Itzuli orri osora

Gamueko gaztelua

FITXA

Udalerria: Gamue-Zohazti

Herrialdea: Nafarroa Behera

Zailtasuna

Aztarnak

PANORAMIKAK

Panoramika 1

Haundia

Txikia

Kokapena eta Egitekoak

Biduze edo Ereitia ibaiaren arroan, Amikuzeko lurraldean dago. Hiru bizkonterriren eta hiru erresuma ezberdinen mugatik gertu zegoenez, jaurgoaren egoitza gotortua izango zen. Eraiki zenetik 1983 urtera arte pribatua zenez, gazteluaren egitekoak oso mugatuak ziren: leinuaren sortetxea izan, jaurgoaren egoitza eta defentsa izan, eta gazteluko jabearen ondasunak eta errentak gordetzeko tokia izan, besteak beste. Jaurgo pribatua zenez, herriko elizako apaizak gazteluan izendatzen ziren askotan, eta justizia egiteko eta betearazteko lekua ere izan zen. Berant Erdi Aro osoan Gamue leinuaren egoitza izan zen. Leinuak izen horri eutsi zion mende horietan guztietan eta Gamueko nekazariak bere menpe zeuden.

Gamue

Eraikinen multzoa: gaztelua (kaskoan), langileentzako etxea eta eliza, ekialdetik begiraturik. (2000)

Historia

Gamue Amikuze lurralde historikoan dago, Nafarroa Beherako ipar-ekialdean. Gaur egun Amikuzek hiriburua Donapaleu baldin badu ere, inoiz Garruze ere izan du. Lurraldea betidanik izan da bizkonterria.

Lurralde zabalak eta irekiak dira, muga fisiko handirik gabeak, eta X. eta XI. mendeetan hasi ziren jaurgo feudalak sortzen, militar kutsu handiarekin. Jaurgo horiek, zenbaitetan kanpokoek lagunduta, herriko eta haraneko boterea eskuratu zuten. Horrekin batera, monasterio boteretsuen eta Baionako apezpikuaren inguruan hainbat eliza jaurgo jaio ziren. Bestalde, eskualde horretan ere eragina izan zuen Donejakue bideak.

Gamue leinuari buruzko lehenengo aipamena 1060. urte ingurukoa da. Garzia Guilhem Gamue monasterioaren babesle gisa agertzen da Sordeko monasterioko agiri batean. 1120ko beste agiri batean, ¿Raimo de Camou, clericus¿ esaten da, eta baliteke hau ere leinukoa izatea. Gamueko gizakiak eginiko kaskoa garai hartakoa da, dirudienez XI. mendekoa, baina ez zaigu iritsi gainean egongo zen eraikin gotortua.

XII. mendeko azken hamarkadan, Nafarroa Beherako sei lurralde historikoak Nafarroako erresuman sartu ziren banan-banan. 1196ko martxoan Amikuze eta Oztibarreko lurraldeak sartu ziren. Horretarako Tartasko eta Akizeko bizkondeak, Arnaldo Raimundok, lurralde horiengatik leialtasun zina egin behar izan zuten. Jarraian, Bibiano Agramont-ek, 1203ko abenduaren 12an, Erreitiko gaztelua eskaini eta leialtasun zina egin zion Antso VII.a Azkarrari (1194-1234). Nafarroa Beherako hainbat jaunek zin hori betearazteko ardura hartu zuten, eta eurek ere Ebanjelioaren eta gurutzearen zina egin zituzten. Horien artean Gamueko jauna zegoen, agirian Passe Aye de Camo izenez deitua.

1450 urte ingurura arteko Gamue leinuaren berri gutxi iritsi zaigu eta ez dago belaunaldiz belaunaldiko izen kate bat osatzerik. Gamueko Tristanengandik aurrera, berriz, informazio gehiago dago. Gamueko Tristan Gamueko jauna zelarik, Vianako Printzearen zerbitzuan aritu zen 1440 eta 1444. urteen artean. Ondoren, 1450etik 1452ra, Amikuzeko bailea izan zen, eta 1456an Leonor Nafarroako infantaren zerbitzuan ibili zen. Ezkondu, Uharteko Leonor andrearekin ezkondu zen, Uharte eta Sorhapürüko jaunaren alabarekin.

Ezkontza hartatik alaba bat sortu zen: Gamueko Maria. Maria, alaba eta oinordekoa, Fontaner Gramont-ekin ezkondu zen 1453ko maiatzaren 21ean. Fontaner Gramont Gracian Gramont Hauzeko jaunaren sasiko semea zen. Honek hartu zituen Gamue leinuaren segida eta deitura, eta Donibane Garaziko gazteluburu ordea izatera ere iritsi zen. Mariak eta Fontanerrek lau seme-alaba izan zituzten.

Lau horietan bigarrena, Gamueko Espagnon, Labetzeko jauna izan zen, eta laugarrena, amaren izen bera zeraman Gamueko Maria, Sarrikotako Arnaldorekin ezkondu eta Sarrikotako jaurgoaren oinordeko bihurtu zen.

Seme zaharrena eta oinordekoa, Gamueko Gracian, 1500 urte inguruan Lukuzeko Anerekin ezkondu zen. Nahiz eta goiz hil zen, 1505eko abuztuaren 27an, Joan izeneko seme bat utzi zuen.

Joan nerabea zela gertatu zen Nafarroako erresumaren konkista, 1512an hain justu. Baina gaztelarrek ezin izan zuten inoiz Amikuze benetan kontrolatu. Amikuze Donibane Garazitik urruti baitzegoen, eta Iruñetik urrutiago.

Gamueko jauna izateko, hasiera batean osaba Joan eta izeba Mariaren aurka borrokatu behar izan zuen Gamueko Joanek. Eta gero, Sarrikotako Espagnon lehengusuaren aurka. Traba guztiak gaindituta, 1535ko apirilaren 29an jaso zuen Erregearen baieztapena jaurgorako. Gamueko Joan gerraria zen eta Nafarroako erregearekin adostuta, Enrike II Frantziako erregearen (1517-1555) agindupean ibili zen. Hil baino lehen, birraitona eginda, Amikuzeko baile izendatu zuten.

Europan pil-piletan zegoen erlijioaren inguruko liskarra 1567an iritsi zen Amikuzera. Urte horretako irailean, Joana III.ak (1553-1572) Donapaleun jarritako hugonoteburuak kanporatu zituzten. Gerra zibila piztean, katolikoak garaituak izan ziren eta hegoaldeko mendialdetara jo behar izan zuten. Galtzeta-buruko gurutze ondoko bileraren ondoren, eta Donapaleuko Gortea zuzendu eta 3 matxinatu hilarazi ondoren, erreginak amnistia eman zuen, 1568ko otsailaren 28an. Hainbat noble matxinatu amnistia horretatik kanpora geratu ziren. Horien artean Menaud orduko Gamueko jauna, eta bere anaia Joan.

Menaud eta Joan, Gamueko Joanen semeak ziren. Menaud hil zenean, seme-alabarik ez zuenez, Joan bihurtu zen Gamueko jauna. Baina hau ere oinordekorik gabe hil zen, eta orduan Joana arrebak hartu zuen titulua.

Gamueko Joana 1546. urtean ezkondu zen Arbotiko Arnaudekin, Arboti eta Parentiesko Abadiako jaunarekin. Ezkontza horretatik sortu ziren ondorengoek, Gastonek eta bere alaba Paulek, Arbouet (Arboti) abizena hartu zuten, eta beraz, 500 urteren ondoren Gamue deitura galdu egin zen Gamueko gaztelutik. Gassion leinuak hartu zuen lekukoa.

Joan Gassionen garaian, 1660an, Gamueko jaurerria markeserri bilakatuko zen.

Frantziako Iraultza iritsi zenerako Gamueko gazteluko jabeak beste norabait joanak ziren bizitzera. Horretaz baliatuz, Joan d¿Abbadiek, Zuberoako Ithorrots leinukoak, erosi zituen gaztelua eta gazteluari zegozkion ondasunak.

Hala ere, Gamueko gazteluko jabeek herriko elizaren patronatua, XII. mendetik beraien eskuetan zegoena, eta Nafarroako Gorteetara sartzeko eskubidea gorde zituzten. Erdi Aroan, inguru feudal horretako errotako jabeak ere izan ziren.

XIX. mendean, 1850. hamarkadan, gaztelua erre egin zen eta eraikina erdira murriztu zuten, mendebaldeko erdira. Geroztik, ez da inor bizi izan eta aletegi gisa erabili dute.

Udalak, libera baten truke, 1983an erosi zion gaztelua orduko jabeari, Michel d¿Abbadieri. Baina gazteluaren eremuari soilik zegokion salmenta. 1997an inguruko lurrak eta beheko aldean dagoen Borda baserria ere erosi zituen udalak. Borda etxea XIV. mendekoa da nahiz eta XIX. mendean berriz zabaldu zutela eta 1856 data agertu ateburu batean. Etxe horretan gazteluko zerbitzariak bizi ziren. Gaur egun, udal bulego batzuk kokatu dituzte bertan.

Udalak gazteluaren inguruko ekintzen antolaketa eta kudeaketa errazago egiteko Gamue Jauregia izeneko elkarte bat sortu zuen. Gaztelua monumentu historiko izendatuta dago 1993tik, eta 1995ean hiru zundaketa arkeologiko egin zituzten eremuaren ekialdean, oinarriak ikertzeko eta Erdi Aroko eraikinaren hedadura zehazteko.

Gamue

Eraikin gotortua, gizakiak eginiko kaskoa eta inguruko zuloa. (1999)

Egitura eta aztarnak

Gamuekoari Jauregi izena ematen diote eta beharbada eraikina jauregi gotor gisa hartu beharko genuke. Dena den, Gamuekoan ongi bereizi behar dira batetik kaskoa eta lubanarroa, hauek Erdi Aroko gotorleku baten aztarnak baitituzte, eta bestetik egungo eraikina, XVI. mendeko pareta bat izan ezik berriagoa dena.

Alderik ikusgarrienak mendebaldekoa eta hegoaldekoa dira. Bertan ikusten dira XI. mende inguruko kaskoa eta urez betetako lubanarroa. Mendebaldeko leiho handiek beheko solairuaz gain beste bi solairu daudela adierazten dute.

Bi alde ikusgarri horien artean, hego-mendebaldeko izkinan, oin biribileko dorre bat dago, orain barnealdean eskailerak dituena. Gezi-leihoak eta bestelako leiho motak garaiera ezberdinetan irekiak daude. Orain dela urte gutxi dorrearen goialdea egurrez konpondu zuten, erori egin baitzen. Baina amaiera hori zehatz-mehatz nolakoa zen ez dakitenez, ez dute behin betiko konponketarik egin.

Dorreari josita kakategia ikusten da, askotan defentsarako matakan gisa hartu dena. Murruen harrien lanketan ezberdintasun handiak ezagun dira, zenbaitetan leihoen inguruan lan finak egin dira eta beste batzuetan harri pilaketa hutsak.

XIX. mendean eraikina kiskali eta erori zenez geroztik jauregiaren itxura asko aldatu da. Egungo eraikina garai batekoaren erdia besterik ez da. Eremuaren ekialdean, lurrean, oraindik ere ikus daiteke alde horretako dorrearen oinarria zen perimetro zaharra. Baina dorrea zegoen lekuan, orain harri ilara batzuk besterik ez daude. Horiek emandako pisten arabera, lehengo oinak angeluzuzen bat behar zuen. Eta bi dorre biribil zeudeken josita, bata hego-mendebaldeko izkinakoa eta bestea ekialdeko hormaren erdikoa. Hori guztia, kasko batean eraikia eta lubanarroz inguratua zegoen.

Baina hori izango zen XIX. mendera iritsi zena. XIII. eta XV. mendeen arteko gotorlekuak askoz txikiagoa behar zuen, 13¿5 x 10 metro inguruko oin angeluzuzenarekin. Eraikinaren egungo ekialdeko murrua, 1¿15 metro inguruko lodierakoa da eta Amikuze motako harria du, hareharri oso landua. Antzina eraikinaren mendebaldea izango zen. Erreduraren aztarnak nabari direnez, esan daiteke XV. edo XVI. mendean suntsitu zutela gaztelua, eta jarraian egingo zuten egun ikusgai dagoen eraikina. Harria gutxiago landua egoteaz gain, azken eraikuntza horren hiru murruak estuagoak dira, lodiera 0¿65 metrokoa dutelarik. Gazteluaren sorrera lehenagokoa izango zen, XI. edo XII. mendekoa gutxi gora behera, eta kasko eta lubanarroa garai hartakoak izango dira.

Gaur egun, lubanarroak perimetroaren erdia besterik ez du ixten, eta uraren maila euriekin eta iturburu batekin mantentzen da.

Barruko aldea bisita daiteke, ordutegi finko baten arabera edo aurretik hitzordua hartuta. Bi solairuetan erakusketak antolatu dituzte. Beheko solairuan, eskualdeko nekazaritzan erabiltzen ziren lanabesak jarri dituzte. Lehenengo solairuan, Nafarroako erregeen eta gazteluko jabeen berri ematen da. Hau da, Gamue familiaren berri 1635. urtera arte. Ondoren Gassion familiaren berri (1635-1791), Colbert senideekin lotuta. Eta azkenik, Frantziako Iraultzaz geroztik Abadia-Ithorrots senideak dira protagonista (1791-1983). Ez da Arbotiko leinua aipatzen.

Solairu horren erdigunean, Leonardo Da Vinciren eta Francesco Di Giorgioren nekazaritzarako, eraikinetarako eta hainbat alorretarako asmakizunetan oinarritutako tresnen maketak daude, Louis Choury gidariak eginak. Gazteluko bigarren solairua berritzeke dago.

Borda etxeak eta ingurukoak beheko barruti bat osatuko zuten. Bestalde, azpimarratu behar da Gamueko hirigunetik urruti eliza-hilerriak eta gazteluak osatzen duten multzoa.

Gamue

Eraikinaren oina, XVI. mendekoa, Raoul Deloffre eta Jean Bonnefous-en arabera. (Châteaux et fortifications des Pyrénées Atlantiques).

Iristeko

Donapaleutik eta Aiziritzetik, D-29 errepidea hartuta, Gamue herrira iritsi baino lehen dago gaztelua, Zohaztirako bidegurutzean. Gaztelu ondoan, errepidearen beste aldean, aparkalekua eta Gamueko eliza eta hilerria daude.

Gamue