Itzuli orri osora

Gaztelu zahar

FITXA

Udalerria: Baiona

Herrialdea: Lapurdi

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Baionan bertan dago, hiriaren parte handi bat gainbehera hartzen duela, eta harresien babesean. Harresiaren parterik garrantzitsuenetako bat izan da. Hiria babestea zen gazteluaren eta harresiaren egiteko nagusia. Mila eta bostehun urtez bete zuen egiteko hori. Garaian garaiko agintarien egoitza izan zen, bestalde, Baionako eta Lapurdi osoko agintarien egoitza, alegia.

Aurreko beste bi horiekin zer ikusia zuten beste zenbait egiteko ere izan zituen: kuartel, espetxe, bisitari ospetsuen ostatu izatea, besteak beste. Txanpona egiteko leku ere izan zuten garai batean. Gaur egun, militar kontuei loturik jarraitzen du oraindik.

Gaztelu zahar

Ikuspegi orokorra hego-ekialdetik begiraturik. Eskuinekoa da XVII. mendeko zabalkundea. (2001)

Historia

Erdi Aroa bukatu zen arte elkarrekin oso loturik etorri ziren gaztelu honen eta Baionako hiriaren historia. XV. mendearen bigarren erdialdean, beste gaztelu bat eraiki zuten frantsesek, eta hura berria zenez, izenak dioen bezala, Gaztelu Zahar bilakatu zen Baiona Handikoa. Zaharra da izan ere. Erromatarren garaiko gotorlekuaren gainean egin zuten, eta haren hainbat puska erabiliz, bestalde.

Erromatarren garaiaren bukaeran, Baionan zuten egoitza Novempopulaniako tribunoek. 1.000 bat gerrarieko taldea edukitzen zuten beren aginduetara. Gaur Gaztelu Zahar den horretan bizi izan ziren III. mendearen bukaeratik IV. mendearen hasiera arte.

Erdi Aroan ere behin baino gehiagotan baliatu izan ziren baionarrak erromatarren harresiaz eta Ipar-mendebaldeko izkinan zen gazteluaz, Gaztelu Zaharren aurrekoaz. Baionako hiriak ere inguruko lurraldeek bezalatsu jasan behar izan zituen Erromatarren inperioa desegitean hasi ziren erasoak eta eskualde banaketak: normandoek egin zituzten gehiegikeriak, besteak beste.

XI. mendearen hasieran desagertu zen Baskoniako printzerria, Antso Gilermo ondorengorik gabe hil ondoren. 1023. urte inguruan, Antso III.a Gartzes Nagusiak (1004-1035) Lapurdiko bizkonderria sortu zuen. Lapurdi bakarrik hartzen zuen hasieran, eta Nafarroa Beherea ere bai, gero. Baiona zen Lapurdiko hiriburua, eta Gaztelu Zahar izan zen lehenengo 8 bizkondeen egoitza (1023-1193).

1130ko urrian, Alfontso I.a Borrokalariak (1104-1134) hartu zuen Baiona, eta 13 hilabeteko egonaldia egin zuen gazteluan. Gaztelu Zaharren ¿Baionako gazteluan¿ izenpetu zuen Corellako foru agiria, eta han egin zuen bideragarria ez zen testamentu famatua ere.

Bertrand Lapurdiko kondeak (1124-1169) egin zituen Erdi Aro garaiko aldaketarik edo zaharberritzerik handienak gazteluan. Gazteluaren benetako sorrera hura izan zela ere diote batzuek. Dirudienez, bizkondeen garaikoa zen gazteluko esparruaren erdian zen dorretzarra ere.

1152an, Ingalaterrako koroari loturik geratu zen Akitaniako dukerria, Eleonor, Akitaniako dukearen alaba, Ingalaterrako Enrike II.arekin ezkondu eta gero. Hiru mendez (1155-1451) agindu zuten ingelesek Akitanian eta Lapurdin. Eleonorren eta Enrike II.aren semea zen, Rikardo Lehoi-Bihotza. Bertrand Lapurdiko kondeak Akitaniako duke egin zuen hori 1169an, Ingalaterrako errege ere bilakatu zen 1189an.

Gaskoiniako eta Lapurdiko jauntxoak, ordea, ez ziren Rikardo Lehoi-Bihotzekin gustura, eta horrek behin baino gehiagotan egin behar izan zien aurre. 1177koa da jauntxo horien matxinadarik gogorrenetarikoa eta entzutetsuena. Hainbat hiri eta gaztelu banan-banan hartu behar izan baitzituen dukeak. Hamar egunez inguraturik eduki ondoren hartu zuen Baiona, esate baterako. ¿Arnaud Bertrand, Baionako bizkondea¿, Arnaud Bertrand Zaldu Lapurdiko bizkondea zen Baionako matxinatuen buru. Ingelesak administratzen hasi zirenetik, bazterturik zeuden Lapurdiko bizkondeak, eta matxinadak porrot egin ondoren, Baionako gaztelua utzi, eta Uztaritzeko gaztelura joan ziren. Uztaritze Lapurdiko hiriburu bilakatu zen gero. Lapurdiren eta Baionaren arteko banaketa areagotuz joan zen, eta liskarrak ere izan zituzten ondoko mendeetan.

1205ean, Gaztelako Alfontso VIII.aren aldekoek Baiona erre zuten, Gipuzkoa eta Araba hartu ondoren. Errege horrek Gaskonian beste hainbat eskubide zuen emaztearen bitartez, Eleonor, Rikardo Lehoi-Bihotzen arreba zela eta.

XIII. mendetik XV. mendera bitartean atxikimendu handia erakutsi zien Baionak Ingalaterrako erregeei, baina batzuetan gerrarik ere ekarri izan zuen horrek hirira. Merkataritzako gorabeherak zirela-eta liskarrean hasirik, frantsesek eta nafarrek Baiona hartu zuten, esate baterako, 1293an, eta Gaztelu Zaharren gogortu ziren, baina 1295ean hiria bera ere utzi egin behar izan zuten, Ingalaterrako eta Baionako itsas armadak estutu zituztenean. Behin baino gehiagotan izan zen Gaztelu Zahar Baionarren arteko liskarren lekuko, liskarretan edo gatazketan preso hartzen zituztenak gazteluan igarotzen baitzuten atxiloturik igaro beharreko denbora, gazteluko dorrean baitzen hiriko espetxea.

Pedro I.a Ankerra eta Enrike II.a anaiordekoen arteko borrokak ere jasan behar izan zituen gero Baionak: Pedro I.a gazteluan egon zenekoa, Bertrand du Guesclin 1367ko irailean espetxeraturik egon zenekoa, mertzenarioen joan-etorriak, eta Enrike II.a errege garaileak 1374an eta 1377an Baionari egin zizkion setioak, besteak beste.

Oro har XIV. mendekoa zor dio Gaztelu Zaharrek gaur duen karratu zaharraren itxura. Mende horretan txanpona ere egin izan zen, bestalde. 1351ko otsailaren 13an, Baionako Gaztelu Zahar ere -Bordelen ere egiten baitzen- txanpona egiteko erabiltzea erabaki zuten Eduardo III.a Ingalaterrako erregeak eta Akitaniako dukeak, aski horma sendoak zituela eta. Langintza berri horrek emango zituen etekinak hiri-harresia konpontzeko erabiliko zirela agindu zieten baionarrei. 1378an egin zuten lehenengo txanpon saila. Enrike VI.aren erregetza garaia ere egin zuten txanpona beste bitan: 1423an eta 1431ean.

Baiona handituz zihoan eran hiri-harresiak estu geratu zitzaizkion eta egokitze lanetan hasi behar izan zuten. Harresiak berebiziko garrantzia hartu zuen orduan; gazteluaren kalterako, noski. Bestalde, puska berria ere erantsi zioten harresiari; handik aurrera ez zen gazteluaren ondoan bukatuko, Aturri ibaiaren ondorainokoa itxita geratuko zen, beraz. Errobi aldea ere etxez betetzen joan zen, eta harresiaren barruko esparrua ia lehengoa halako bi zabalago bilakatu zen pixkana-pixkana; 8¿5 hektarea izatetik 15 hektarea izatera iritsi baitzen. Errobi ibaiaren eskuinaldean Baiona Ttipi eta beste errebal batzuk sortu ziren. Gazteluak ezin zituen, noski, auzo berri horiek guztiak babestu eta bakoitzak bere harresia zuen.

1451ko abuztuaren 21ean, frantziar gudarosteak sartu ziren hirian eta beste gaztelu bat eraikitzeari ekin zioten, Mokorroneko muinoan, eta lehengoari Gaztelu Zahar esango zioten aurrerantzean.

Frantziako Luis VII.a erregeak bi egonaldi egin zituen gazteluan, 1462ko maiatzean, bat, eta 1463ko apirilean, bestea, muga aldera negoziatzera etorrita. Berria egin arren Gaztelu Zahar izan zen agintarien egoitza, aldian aldiko erregeak izendatzen zuen gobernadorearen egoitza, alegia, eta euren aginduetara zuten gudaroste talde bereziaren kuartela ere bai, berebat. XVI. mendearen bukaeratik Frantziako Iraultzara bitartean, Agramont leinukoak izan ziren gobernadore, oinordetzaz heredatzen zen kargua baitzen. Aldi berean, Baionako alkate ere izan ziren horietako batzuk, erregeak berak hala izendaturik: 1486tik 1633ra bitartekoak, esate baterako.

Bisitari ospetsurik egon izan zen gazteluan, eta ez Erdi Aroan bakarrik. Frantzisko I.ak lau egun eman zituen 1525ean, Joan Urbieta hernaniarrak Paviako gatazkan preso hartu ondoren, eta gaztelura ekarri zituzten 1530ean, semeak askatzearen truke agindutako 1.200.000 ezkutuak.

Gaztelu inguruak hobeto prestatzen hasi ziren 1523ko setioaren ondoren. Hiri-harresiari beste harresi lerro bat erantsi zioten kanpoko aldean, gero Frantzisko I.arena esan izan zaiona, hain zuzen. Baina gaur egun alde horretan duen itxura Vauban ingeniariak XVII. mende bukaeran egin zituen berrikuntzetatik eta geroagokoetatik datorkio: baluarte, media luna, contraguardia, hornabeque, glacis, contraglacis¿ hitzak erabili behar dira egin zutena eta Gaztelu Zaharraren inguruan ikusten dena deskribatzeko.

Gaztelua bera ere eraberritu zuten. Badakigu, adibidez, hiru kanoi txiki zirela barrutiaren erdiko dorrea dagoen inguruan, baina beste kanoi-zulo batzuk ere egin zituzten geroago hormataletan eta izkinetako dorreetan beretan. 1619an, beste esparru bat moldatu zuten herri aldera, bi dorre berrirekin. Antonio II.a Agramont leinuko gobernadorearen garaian egin zituzten zabaltze lan horiek. 1619an hasi, eta 1620an bukatu zituzten lanak. Hiria defenditzeko baino areago baionarrak mehatxatzeko eta beldurtzeko eginak dirudite obra horiek.

1665etik aurrera, eta Luis XIV. erregearen aginduz, Baionan leku hartzen hasi ziren frantziar gerrari arruntak, eta kuartel bihurtu zituzten bi gazteluak.

Vaubanenen iritzian (1633-1707) nahikoa eraikuntza eskasa zen Gaztelu Zahar Baiona defenditzeko eta ez zen askorik saiatu alde hori gotortzen; lorioaren erdian zen Floripez izeneko dorretzar hexagonala botarazi baino ez zuen egin, esateko. Dorrea egoera txarrean zegoenez, kanoi kolpekadaz defendatzaileen gainera bota omen zezaketen, gainera.

Frantziako Iraultza hasi zen urtean (1789an) Antonio VII.a zen gobernadore. Gazteluko 4 hegaletatik 2 berak erabiltzen zituen, 41 gela guztira. Hirugarren hegala, 10 gelakoa, gazteluzainak erabiltzen zuen, eta laugarrena, 18 gelakoa, gerrarientzat kuartel bihurturik zegoen. Gaztelu Berrik eta Ziudadelak gazteluzain bana zuten.

Portugal eta Espainia inbaditzeko asmotan zebilen Napoleon I.a. garai haietan. Bere lehenengo egonaldiaren bukaeran eta Marracq jauregian zegoela eman zuen 1808ko uztailaren 20ko Enperadore Dekretua. Dekretu horren bidez, Gaztelu Zaharra suntsitzeko agintzen zion Baionako hiriari, besteak beste, eta ordainetan 200 gerrarirentzat kuartel berria eraiki behar zuela hiriak Gaztelu Berrin edo haren inguruan. Dekretuan agertzen ziren eskakizun batzuk bete gabe geratu ziren. Eta beste batzuk zehazten eta negoziatzen, berriz, urte mordoa pasatu zuten udalak eta Frantziako gobernuak. 1836an, harresiaren puska bat eta lur sail batzuk erosi zizkion hiriak Frantziako gobernuari, Gaztelu Zahar eta Aturri ibaiaren artekoa.

Gazteluaren historia laburbiltzen duen harrizko plaka bat dago gaur egun kanpoko aldean, urrezko letraz idatzia. Historia laburrago bat ere bada, Baionako ondare historikoaren ibilbidean, plaka xumeagoan eta 5 hizkuntzetan idatzia, euskara barne: ¿XI. mende hondarrean Lapurdiko bizkondeak eraikia. Du Guesclin-en presondegia (1367). François I.aren bake isuna hor bildua izan zen 1530ean.¿

Gaztelu zahar

Eraikinaren mendebaldea eta hegoaldea. (1998)

Egitura eta aztarnak

Eraikuntzaren inguruan itzuli osoa egin daitekeen arren, ipar-mendebaldean ezin da urrutiago joan gabe. Oraindik nabari da zer dagokion Erdi Aroko harresiari, eta zer den geroago erantsia. Erdi Aroa baino ondo geroagokoak ditu, adibidez, mendebaldean eta iparraldean dituen gotorlekua, harresi atala eta txapitula, besteak beste.

Gaur egun bi eraikuntza atal karratuk osatzen dute gaztelua. Atal zaharrak oinplano biribileko dorre bana ditu izkina bakoitzean, eta 35 metro inguruko hormatala bakoitzak. Berez erromatarren garaikoak izango dira Ipar-mendebaldeko dorreak, aldamenetako biak eta horien arteko hormatalen beheko aldeak, bere garaian hiriaren kanpoko aldera ematen zutenak; dorreak eta hormatalak, alegia. Baina, hainbeste mendez erabili ondoren, hormen hiruzpalau harri egitura ezberdin baino ez dira geratu, eta hormatalek ere ez dute elkarren antzik. Tartean dorre erdizirkular bat dago, eta hormen zein dorreen harrizko estali berezi batzuk. Ikusgarriak dira alde batzuetan dituen harri landuak. Defentsa berezi batzuk ere bazituen iparraldean zen atariak, kanpoko aldera ematen zutenak. Beste atari bat ere bazen herri aldera, zubi altxagarri batekin. Gaur egun barruti berrian dago hori.

Inguruan zen lubanarroa gaur egun dirudien baino askoz sakonagoa zen bete gabe zegoenean, eta hartzen zailagoa, gaztelua. 10 metro inguruko garaiera zuten harresiek, lubanarroa kontuan izan gabe, eta 2¿20-2¿40 metrokoa zen hormen lodiera. Almenez gotortzea zuen goiko aldea.

Eraikuntza zaharraren ekialdera den harresiari erantsita dago XVII. mendeko atal karratua. Alde horretako luzeraren erdia hartzen du eta hiri aldera zen ataria babesten du. Barruko esparruak oinplano biribileko dorreak ditu izkinetan, eta kanoiak eta su-armak paratzeko zuloak, dorreetan eta hormataletan. Gaur egun alde horretatik du sarrera, Gaztelu Zahar plazatik, alegia.

Orain arte eginiko indusketek adierazten dutenez, eraikuntza zaharraren lorioan zen Floripez dorretzar hexagonala. 17 metroko luzera zuen horma paraleloen artean, eta 3¿50 metrokoa zen zituen hormen lodiera, oinarrietan. Lurreko harri zuriek adierazten omen dute zenbateko perimetroa zuen dorreak.

Gaztelu zahar

Vincennes-ko agiritegiko 1674ko plano bat. Gaztelu Zaharrean Erdi Aroko dorretzarra ere nabari da. Garaiko harresiaz gain, gaztelutik Errobi aldera, hirigunean zehar, erromatarren harresiaren lerrokadura marrazturik agertzen da. (Sendoa argitaraldia. Hiri Buruak. Baiona).

Iristeko

Baiona Handian dago gaztelua, katedralaren eta udaletxearen artean. Udaletxearen paretsuan Thiers kalea hasten da hiri aldera. Katedraletik behera, berriz, Rue des Gouverneurs dator Thiers kalearekin elkartzera, eta kale bi horien mugan dago Gaztelu Zahar. Barrukoa ezin da bisitatu.

Gaztelu zahar