Itzuli orri osora

Falcesko gaztelua

FITXA

Udalerria: Falces

Herrialdea: Nafarroa Garaia

Zailtasuna

Aztarnak

Kokapena eta Egitekoak

Harriaren ondoan den harkaitz zorrotz baten gainean zen gaztelua. Harkaitz horretatik oso urruti ikusten da Arga eta Aragoi ibaien aldera. Gainontzeko aldeetara mendiek ixten dute ikuspegia. 50 metro beherago dago herria.

Herria eta herritarrak babestea zen gazteluaren egiteko nagusia. Larrialdiren bat zen bakoitzean, haziendak hartu, eta gaztelura joaten ziren biztanleak. Herria txikiagoa zen Berant Erdi Aroan, eta hiri-harresia ere bazuenez, gazteluaz, harresiaz eta elizaz baliatzen ziren herria defenditzeko, eliza bera ere oso ongi prestatua baitzegoen horretarako.

Falcesko tenente edo administrazio-buruaren egoitza ere izan zen XI. eta XII. mendeetan.

Falcesko gaztelua

Gazteluaren aztarnak eta haitza, Salbatore baselizatik begiraturik. (2003)

Historia

Ibn al-Atir kronikari musulmanaren arabera, gaztelua eraikia zegoen 860rako; ordurako gaztelu bat bazen, hobeto esan, ¿¿Falash¿san eta bere gazteluaz jabetuz¿ baitio Muhammad I.aren erasoaz ari dela; eta baskoien esku omen zegoen herria. Ez dakigu baskoiek noiz kendu izango zieten gaztelua, baina musulmanek egina izango zen, inguruetan bisigodoek eta erromatarrek aztarnarik ere baden arren. Nafarroako lehenengoetakoa da, dena dela, eta musulmanek IX. mendean muga zaintzeko egina. Mairuen Gaztelua esaten diote herrian, eta arrazoi osoz, beharbada.

875eko aipamen batean agertzen denez, Muhammad ibn Lubb ibn Musa-k gotortu zituen Caparroso eta Falces. Eskualdea musulmanen esku zegoen, beraz, garai horretan; eta hala jarraitzen zuen 907an ere, Banu Kasi leinukoek agintzen baitzuten Tuteran. Baina ez ziren nonbait Oskako musulmanekin ondo konpontzen, Banu Tawil-en aldekoek Falces eta inguruetako beste hainbat herri eta gaztelu suntsitu baitzituzten urte horretan.

915ean, Banu Kasitarrak garaitu, eta Abd Allah preso hartu zuen Antso I.a Gartzeak (905-925), Yabal-al-Bardi-ko gatazkan (Bardea). Hura askatzearen truke Caparroso eta Falces bereganatu zituen betiko. Baina hondamen hark eta ondorengoek Abd ar-Rahman III.aren haserrea eragin zuten, eta 924ko erasoa, gero. ¿[Azkoienen] egun batez geratu ostean, Falcesko gazteluaren aurka jo zuen Al-Nasirrek; aldirietako auzoei su eman zien, eta lur landuak eta ondasun guztiak harrapatu eta suntsitu zituen. Handik, Tafallako gaztelura jo zuen...¿ Hori da Arib Ibn Saad kronikariak idatzi zuena, eta, Alberto Cañadaren arabera, Abd ar-Rahman III.aren gudarosteek Falcesen igaro zuten 924ko uztailaren 13ko gaua. Ez zuten gaztelua hartu, ezta inguratu ere, baina bai soroetan eta etxeetan harrapaketa egin, eta gero haiek erre.

934an Fortun Sanchezek zuen Falcesko gazteluaren ardura. Errege familiakoa zen, eta Toda Aznar erreginak eta Gartzea I.a Sanchez (925-970) haren semeak Abd ar-Rahman III.arekin adostu zuten mendekotasuna gogoko ez zuenez, musulmanen buruzagiari aurre egin zion, haren kanpamenduan. Musulmanen buruzagiak atxilotu egin zuen, baina hala ere irainka jarraitzen zuenez, hil egin zuten azkenean.

Antso III.a Gartzes Nagusiak (1004-1035) 3 administrazio-gune sortu zituen, Tutera alderako mugak finkatzeko: Caparroso, bat, Arlasen, bestea eta Falcesen, bestea. 1033an Fortun Sanchez zegoen Falcesen tenente edo administrazio-buru. Administrazio-buru horietako bakoitzak herri bat eta hango sailak zituen bere eskumeneko.

1119a arte ezin kendu ahal izan zitzaien Tutera musulmanei, eta ordu arte ez zen bake segururik ere izan inguruetan. Hona, garai hartan eta XII. mendean, Falcesko tenente edo administrazio-buru izan ziren batzuen izenak: Sancho Sanchez (1089-1115); Ato Fortuñones (1122); Pedro Mir, 1130ean; Fortun Gartzes Cajal, 1131ean, gutxienez sei gaztelutan tenente izana; Martin Sanz (1144-1147); Garzia Almorabit (1153-1155); Aznar Rada (1161-1166), urte batzuez Valtierrako tenente ere izana; Garzia Uermundez, 1171n, Garzia Uermundez in Falces et in Logronio; Pedro Garzia, 1188an; Pedro Martinez, 1194an, eta Aznar Pardo (1194-1195). Antso VII. Azkarra errege zela (1194-1234) zela, azkeneko hori.

Gartzea IV.a errege zela (1134-1150) egin zuten gaztelu berria, 1138ko agiri batek dioenez: ¿1138an idatziriko gutuna, Falcesen, bertako gaztelu zaharraren gainean eraikiriko gaztelu berrian, Garzia errege dela.¿ Agian ez zuten berri-berritik egingo, baina konponketa handiak egin izango zituzten, agiria idatzi zuenak gaztelu berria egin zutela jartzeko.

1250a aldera errege gaztelu bilakatu zen, eta tenentearen lekua gazteluzainek hartu zuten, handik aurrera. Enenteak baino ahalmen gutxiago zuten horiek. Hona Nafarroako Kontu liburuetan agertzen diren gazteluzainak: Diego Ferrandiz Orisoain, 1265ean, Diago Martinez Morentin 1266an, Gonzalo Gil Urantzikoa 1276an, Garzia Gonzalez Andosilla 1276tik aurrera, Garzia Martinez Uriz 1280an, Alfontso Diaz Morentin 1290ean eta Garzia Sanz Landa 1300ean.

1280ko agiri batek dioenez, Garzia Martinez Uriz gazteluzainak gerrari talde bat ere bazuen bere mende, eta gazteluzainari zegokion soldataz aparte, 100 sos eta 10 kaiza gari hartzen zituen herriak ordaintzen zituen zergetatik. 1355ean, 4 libera eta 20 kaiza gari zen Falcesko gazteluzainaren urteko soldata, garai hartako txikienetakoa.

1366an herriaren gainean den Salbatore eliza konpontzeko agindua eman zuen Karlos II.ak. Honela laburtu zuen Florencio Idoatek Karlos II.ak Erriberrin emandako agindua: ¿Falces gotortzeko lanen arduradunei eta Johan Claveli, parrokiako iltzegileari, agintzen diet, San Salvador elizaren kokapena estrategikoa dela ikusita, herritik gertu baitago, eta hura galtzeak eskualdea bera galtzea ekarriko lukeenez, biztanle guztiak behartu ditzatela herria babestera eta gotortzera, eta horretarako behar duten dirua elizako diru-ontziren batetik har dezatela.¿ Batzuetan aipatu izan dituzte ¿Falces eta bere San Salvador dorrea¿ (1450), Salbatore baseliza ia-ia beste gaztelu bat izango balitz bezala.

1378an gaztelarrak sartu ziren Falcesen eta inguruko herrietan, eta izugarrizko basakeriak jasan behar izan zituzten. Mendean zehar atzeratuz joan ziren Nafarroako Erresumaren mugak, eta berriz ere mugatik gertu geratu zen herria. 1379ko abuztuan, Joan Pasquier notarioa izendatu zuten Falcesko gazteluzain eta herriko baile, eta labearen eta lezda edo merkataritzako zergaren etekinak eman zizkioten. Falcesko gazteluzainaren soldatarekin ezin zen nonbait gaztelua behar bezala defenditu, ala zioen gazteluzain izendatu zuteneko agiriak ere, eta urte berean 80 florin eman zizkioten Joan Pasquier-i, baleztak eta kanoiak eros zitzan. Hurrengo urteetan diru gehiago eman zizkioten, bestalde, gazteluan jarritako gerrariak eta egin zituen beste hainbat konponketa-lan ordain ahal izan zitzan. Eta 1380an, zerga batzuk barkatu egin zizkien erregeak Falcesko biztanleei.

Gaztelua konpontzeko dirua herriko kontzejuak biltzen zuen, 1370ean behintzat, lanak eta ordainketak errege administrazioak kontrolatzen zituen arren, eta gero ere herriak zuen gaztelua zaintzeko ardura, 1415ean egin zen, gaztelu, dorre eta leize gotortuei buruzko zerrenda batean agertzen denez.

Arga ibaiaren ondoko basoetatik ekarri zuten egurra 1422ko konponketak egiteko. 1426an, berriz ere diru pixka bat bildu zutenean-edo, konponketa lanei ekin zioten: putzu ingurua, kapera, teilatu batzuk, bideak eta eskailerak berritu zituzten urte horretan. 106 libera gastatu zuten guztira.

Joan II.aren (1425-1479) eta Vianako Printzearen arteko gerran (1450) erregearen alde jarri zen Falcesko herria, eta 1451n, Fernando Rojas gaztelarrak zuen herriaren defentsa antolatzeko ardura. 59 libera gastatu zituen artilleriarentzat lekuak prestatzen eta gaztelua eraberritzen. Hurrengo urteetan ere aritu ziren gotortze eta hobetze lanetan.

Gerra horretan laguntzeagatik, 1457an Azagra eta Falcesko herria eta gaztelua eman zizkion Joan II.ak Peraltako Pedro Gazteari, galera handiak izan baitzituen honek: Brionesko herria eta gaztelua, ondasunetan, eta 55.000 florin, dirutan.

Joan Lopez Mirafuentes izan zen erregeak izendaturiko azkeneko gazteluzaina, eta 1460koa da azken aipamena, pribatu bihurtu zenetik ez beste izenik Nafarroako Kontu agirietan. Gazteluko dorre nagusian konponketak egin zituztela eta putzurako soka bat erosi zutela jakinarazteko agertzen da urte horretako agirian.

Altadillek dioenez, 1474an -gerra bukatzear zela, eta azkenekoetako gertaera, bera- gazteluak amore eman behar izan zuen Gaztelako gudarosteen aurrean, izan ere, Gaztelako erregea gazteluaren eske zebilen 1471az geroztik. Gaztelarrekin zen Peraltako Piarresen osaba bat ere.

Foixko Isabel, Peraltako Pedroren alargunak, bere lehengusina Katalina erreginaren alde egin zuen testamentua eta hil zenean, 1504an, legez errege-erreginen jabetzako bilakatu ziren Falcesko eta Azagrako jaurgoak, Valtierrako Peñaflor gaztelua eta Cabanillasko Belber etxea.

Baina ez zen testamentua egilea hiltzearekin gauzatu, 1508an ere haren ardura zutenen esku zegoen Falces, eta haiek ordaindu behar izan zituzten gazteluko konponketak eta han zeuden gerrariak. Urte horretan, erreginak Joan Bosquete bere kantziler eta diruzainari eman zizkion gazteluzain kargua eta beste zenbait diru sarrera; 600 dukateko zorra berdindu arte bahintzat.

Nafarroa konkistatu zuenean, Fernando erregeak Alonso Carrillo Peraltari eman zizkion Falcesko gaztelua eta herria, eta hango markes egin zuen, Agramondarrak bereganatzeko asmoz.

Eta Peralta leinukoena zelako ez zuten gero, ez 1516an eta ez 1521ean, gaztelua suntsitu. Marcilla gaztelua ere Falcesko markesaren emazteak salbatu omen zuen 1516an, Villalba koronelaren asmoen kontra.

Harrez gero jaurgo pribatuko izan zen XIX. mendera arte. Mende horietan Peralta leinuko jabea izan zuen gazteluak.

Falcesko gaztelua

Gazteluaren aztarnak, eta haitza eta ingurukoak, hegoaldetik. Behealdean, herria. (2003)

Egitura eta aztarnak

Aztarnarik ikusgarrienak dorre nagusiarenak dira. Gain osoa hartzen dute. Oin oboidea zuen, harlanduz egina hormaren, beheko aldea, eta landu gabeko harriz egina, gainontzekoa. Horma alderik garaienak 6 metro inguru du. Arma-leihoak, matxinelak eta solairu bat osorik ditu oraindik. Iparraldeko muturra erori zenean, beheko solairu gangaduna agerian geratu zen. Goiko solairura igotzeko zulo karratu bat zuen gangan.

Ez dakigu zer egitura zuen gazteluak, baina dorrearen eta harkaitzaren inguruan harresi sendoak zituen, antza denez, eta hiru esparrutaraino, harresiz inguraturik edo harkaitzaren kontra. Ez da ere harresietan dorre laguntzailerik edo egurrezko egiturarik bazen edo ez argi diezaguken paperik.

Oraindik bereiz daiteke non zen goiko esparrua, dorre nagusiaren iparraldean zena, baina oso aldatua dago, eta inguruan zuen harresitik, berriz, ez da hormatal batzuk besterik geratu. Higadurak hondaketa handia egin du dorrearen iparraldeko partean eta galerietan. Oraindik bistan daude galeria baten harlanduak, baina gaur egun ez dago hegoaldera igarotzerik; lur-jauziekin galeria itxita dago, gainera, alde horretan. Hortik omen zen dorre nagusirako sarrera, eta eskailerak eta gelak ere bai.

Historian zehar izan diren gerren hainbat lekuko ere aurkitu dituzte inguruetan. 12 zentimetroko harribala bi, eta hiru harrizko eta bi burdinazko, 1945ean.

Ez dira, gazteluen inguruan bizi diren biztanleek irudikaturiko elezaharrak eta bide misteriotsuak, denak asmakizunak. Falces badira gutxienez bi jendeak ezagutu dituenak: elizako alboko aldare baten atzera irteten dena, bat, eta Mina kaleko etxe batera irteten dena, bestea; XX. mendearen hasiera arte erabili izan zutena. Eta Azkoien aldera doan bat ere badela diote herritarrek.

Falcesko gaztelua

Gaztelua, haitza eta ingurukoak, iparraldetik. (2003)

Iristeko

Falcesa iritsiz gero ez dago harkaitzaren bila ibili beharrik. Mendebaldetik inguratu behar da harkaitza, hegoaldetik iristeko gora.

Falcesko gaztelua

Gaztelu honekin zerikusia duten beste gai batzuk