeukaten. Kapera, berriz, parrokia gisa erabiltzen zuten; hala diote parrokiako liburuek. Han zeuden karlistek ez zuten Bergarako Ituna onartu nahi, baina azkenean (1839ko urriaren 18an) hala egin behar izan zuten, 18 egun setiaturik egon ondoren. Bestalde, karlisten erregegaia joana ere bazen-eta Euskal Herritik, zuela 11 egun. Gerra bukatu zenean, Zurbano jeneralak erre egin zituen gaztelua, jauregia eta Gebarako 13 etxe, eta urte bereko azaroaren 30ean, han gorde zuten bolborari su eman eta azpikoz gora jarri zuten gaztelua.

Egitura eta aztarnak

Oraindik ere bereiz daitezke 1839ko leherketaren ondorioak aztarnen artean, harresi- eta dorre-puska dezente baitago gaztelu zenaren jiran edo inguruan sakabanaturik. Suntsiketa baino lehenagoko marrazki batzuei eta deskripzio zehatz bati esker dakigu, neurri handi batean, nolakoa zen lehen.

Karlistek berritu eta gotortu egin zuten, eta pixka bat aldatu ere bai, bide batez. Erdi Aroko hondakin gehiago da, hala ere, eta ia oinplano osoa ikus daiteke oraindik harresiei jarraituz. Gaztelua 45 metro inguru zen luzean, 18 metro zabaleneko aldean, dorre nagusitik berehala. Nahikoa desegina dago iparraldeko harresia, ez hala hegoaldekoa. Alde horretako aztarnak, bai harresiarenak, bai barnean duen galeria gangadunarenak (1’30 metro garaia eta metro bete zabala) eta baita dorre handi biribil batenak ere, nahikoa egoera onean daude oraindik.

Gebara gaztelua

Hegoaldeko dorreen aztarnak. 1839. urteko leherketaren ondorioak nabari dira oraindik. (1999)

Ekialdeko harresiak ere bazuen bere galeria, eta nabari da oraindik, baina gaur egun ezin da bisitatu badaezpada. Harresiaz eta dorreaz aparte, lubanarro bat ere bada ekialdean, harkaitzean ebakia, harresiaren behealdean. Beste hiru aldeetan ez da lubanarrorik, beharrik ere ez zen eta.

Ekialdeko barruti luzea esparru batek bereizten zuen gainerako eremutik. Zati hori igaro behar zen handik dorre nagusira eta bere inguruko barrutira joateko, apur bat gorago baitzeuden. Bi barrutien arteko esparru horretan ziren gazteluko ateak. Hegoaldean ate nagusia, bi dorre karraturen artean, eta iparraldeko harresian, bestea, ate-ordeko gisa erabiltzen zena.

Aipatzekoa da dorre nagusia ere. Arrautza formakoa edo luze-biribila zuen oinean, 10 metro inguru luzean. Bi solairu zituen, dirudienez, eta gangadunak biak. Oraindik ere nabari da ganga baten hasiera. Hala dio Micaela Portillak 1839an egindako deskripzio batean: “Sarrera bakarra du (hegoaldean) eta, hamalau oinetako altueran (lau metro inguru), zulo handi bat dago barrualdeko paretan (igo eta jaitsi egiten den egurrezko zurubi baten bidez igotzen da). Zulo horretatik gorengo mailara (130 oineko altuera izango zuen, 36 metrokoa) eskailera biribil eroso batetik igotzen zen; eskailera horretatik halaber beste hainbat egongela gangadunetara joaten zen: zaintzaileen egongelara, sukaldera, buruzagiaren gelara.”

Gazteluaren mendebaleko muturra desegina dago, bizpahiru horma puska izan ezik.

Iristeko

Toki askotatik ikusten dira aztarnak, baita N-1 errepidetik ere. Etura herritik Ozeta aldera doan pistatik igotzen da. Bide horren hasieran, langa bat dago, eta autoa uzteko tokia. 8 bat minutu oinez egin, eta ataka bat dago. Han, pista utzi, eta ezkerretara dagoen hesia igaro behar da. Handik gaztelura ez du bideak zailtasunik. Eturatik hogei bat minutu behar dira. Gebara herritik ere igo daiteke, leinuaren jauregiaren ondotik igaroz.

Gebara gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk