Itzuli orri osora

Gazteluberriko gaztelua

FITXA

Udalerria: Gazteluberri

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Illon mendilerroaren hegoaldeko maldan da Gazteluberri herria, eta ondoko muino baten gainean, izen bereko gazteluaren aztarnategia. Leire mendilerroa dute aurrean, hegoaldera, eta Aragoiko muga, ekialdean kilometro batera.

Herria gaztelua baino geroagokoa da, ez zuen bestela Gazteluberri izena hartu beharrik. XIII. mendean eraiki zuten gaztelua, Aragoi alderako mugak eta Leire eta Illon mendilerroen arteko igarobidea zaintzeko, eta Erronkaritik Bardearako abelbidea zaintzeko eta babesteko ere bai, era berean.

Betiko igarobidea denez, beharbada inguru horretan gertatu zen musulmanen eta erronkariarren arteko gatazka, eta erronkariarren garaipena. Gero eta argibide gehiago dugu han gertatu zenari buruz, eta beharbada 924ko uztailean izan zen gatazka, eta, historia ofizialak-edo bestela dioen arren, han ez zen emirra hil izango, Yakub ibn Abu Jalid Tuberi, Abd ar-Rahman III.aren buruzagia baizik.

Gazteluberriko gaztelua

Gazteluko dorre nagusiaren aztarnak, mendebaldetik. (2000)

Historia

Teobaldo I.a errege zela (1234-1253) eraiki zutela diote adituek, baina ez dago hala dela ziurta dezakeen frogarik.

Castelnohu izenez agertzen da Nafarroako Agiritegi Orokorreko Kontuen 1259ko diru gora-beheretan. Horien arabera, Migel Jimenez Tabar bi hilabetez egon zen gazteluzain eta bi hilabeteri zegokion soldata eman zioten: 40 sos eta 10 kaiza gari, baina beste 20 libera eskuratu zituen bere jaurgoan gerrari talde bat edukitzeagatik. Gainontzeko hilabeterako Teobaldo II.ak Jimeno Gartzeiz Eusa (Heussa jatorrizkoan) izendatu zuen gazteluzain. 1266an Migel Semenez d¿Urrotz-ek zuen Gazteluberriko eta Peñako gazteluen ardura.

1273an Cascanteko jaunak eta Enrike I.a orduko erregeak (1270-1274) egin zuten ondasun truke batean ¿gaztelu berria sartzen da¿ agertzen da Biotzari herria adierazteko, eta agiri bitan, gainera. Eraiki eta urte batzuetara erreferentzia-gune zen, beraz.

Ez da gazteluak inoiz ekintza handiren batean parte hartu zuen berririk, baina horrek ez du Gazteluberrin beti bake gozoan bizi izan zirenik esan nahi. Martinenak dioenez, bada hango gazteluzainari buruzko ohar bitxi samar bat 1462ko ordainketetan: ¿Gaztelua kendu zioten¿, omen dio agirian, eta ¿kendu (hurtar)¿ gaztelerazko aditzak garai hartan, norbaitek beste bati gerrarik gabe eta harrapaketaz gaztelua ebastea esan nahi zuen.

XV. mendean ere izango zen urte larri samarrik, Nafarroa eta Aragoi elkarren kontra gerran ibili zirenean, adibideaz. 1362an 10 balaztari omen zeuden, badaezpada, gazteluan, eta 20 gerrari oinezko, berriz, 1458ko martxotik maiatzera, Agramondarren eta beaumondarren arteko gerren garaia zen, izan ere eta. Bi aldeek, Foru Orokorraren kontra baina, kanpoko gazteluzaina jarri izan zuten garai horretan. 1460an ¿Joan, Pomar-ko sasikumea¿ esaten ziotena zegoen gazteluzain. Horri kendu zioten gaztelua, 1462an, baina 1471ra arte izan zen gazteluzain.

Ekintza handirik ez, eta ¿berri partikularrik ez¿, Gazteluberrin, baina asko hango konponketez, gazteluzainez eta gastuez.

1276an Otsoa Arrieta (edo Reta) zen gazteluzain, eta Arnalt Guillem Agramonteko jauna izan zen hurrengoa. Gazteluberrik eta Irulegiko gazteluzain izan zen hori. 1300ean, 27 libera gastatu zituzten harresia berregiten-edo, erori egin baitzen, eta dorre nagusiaren estalkia konpontzen. Urte horietan, 8 libera eta 40 kaiza gari zen gazteluzainaren urteko soldata arrunta. 1350etik aurrera, berriz, 6 libera eta 30 kaiza gari, aldi batez behintzat.

Gaztelua indartzen eta gotortzen aritu ziren 1354an. Usteldurik zegoen elizaren eta gazteluaren arteko oholesia eta hura kendu eta harrizko hesia egin zuten. 155 liberako aurrekontua zuten urte horretarako, baina 241 liberako gastua egin zuten konponketetan, eta 200 libera ordainduta libratu omen ziren azkenean. 1387an ere 94 liberako gastua egin arren 75 libera besterik ez zuten ordaindu, faktura handixkoa iruditu baitzitzaien konponketak ikustera joan zirenei.

Badu Asuncion Valenzuelak azterketa bat Zangozako eta Erriberako merinaldeetako 12 gaztelutan 1360an eta 1361n egin zituzten konponketa lanei buruzkoa, eta azterketa horretan agertzen denez Gazteluberrin ere konponketa mordotxoa egin zuten urte horietan: harresiko puska batzuk harriz eta kareorez gotortu, ate nagusia konpondu eta jauregiko, ardandegiko eta sukaldea zegoen eraikineko estalkiak berritu. Sancho Beorieta errege obra-maisuak zuzendu zituen egur-lanak. 193 libera 19 sos eta 2 diru kosta izan ziren lanak, Beorietaren soldata gabe: %72a langileen soldatak pagatzeko, %14a materiala erosteko eta %13 garraio lanak ordaintzeko. Gazteluberrin eta Pintanon aritu ziren langileek gainerako gazteluetan aritu zirenek baino gehiago kobratu omen zuten, gaztelu horiek Aragoiko mugatik gertu, eta joateko eta materiala eramateko, berriz, urruti zeudelako kosta izan omen zen lana besteetan baino gehiago.

Karlos II.aren erregetzako urteak (1349-1387) gerra urteak izan ziren, eta administrazioak lanak izaten zituen askotan diru irteerak diru sarrerekin berdintzen. zituen askotan diru irteerak eta diru sarrerak berdintzen. Gastu bakoitzari bere irtenbide propioa aurkitu behar izaten zioten sarritan. Gazteluko 1376ko konponketak herriak zor zituen 40.000 frankoetatik eta abereen gaineko zergetatik hartuta ordaindu omen zituzten, esate baterako.

1387an konponketa handiak egin zituzten berriz ere, gaztelua zarpailtzen hasia baitzen berriz ere.

XIV. mendeko gazteluzainak, Aibar leinukoak izan ziren denak, Jimeno Hae (1377-1383) kenduta, eta karguari eutsi zaleak, dirudienez, Aibarko Johanikok, Chico edo Joan Ruiz Aibar-ek, hogeita bost urtez izan baitzen gazteluzain. Baina ordezko batzuk ere izan zituen tarteka. Hori baino lau urte gehiago egon zen Ienego Ruiz Aibar, eta ordezkoetara jo gabe gainera, eta Rodrigo Aibar bere semeak jarraitu zion horri, 1329an.

1471tik aurrera Agiritegi Orokorreko Kontuen soldata-ordainketen sailean agertu izan ziren Gazteluberriko arduradunen izenak, eta ez betiko sailean. Konponketak ere inon arrastorik utzi gabe egin izango zituzten XV. mendean, Martinenak eta Javier Martinez Agirrek ez dute agirietan ezer aurkitu. Eta ez dakigu zergatik ez den agiritegietan ezer agertzen, ez dirudi-eta norbaiti emanda jabetza pribatuko bilakatu zenik.

Gazteluaren egiteko nagusia Aragoitik etor zitezkeen erasoak geldiaraztea eta herritarrak babestea zenez, Nafarroa Gaztelak eta Aragoik osatzen zuten erreinuaren mende geratu zenean, betekizunik gabe geratu zen gaztelua eta suntsitzeko agindua eman zuen Fernando erregeak. 1512an suntsitu zuten, Zurita kronikariak dioenez. Urte horiz geroko berririk ez da, dena dela.

Gazteluberriko gaztelua

Erretena eta aztarnak, iparraldetik begiraturik. (2000)

Egitura eta aztarnak

Gorago esan bezala, Illon mendilerroaren maldan zen gaztelua. Gazteluak lubanarro sakon bat zuen inguruan, menditik edo maldatik bereizteko egina, baina lubanarroa egitean goraturik geratu zen gaztelua zen lekua, tontor moduko bat eratzen zuela. Gaztelua zen lekutik behera hedatzen da herria, hegoaldera.

Gainaren ekialdeko muturrean zen dorre nagusia, eta oraindik ere ikus daitezke haren hiru hormatal. Hormatal horietan ikus daitekeenez landu gabeko harri sendoz egina zen dorrea. Ez zen erabat karratua, 7¿70 metro luze baitira geratu diren hormataletatik aurka daudenak, eta 6¿5 metro luze, horien arteko lotura egiten zuena. 1¿7 metroko lodiera dute, eta 4 metro gora, horma-gunerik garaienak. Garai hartako agiriek adierazten dutenez, bi solairu behintzat bazituen dorre nagusiak. Zurezko eskailera bat igota zuen lehen solairurako sarrera. 18 beserdi edo 9 metro luze zen eskailera. Harlauzaz egina zuen estalkia.

Mendebaldeko muturrean sakonune bat dago, bere garaian ur biltegia izan zen lekua dateke. Ekialdean, iparraldean eta mendebaldean, hiru aldeetan nabari da lubanarroa. Inguruko harresiari dagokionez, berriz, ipar-ekialdean den harri multzoa da bazela gogorarazi diezagukeen aztarna bakarra, ez baita gainontzean harri lerrorik ere. Landaredia ere bada, bestalde, han eta hemen, eta zaila da non zer zen edo izan zitekeen antzematea. Agiriek diotenez, harresiak egurrezko aldamioak eta garitak zituen goian, eta bi dorre laguntzaile ere bai, gutxienez. Harresiak hegoaldean zuen sarrera, dorre baten azpian edo ondoan.

Hegoaldean hilerria egin dute, agerian diren aztarnen eta elizaren artean, eta alde horretako aztarnak azpian hartu dituzte. Gaur egun ez dago herria eta gaztelua zerk lotzen edo bereizten zituen jakiterik. Ezta gazteluak harresi bat eta lubanarroa zituen edo bi harresi zituen jakiterik ere. 1354ko lanei buruz Martinenak dioenaren arabera, elizaren eta sarrerako dorrearen arteko hormatala konpondu zuten urte horretan, eta 100 beserdi edo 50 metro luze zen atal hori eta 10¿5 beserdi edo 5¿3 metro garai. Eta hormaren goiko aldea eta almenak ere konpondu omen zituzten, era berean.

Gaztelua eta herria zerk lotzen zituen jakiteko, berriz, Javier Martinez Agirrek baditu argibide batzuk. Horren arabera, 1360an, gazteluak bere esparru barruan hartu izango zuen eliza, bigarren harresi lerroa egiterakoan, Biotzari aldekoa eta Salvatierrakoa egiterakoan, alegia. Baina, gazteluko kaperari buruzko informaziorik ez da agirietan.

Konponketa lanetako datuetan agertzen denaren arabera, jauregi esaten zioten eraikuntzak, dorre nagusiak, inguruan ziren etxe batzuk, ardandegiak, sukaldea zegoen eraikuntzak eta zalditegiak osatzen zuten gaztelua.

Gazteluberriko gaztelua

Herria, Illon mendi lerroaren magalean. Elizatik ezkerrera, hilerria eta gaztelua zegoen mendia. (2000)

Iristeko

Biotzaritik edo Salvatierra de Escatik joan daiteke Gazteluberrira. Herritik gora joanda dira gazteluaren aztarnak, elizaren atzealdean. Hilerria inguratuz edo beheragotik, Mina etxetik, joan daiteke erreten edo lubanarrora eta gainontzeko aztarnetara.

Gazteluberriko gaztelua